INFO

Eraldaketa digitala, egiteko modu guztien «erabateko berrikuspena»

Euskalit fundazioak antolatutako Kudeaketa Aurreratuari buruzko Kongresuak agerian utzi du «eraldaketa digitala» eraldaketa teknologikotik eta enpresen digitalizaziotik harago doan kontzeptua dela.

Kudeaketa Aurreratuaren Kongresua Marc Vidal aditu katalanak zabaldu zuen Bilboko Euskalduna Jauregian. (EUSKALIT)

Euskalitek antolatutako Kudeaketa Aurreratuari buruzko Kongresuak agerian utzi du «eraldaketa digitala» eraldaketa teknologikotik eta enpresen digitalizaziotik harago doan kontzeptua dela. «Digitalizatzeak teknologia eskuratzea dakar, baina eraldaketa digitalak egiteko modu guztiak goitik behera berrikustea ekarri behar du», azpimarratu zuen Marc Vidal aditu katalanak irekiera hitzaldian.

Mila pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, aurrez aurre zein online, Euskalitek Bilbon urriaren 20an eta 21ean antolatu zuen kudeaketa aurreratuari buruzko kongresuan. Bertan, dozena bat erakundek partekatu zituzten eraldaketa digitalari eta lan egiteko modu berriei buruzko ikaskuntzak eta jardunbide egokiak, kasuak eta gogoetak, kongresu honen ardatz nagusietako bi.

Kongresuaren hasierako hitzaldia Marc Vidal, Transformazio Digitalean eta 4.0 Industrian aditua eta Forbeseko Top 100 Influencers-eko kideetako batek eman zuen. «Gizateriaren historiaren testuinguruan, inoiz ez dira hainbeste berrikuntza hain denbora gutxian gertatu. Datozen urteetako etorkizuna hurrengo 18 hilabeteetan hartuko ditugun erabakien araberakoa izango da», ohartarazi zuen.

Vidalen esanetan, erakunde baten esparru guztiak daude interpelatuta eraldaketa horretan, askok uste duenaren kontra, aurrean dugun aldaketa teknologiatik harago doalako. «Digitalizatzeak teknologia eskuratzea dakar, baina eraldaketa digitalak egiteko modu guztiak goitik behera berrikustea ekarri behar du». Halaber, beste kontzeptu batzuen garrantzia nabarmendu zuen, hala nola «desikastea, pentsamendu kritikoa garatzea eta modu malguan kudeatzea». Aldi berean, gure gizartearen fase industrialaren oinarri izan den kontratu soziala berritzearen alde egin zuen aditu kataluniarrak, egungo aro digitalera egokitzeko.

Hain zuzen ere, lan-harremanen esparru berri horren oinarriak izan ziren Kongresuaren bigarren jardunaldiaren ardatza. Bertan izan zen Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuorde Alfonso Gurpegui Ruiz. Bere hitzaldian, maiatzean aurkeztu eta datorren urtean Enpleguaren Euskal Legean islatuko den 2020-2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia hedatzeko ibilbide-orria azaldu zuen. «Gure sistemak aukera handiak ditu, baina koordinazioan eta eguneratzean aurrera egin behar dugu, enplegurako baldintzarik onenak ziurtatzeko, pertsonen gaitasunetatik eta erakundeen baldintzetatik abiatuta. Elkarrekin egindako lana da, eta elkarrekin ekin behar diogu», nabarmendu zuen.

Enpleguaren etorkizuna

Lanaren etorkizunari buruzko solasaldian, Susana Franco Orkestrako ikertzaile seniorrak, Ibon Zugasti Prospektikerreko zuzendariak eta Carlos Pereda Confebaskeko enplegu-arduradunak Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren profila eta bilakaera aztertu zituzten, eta gaur egun era guztietako erakundeen martxa egokia baldintzatzen duten gapei buruz eztabaidatu zuten.

Hiru ikuspegietatik abiatuta, kritikotzat jo zituzten enplegu-nitxo berrietan emakumeen enplegagarritasun-arrakalak, teknologiari oso lotuta baitaude, eta oraindik ere haien parte-hartzea ez baita nahikoa. Era berean, belaunaldi gazteenei egiten zaien eskaintza zalantzan jartzera gonbidatu zituzten erakunde guztiak; izan ere, «nahiz eta soldatak funtsezko irizpidea izaten jarraitu, jada ez da gazteak enpresa-proiektu batean sartzea baldintzatzen duen bakarra».

Pertsonen kudeaketa

Biltzarraren bi jardunaldietan, hamabi erakundek partekatu zituzten eraldaketa digitalari eta pertsonen eta taldeen garapenera bideratutako ekimenei buruzko ikaskuntzak eta jardunbide egokiak.

Teknologiaren erabilerari eta 4.0 bilakaerari lotutako jardunbide egokien adibideen artean, honako hauek aurkeztu ziren: Bikai kasua, produkzio-prozesuetako datuak aprobetxatzeko adibide gisa; zerbitzu aurreratuen egokitzapen teknologikoa, Ekonomisten Euskal Elkargoarekin; IMQ eta Profesionals for Quality (P4Q) erakundeek bezeroei zuzendutako eraldaketa digitalaren estrategia; eta pandemiaren kudeaketa-testuinguruan teknologia egokitzeko UPV/EHU unibertsitateak eta Lantegi Batuak erakundeak aurkeztutako proiektua.

Bestalde, Masfamilia Fundazioak erakundeetan kontziliazioa kudeatzeko metodologia azaldu zuen, eta okindegi industrialeko Okin enpresak bere taldeak kudeatzeko Belbin metodologia aplikatzeko prozesua errepasatu zuen.
Amaitzeko, El Regato Ikastetxeak, Ibermaticak, Spri Taldeak eta Babesten Gipuzkoak pandemiaren testuinguruan talde profesionalen motibazioa, parte-hartzea eta baldintzen hobekuntza kudeatzeko abian jarri zituzten eta gaur egun jarraitzen duten taldeen kudeaketa-proiektuen emaitzak azaldu zituzten.