INFO

Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzarako beste 235.000 euro bildu ditu Errigorak

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren ibilbideko bigarren edizio arrakastatsuenean 15.500 saski banatuko ditu Errigorak eta 235.000€ bideratuko ditu ager vasconum zonaldeko euskalgintzara.

15.500 saski banatuko ditu Errigorak azken kanpainan. (ERRIGORA)

235.000 euro bideratuko ditu Errigorak, berriz ere, Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzara, azken kanpainan banatutako 15.500 sariei esker. Zortzigarren urtea da dagoeneko.

«Errigoraren ibilbidea herriak herriari egindako ekarpenaren ibilbidea da. Txikitik handira apustu egin dugu eta nork bere ahal eta gogoaren arabera egindako ekarpen askotarikoak batzeko gai izan gara», nabarmendu dute ohar baten bidez.

Eta bide horretan, «herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan», auzolana jarri dute balioan. «Aurtengo kanpainaren leloak dioen bezala, ‘Herriak egiten du herria’».

Iaz, pandemia dela-eta, elkartasun dei berezia egin zuten Errigoratik eta inoizko atxikimendu handiena izan zuen kanpainak. «Zaila zirudien, beraz, aurtengoan tamainako erantzuna jasotzea, batetik, pandemiaren testuinguruan ezarritako neurriek herri-mugimendua apaldu zutela zirudielako eta, bestetik, pentsatzekoa zelako urak bere onera zetozela zirudienean, jendeak, beste ezeren gainetik, galdutako denbora berreskuratzeko gogoa izanen zuela. Baina, gehienon sorpresarako, 15.500 saski banatuko ditugu datozen egunotan».

Honekin, zortzi urte hauetan, 1.600.000 eurotik gorako ekarpena egin dio herri honek Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari. «Bere apaltasunean, emaitza ikaragarria da inongo baliabiderik gabe jaio zen herri-ekimen batentzat. Ondo daki hori herrigintzan aritzen den orok».

«Ekarpen honi esker, zonaldeko ikastolek eta AEK-k, bizirauteaz gain, bestela posible ez liratekeen aurrerapausuak ematen jarraitu ahal izanen dute eta Sortzenek sare publikoan D eredua indartzeko lanean jarraitzeko baliabideak izango ditu», ekarri dute gogora.

Atzo, gainera, nafar Parlamentuan 2022rako prestatu duten agenda aurkeztu zuten. «Nafarroako Parlamentuan gaudela, ezin dugu ahaztu bitarte honetan ezer gutxi egin dutela erakundeek beren eremukoa propio den hizkuntzaren alde. Herri borondatea eta herri ekimena behar-beharrezkoak direla bistan da, baina ezin diogu tranparik egin gure buruari: sarri esan izan dugu euskararen arazoak ez zituela konponduko zerutik eroritako soluzio magiko batek eta, inoren zain egon gabe, herritarrok saretu eta soluzioak bilatzea beharrezkoa zela, baina horrek ezin du inola ere erakundeen erantzukizuna eta betekizuna estali».