INFO

Realak bigarren postua defendatuko du Atletico Madrilen kontra

Donostiarrek Wanda bisitatuko dute larunbat honetan (12.00), etxetik kanpoko ibilbide bikainari jarraitutasuna emateko asmoarekin. Ibaiak Alavesen eta Eibarren arteko derbia hartuko du igandean eta Athleticek Rayo bisitatuko du.

Realak etxetik kanpoko partida guztiak irabazi ditu, Barcelonaren kontrakoa izan ezik. (Gorka Rubio/Foku)

Lehen mailako 10. jardunaldia bi neurketa puskekin hasiko da larunbat honetan, sailkapenaren lehen lau taldeak ariko baitira elkarren kontra. Bartzelona liderrak Levanteren bisita hartuko du eta Realak bigarren postua defendatuko du Wanda Kirol Hirian hiru puntutara duen Atletico de Madriden aurka. Jokatu aurretik desagertu daitekeen aldea da, gainera, Espainiako Federazioak jakinarazi dituen zigorren ondorioz.

Kontu horiek agintarien eskuetan utzita, zuri-urdinak euren lanean zentratuko dira, orain arte hain emaitza onak eman dizkiena. Porrota bakarrak, izan ere, aurkari indartsuenen kontra jaso ditu; Bartzelona eta Levante, hain zuzen ere. Sailkapenaren buruko laukotea osatzen duenaren aurka arituko dira bihar, Liga ezin hobe hasi ondoren azken aldi honetan ibilbide dezente irregularra gauzatzen ari den Atletico. Izan ere, garaipen bakarra eskuratu dute madrildarrek azken bost jardunaldietan, Vilar-realen kontra. Bere ahuleziak, hala ere, etxetik kanpo erakusten ditu batez ere. Wandan jokatutako partida guztiak irabazi ditu, Bartzelonaren kontrakoa izan ezik. Zenbaki horiek ez lukete Reala beldurtu behar, hala ere, bereak antzekoak baitira: etxetik kanpo jokatu dituen norgehiagoka guztiak irabazi ditu, Bartzelonaren kontrakoa izan ezik.

Guzti hori kontuan hartuta, Natalia Arroyok «partida polita» espero du. «Etxetik kanpo jokatzea horrelako aurkari baten kontra gustokoa dugu, suspertzen gaitu. Eta sailkapenean euren aurretik egoteak ematen digun konfiantzarekin jokatu ahal izatea ospatzeko modukoa da. Gainera, eurentzat presio puntu bat dagoela uste dut, bigarren postua kendu nahi badigute, estutu beharko gaituzte».

Talde «bertikal» eta «erasoan oldarkorra» denaten aurka, Arroyok «oldarkortasunean» jarri du gakoa. «Baloirik gabeko mugimenduetan agresibitatea edukitzean egongo da gakoa», aurreratu du.

18 jokalari eraman ditu entrenatzaileak Madrilera. Mirari Uria ez da sartu deialdian eta Maddi kanpoan geratu da berriro ere arazo fisikoengatik. Bigarren taldeko Izarne, Elene Lete, Claudia eta Guridi jokalariek bidaiatu dute.

Derbia Mendizorrotzan

Gainontzeko hiru euskal taldeek igandean jokatuko dute. Ibaiak denboraldiko hirugarren derbia hartuko du, lehena Alavesentzat Lehen Mailan, oso aurkari ezagun baten aurka bada ere. Bigarren Mailan hainbat derbi lehiatu ondoren, Eibar da gasteiztarrak bisitatuko dituena (16.00, Teledeporte). Athleticek, bere aldetik, Rayo Vallecano bisitatuko du.

10. jardunaldia

Larunbata
Atletico Madril - Reala (12.00)
Bartzelona - Levante (12.00)
Madril CFF - Huelvako (13.00)
Betis - Real Madril (19.00)

Igandea
Rayo Vallecano - Athletic (12.00)
Vilar-real - Sevilla (12.00)
Alaves - Eibar (16.00, TDP)
Granadilla - Valentzia (20.00)