INFO
Elkarrizketa
Aitzol Atutxa
Aizkolaria

«Iazko arantza atera nahi dut, etxean egindako lana plazan azaldu»

2014 eta 2018 artean bost urtez jarraian Euskal Herriko txapelduna izana, Aitzol Atutxa dimoztarra koska bat beherago dabil azkenaldian, baina aurten ere ez du hutsik egingo eta Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalean izango da igandean Bilbao Arenan.

Aitzol Atutxa, binakako txapelketa irabazi zuen egunean (Jon URBE / FOKU)

Igandeko jaialdia 12.00etan hasiko da eta gizonezkoen mailan sei dira finalistak: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi eta Jon Irazu. Emakumezkoen mailan, berriz, Karmele Gisasola, Maika Ariztegi eta Uxue Ansorregi lehiatuko dira txapelaren bila. Igandekoaz eta txapelketaz orokorrean hitz egin dugu Aitzol Atutxarekin.

Zer moduz iristen zara igandeko final handira?

Gutxi falta da eguna iristeko. Etxeko lanak eginda daude eta orain ikusi beharko da ea azterketa nola irtetzen den. Sentsazioei dagokienez, lesiotik oraindik erabat errekuperatu gabe nago, nire bertsiorik onena harrapatu ezinda, baina beste urte betez finalean egoteagatik gustora.

Prestaketa jada eginda egongo da, ezta?

Beti egoten dira azken orduan egin daitezkeen prestaketa fisikoak eta baita sikologikoak ere, sarritan ahaztu egiten ditugunak. Fisikoari dagokionez egun gutxi falta dira eta egin beharrekoak eginda daude, ezin da askoz gehiago egin, baina sikologikoki garrantzitsua da lasaitasuna bilatzea ahalik eta lan txukunena egin ahal izateko igandean.

Sailkapen probako erreferentziak dauzkagu, baina lan desberdina izango duzue finalean. Zestoakoak balio du erreferentzia gisara?

Erreferentzia bezala balio dezake, eta iazko finalak ere bai nire ustez. Askotan esaten dugu zaila izaten dela urte batetik bestera finalean aldaketa asko egotea. Aizkolari bat aldatu daiteke, bi asko jota, eta aurten ere ikusi da: iazko sei berdinak sailkatu gara eta hori ez da kasualitatea. Gero egia da sailkapen probatik finalera aldaketak egoten direla urtero, eta ziur aurten ere egongo dela aldaketaren bat. Joera bat markatzen du baina sailkapen egunean aurrena izan edo seigarren berdin-berdin da. Agian garrantzitsuagoa da ikustea aizkolarien artean dauden aldeak handiak edo txikiak diren. Askotan gehiago balio du bakoitza sikologikoki indartzeko benetan denboretan dagoen aldea kontuan hartzeko baino.

Begirada gehienak Iker Vicenterengan ipiniak egongo dira, baina Mikel Larrañaga ere oso indartsu ikusi dugu azkenaldian. Zuetakoren bat hurbildu daiteke beraiengana?

Uste dut bi izen horiek besteen gainetik daudela. Egia da finalean gauden edonork bere aukera izan dezakeela lan ona egin eta aurrean ibiltzeko, portzentaia baxuagoan izan arren aukera beti dago sari potoloa lortzeko, baina uste dut txapelduna den heinean faborito nagusia Iker dela, eta gero Larrañaga ere bere momenturik onenean dagoela. Noizbait Ikerren txapela arriskuan egon bada oraintxe izan daiteke. Larrañagak erakutsi zuen Urrezko Kopan zer maila duen, txapela irabazi zuen Iker menderatuta; kanporaketan ere denborarik onena egin zuen, iaz bezala baina aurten denbora gehiago sartuz aurkarioi; eta duela astebete Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi zuen. Beraz, uste dut bere momentu onenean dagoela.

Zure kasuan ze asmorekin zoaz finalera? Baduzu ideiaren bat: topera hasi eta irauten saiatu, lasaixeago hasi eta non zauden ikusi…

Estrategia desberdinak erabiltzen dira. Batzuetan entrenamenduetan erabili duzun erritmoa errespetatzen saiatzen zara, besteetan ibaiak dakarren korrontea jarraitu eta aurreko pelotoiari eusten saiatzen zara… Nik postuari edo denbora jakin bati begiratu baino, nahiago dut iazko finaletik daukadan arantza txiki hori atera. Iaz ez nuen nire bertsiorik onena eman, ez nituen etxeko lanak behar bezala egin, eta aurten ez dut hori gertatzerik nahi. Postua izan dadila izan behar duena, baina etxeko lanak plazan azaltzea nahi dut.

