Euskal gatazka mamu-eleberri gotiko batean murgildu du Juanjo Olasagarrek
‘Mamu eratortzeko moduak’ (Elkar) nobelan Juanjo Olasagarrek (Arbizu, 1963) euskal gatazkari heldu dio berriz ere baina beste ikuspuntu batetik, hau da, tradizio literario fantastikoaren tresnekin. Mamu-eleberri bitxi hau Joseba Jaka bekari esker gauzatu da.
Sinopsiaren arabera –ostegunean egin den aurkezpenean ez baitute ‘spoiler’ larregirik egin nahi izan-eta–, hau da ‘Mamu eratortzeko moduak’ liburuaren abiapuntua: «Itziar Amezaga Guggenheim museoaren parean esnatzen da bat-batean, hesteak sabeletik erortzen zaizkiola. Bera ez da jabetzen, ez daki, baina ETAren bonba baten biktima izan zen duela urte asko, Bilbon bertan. Hilik egon da geroztik, eta orain, erakundea desagertzean, berpiztu egin da ezustean, baina ez da bizidun osoa, mamu bat baizik, gehienbat bera ahaztu nahi baina ezin dutenei agertzen zaiena: bere nebari, mutil-lagun ohiari, bera hil zuen lehergailua jarri zuen ETAkideari…».
Mamuen-nobela, gotikoa... tradizio luze batetik edaten duen nobela da hau. «Gotikotasun hori gatazka beste modu batetik irakurtzeko erabili dut. Fantasmek daukaten gauza ona da bizi direla errealitate eta ez errealitate tarte horretan. Eta bi munduak irakur daitezke beste perspektiba bat izateko», egilearen esanetan.
Batzuetan zeharka, batez ere bere lehen poema liburuetan, beste batzuetan argiago, Olasagarreren lanetan euskal gatazka presente dagoen gai bat da. «Nobelista erretiratu batek, alegia, Jokin Muñozek esaten zuen nolabait euskal literaturak eskain zezakeen ‘plus’ bat izan zezakeela euskal gatazka aztertzea. Eta nik uste dut gure belaunaldiari eta aurrekoari gertatu zaigun gauza garrantzitsu bat dela, neurri batean gure buruak etikoki eta politikoki irakurtzeko ematen duelako», esan du.
«Mina azaleratzeak lasaitu egiten du»
Halere, bere esanetan, «nolabait euskal literaturari ‘Patriak’ lapurtu dio gatazka kontatzeko eskubidea». Olasagarrek beste asmo batzuek ditu: «Nik nobela bat idatzi nahi izan dut nire kezkekin. Ni ez naiz Fernando Aranburu eta ez dut nahi euskal gatazkari buruzko hitz katarkikoak idatzi. Biktimak irudikatu eta errealitate hori beste nonbaitetik erakutsi nahi nuen. Oraindik min asko dago, eta min hori azaleratzeak neurri batean lasaitu egiten du, dolu prozesu batean bezala gaudela iruditzen zaidalako».
«Nik bizi garen garaiekin bat egin nahi nuen, eta biktimak zertan diren erakutsi nahi nuen», aipatu du Juanjo Olasagarrek. «Gatazka atzean uzten ari garen neurrian, adierazi nahi nuen gatazka hori fantasmala edo hutsa bihurtzen ari dela», gehitu du.
‘Mamu eratortzeko moduak’ eleberri egitasmoarekin irabazi zuen 2020an idazle arbizuarrak Joseba Jaka beka iaz. Bidean, pandemia agertu zitzaigun eta bizitzak eta eleberri honek hainbat aldaketa jasan dituzte, horien artean izena (‘Mamu izateko moduak’ hasieran).