INFO

‘Hitzekin’ ekiteko mezuarekin, Amurrio eta Donostia lotuko ditu 22. Korrikak udaberrian

Martxoaren 31n abiatuko da Korrika Amurriotik eta apirilaren 10ean iritsiko da Donostiara. ‘Hitzekin’ leloa buru, iazko parentesiaren ostean, «ohiko karrera» egin nahi dute antolatzaileek. Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere omenduko ditu lasterketak.

Korrikaren 22. edizioa aurkeztu dute Donostian. (Jon URBE / FOKU)

Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute 2022an egingo den 22. korrika. Pandemia dela eta iaz bertan behera utzi eta gero, Amurrio eta Donostia lotuko ditu, martxoaren 31tik apirilaren 10era. «Ohi dugun eran, baina moldatzen joan behar dugu unean uneko eta tokian tokiko egoerara. Ez da karrera soilik, ekimen kultural asko dira. Ikusi eta moldatu egin beharko gara eta ea ahalik eta egoera ohikoenean egin dezakegun», adierazi dute antolatzaileek. 

Aitziber Balanzategik, Korrika kordinazioko kideak, eman ditu xehetasunak. «2022ko udaberrian errepidera aterako gara, ‘Hitzekin’ mezuarekin. Hizkuntza bat hitzekin eraikitzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, hiztun proaktiboak behar ditu, konbentzimendutik praktira jauzi egingo dutenak», adierazi du.

22. zenbakiarekin jolastuz, «orain da 22. tantoa egiteko unea. Partida euskaraz eginez irabazi behar da. Nork bere tokitik. Ikasle ekin, euskaldun ekin, erdaldun ekin, eragile ekin, agintari ekin, elkarrekin, gantxoz bi paretaz zein botez, ekin, eragin eta eginarazi», gehitu du. 

«Denbora tarte luzeegia izan da Korrikarik gabe», nabarmendu dute, baina «jendeak mantendu duen gogo eta ilusioa» azpimarratu dituzte eta horien adibide gisa jarri dituzte Agerraldia, Euskaraldia edo ‘Bultza euskaltegia, bultza euskara’ bezalako ekimenak.

Pandemiak soilik Korrikari berari ez, euskarari ere eragin diola adierazi dute. «Oso garrantzitsua ikusten dugu Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea. Zorionez, 2022an ekimen gehiago izango dira».

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Euskararen aldeko «harrotasuna eta aldekotasuna» bultzatzea dute jomuga hurrengo edizoarekin, «urrats sendoak» emateko. «Tinko eutsiko diogu euskararen aldeko kontzientzia eta herri gogoa hauspotzeari». Ekimenak, era berean, bigarren helburu bat ere baduela zehaztu dute: dirua biltzea euskaltegien eguneroko lana indartzeari begira. Administrazioaren baliabideak «ez direla nahikoa» azpimarratu eta euskara kasteko doakotasuna aldarrikatu dute. «Itxaropena dugu gutxinaka ematen ari diren hobekuntzak sendotzeko bai EAEn, bai Ipar Euskal Herrian, bai Nafarroan ere».

Bestetik, Korrikak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituela ere jakinarazi dute. «34 urteko ibilbidea euskal munduan eta euskaraz, orainaldi eta etorkizunari begira. 1987tik, haiei esker askok ere ekin diogu eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote». Omenaldi honen bitartez, «goitik behera, guraso ume, eta behetik gora, ume guraso», egin duten euskararen transmisioa aitortu nahi zaie.