2022ko udazkenean eta ‘Hitzez ekiteko garaia’ lelopean egingo da hirugarren Euskaraldia
2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra eginen da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Hurrengo urtean hizkuntza ohiturak aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak eskura edukitzea izango da lehentasuna.
Iruñeko Zentral aretoan aurkeztu da urtebete barru, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra, egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Gaurko ekitaldian azaldu duten modura, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, «landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten».
Orain arte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du, ohitura eta portaera berriak proposatuz. Hurrengo urtean hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea da lehentasuna.
Aurreko edizioetan egin den modura, ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatuko dute Euskaraldian parte hartuko duten herritarrek, ariketa sozialeko 15 egunetan izango dituzten hizkuntza portaeraren baitan. Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa. «Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zen nahi beste entitateetara heldu 2020 urtean, eta hurrengo urtea izango da bigarren edizio horretan probatutako ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea».
Ekimenak izango duen leloa era aurkeztu da gaur Iruñean. ‘Hitzez ekiteko garaia’ lelopean egingo da. «Harreman sozialak mugatuta egon dira hilabeteetan, eta hizkuntza ohituren aldaketan jauzi berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu nahi izan da leloaren bidez», azaldu dute antolatzaileek. «Kalea berreskuratzea beharrezkoa da euskararentzat eta euskaldunontzat. Azken urte eta erdi honetan gizarteak jasan duen kolpeari buelta eman behar diogu eta datorren urtean horretarako tresnak izango ditugu. Inoiz baino beharrezkoago da hitzez, ekinez, kalea irabaztea», adierazi du Arrate Illarok, Euskaraldiaren koordinatzaileak.
Euskaraldiaren bigarren edizioaren ondoren egindako ikerketen ondorioetatik landu da datorren urteko ariketa soziala. «Ikerketetan ikusi da partaideek ariketan izandako bizipenak eta hizkuntza ohitura aldaketetan izandako lorpenak ekimenarekiko iritzian duen pisua handia dela. Ariketan belarriprest zein ahobiziek beraien inguruan eragiteko eta aldaketak sortzeko duten gaitasuna azaleratu da eta eragin hori areagotzeko tresnak martxan jartzea izango da hurrengo hilabeteetarako erronka nagusia».
Euskararen inguruko ekimenek protagonismoa izango dute 2022 urtean, aste honetan bertan aurkeztu den 22. Korrika kasu. «Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea».
«Zaintza eta bultzada»
Hirugarren edizioan ere herriz herri antolatutako batzordeen sarea izango da Euskaraldiaren bihotza. Hainbat herritan hasita daude antolaketa lanetan; eta, gaurtik aurrera, lehen urratsa tokian tokiko batzordeak aktibatu eta berrantolatzea izango da.
Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria ere izan da Iruñean: «Herritarrek euskara erabil dezaten aktibatzeko tenorea da. Gero eta gehiago dira euskara ulertzen duten haur eta gazteak; familietan, eskoletan edo euskaltegietan euskara ikasi dutenak; gehiengoa euskararen aldeko jarreran dago. Hala ere egoera larria da gurea: zaintza eta bultzada iraunkor eta indartsuak behar dituena euskararen aldeko jarrerak indartzeko, ezagutza unibertsalizatzeko eta erabilera handitzeko».
Hurrengo hilabeteetarako bigarren lan ardatza ere aurreratu dute antolatzaileek. Bigarren Euskaraldian era guztietako entitateek sortutako ariguneek jarraipena izango dute datorren urtean egingo den ariketa sozialean. Horretarako, era guztietako entitateei gonbitea egingo zaie lehenbailehen has daitezen euskaraz lasai aritzeko guneak identifikatzen edo berriak sortzen.
Aurkezpenean izan dira ere, Euskal Elkargoko, Iruñeko zein Lakuako gobernuen ordezkariak. Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, «hizkuntza-ohiturak aldatzeak lan sakona» eskatzen duela adierazi du eta Bingen Zupiriak, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak entitateei dei egin die Euskaraldiarekin bat egin «dinamika berriak sortzen lagundu» eta ariguneak bultzatzeko. Antton Curutcharryk, Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariordeak, Euskaraldiari esker «euskarak lotzen gaituela» frogatu dela nabarmendu du. «Ariguneek gure hurbileko lagun saretik urrunago euskaraz mintzatzeko aukera berriak ireki dizkigute».