INFO

Homo sapiensa Penintsulara sartzeko euskal bide berri baten zantzuak aurkitu dituzte

Usategiko (Gipuzkoa) aztarnategiko hainbat tresnaren berrinterpretazioaren ondorioz aurkitutako zantzu berriek iradokitzen dutenez, duela 25.000 eta 20.000 urte bitartean, Homo sapiensa Iberiar Penintsulan sartu zen orain arte ezezaguna zen euskal ibilbide batetik barrena.

Isturitz motako hezur-puntak. (Aitor CALVO)

EHUko Historiaurreko katedradun Alvaro Arrizabalagak eta Erlangen Nurembergeko irakasle Aitor Calvok azaldu dutenez, Iberiar Penintsulara sartzeko aurkitutako bide berriak Txingudiko korridorekoak baino «garrantzia txikiagoa» izango luke, bigarren hori baitzen gehien erabiltzen zena, Bidasoa ibaia gaindituta, penintsularen iparraldean barneratzeko.

Arrizabalagak Efe agentziari azaldu dionez, ohikoena zen «ehiztari bilatzaile talde» horiek kostarekiko paraleloan zihoan bide bat jarraitzea, Gipuzkoako ibairik mendebaldekoenera, Deba ibaira, iritsi arte. Ebro ibarrera iristeko «ipar-hego korridore nagusia» izan zen bide hura.

Mapa honek ikerketak proposatutako Pirinioetako ibilbide alternatiboa eta Pirinioetako bi isurialdeen arteko korridore nagusiak, Txingudikoak, dakarren ibilbidea erakusten ditu. (Oinarrizko planoa: Maite GARCIA-ROJAS)

Aitzitik, orain aurkituriko ibilbide berria erabili zutenek oso bestelako asmo batek bultzatuta jardungo zuten; izan ere, EHUko adituaren arabera, Urbasako kalitate handiko silexa lortu nahi zuten, 70eko hamarkadan Joxe Migel Barandiaran antropologoak Usategin (Ataun) aurkitutako tresnen berrikusketatik ondorioztatzen denez.

Arrizabalagaren esanetan, aztarnategi «txiki samarra» da eta leize horretan silexezko pieza gutxi batzuk eta «oso arrunta ez den» hezurrezko azagaia isturiziar bat aurkitu zituzten. Halako lau baino ez dira ezagutzen Pirinioen alde honetan, baina ohikoagoak dira Ipar Euskal Herrian, gehienak Isturitzeko aztarnategian aurkitu baitituzte.

Usategin aurkitutako silexaren zati bat ere Pirinioetako iparraldetik zetorren; bestea, berriz, Urbasatik.

Teoria berri batek areagotu du misterioa

Datu horien guztien ondorioz, Usategi ehiza gune bat izan zelako susmoa daukate. Leku hori, «oso noizean behin» eta «oso egun gutxiz» okupatu zuen silexaren bila espedizioak egiten zituen pertsona talde txiki batek.

Ehizarako edo penintsulako lurraldea esploratzeko ere izan zitezkeen espedizioak, gaur egun Belateko mendatea (Nafarroa) zeharkatuko lukeen «bigarren mailako ibilbide» baten bidez.

Era berean, hipotesi horrek deribatu bitxi bat planteatzen du; izan ere, Altxerrirekin batera, Oria ibaiaren Gipuzkoako haraneko bi aztarnategi paleolitiko bakarretako bat da Usategi, non, inguruko haran guztietan ez bezala, adituek «Oriaren hutsunea» izenez ezagutzen duten aztarna arkeologikoen urritasun deigarria dagoen.

Tesi honen arabera, Txingudin barrena egin zen «populatze bide nagusi» horretatik bereizita geratu da Usategi eta, hortaz, «Oriaren hutsune» hori «inoiz baino hutsago» dago. Paleolito garaiko aztarna falta horrek misterioa areagotu besterik ez du egin eta, Arrizabalagaren esanetan, «azalpenak falta dira».