Plaza aipatu duzu, eta hori ere izango da albiste. Bigarren finala Bilbao Arenan, aurten jendearekin...

Aizkolaritzaren urteko erreferentzia nagusia da igandeko finala, urteko ekitaldi nagusia. Gaur egungo aizkolari onenak bertan egongo gara eta uste dut horrek behar besteko oihartzuna merezi duela. Ari gara sareetan eta abar lan egiten ekitaldiaren berri emanez, aizkolaritzan eman den belaunaldi aldaketa sareetan eta webgunearen bitartez zabaltzen, ikusle berriak erakartzeko asmoz, eta uste dut pixkanaka lortzen ari garela. Badakigu epe luzeko proiektu bat dela hau, lan luzea dagoela egiteko, baina pauso txiki batzuk eman ditugu. Bilbao Arena eszenatoki paregabea izango da, aizkolariak ere apartak dira, eta aurten beste faktore bat gehitzen da: jendearena. Eta uste dut festa handi bat izateko hori ezinbesteko osagaia dela.

Proiektu berri hau martxan ipini ostean bigarren urtea bete da. Pozik zaudete orain arte egindako bidearekin?

Hasieratik esan genuen gu ez goazela inoren kontra. Gu prest gaude nahi duen edonorekin elkarlanean jarduteko. Gure helburu bakarra aizkolaritza suspertzea da, batez ere herri kirolak maite ditugulako. Bidean oztopo bat baino gehiago izan ditugu, ez dakit zergatik edo noren erruz, baina guk gure bidean jarraitzen dugu. Aurten lortu dugu emakumeak ere gurekin elkartzea eta txapelketa honetan parte hartzea, eta egun berean bi finalak jokatuz lortuko dugu horri ere merezi duen ohiartzuna ematea. Kasu honetan, gainera, GolTVk emango du eta estatu mailara ere iritsiko da.

Bereziki azpimarratu da egunotan finala estatu osoan ikusteko aukera hori. Zer uste duzu emango dizuela aukera horrek?

Aurreneko irakurketa da ETBk ez duela emango finala. Uste dut hori penagarria dela, ia-ia euskal kulturaren aurkako ekintza bat bezala hartuko nuke. Aizkolari onenak biltzen dituen txapelketa nagusi baten aldeko apostua ez egitea eta orain arte egindako bideari jarraipena ez ematea uste dut kaltegarria dela. Hortik aurrera, irtenbideak aurkitu behar izan ditugu gure ikusleak eta gure jarraitzaileak bertan behera ez uzteko, eta azkenean GolTVrekin lortu dugu akordioa. Lehenik Euskal Herri mailan telebistaz ikusi ahal izatea bermatuko du, eta gero estatu mailan edo mundu zabalean LaLigaren bidez finala eskaintzea uste dut hazia ereitea dela. Gero ikusiko da ernaltzen den edo ez, loreak eta fruituak ematen dituen edo ez epe luzeko kontua izango da. Azken batean, aizkolaritza enborrak eta zuhaitzak dauden edozein lekutan dago, eta ikusi dugu Asturiasetik, Segoviatik edo Soriatik etortzen dela jendea.

Babesleentzat ere garrantzitsua izango da.

Bai. Ikusiko dugu gero audientzia datuak eta nolakoak diren, nolako hedapena lortzen dugun, baina babesletzak sendotzeko eta berriak bilatzeko aukera ona da.

Bilbora joan edo ez zalantzan dagoenari zer esango zenioke?

Ikuskizun eder batekin gozatuko duela. Uste dut sarrerak prezio onean ipini dituztela, aurrez eskuratu daitezke internet bidez edota egunean bertan lehiatilan. Uste dut joaten dena ez dela damutuko. Iaz jende askok telebistaz ikusi zuen eta penaz geratu zen bertaratu ezin izateaz. Eta gogoratu nahi dut babes neurri guztiak beteko direla eta kirol festa bermatuta dagoela.