INFO

Hamilton garaile izan da Qatarren, Verstappen eta ezustekoa eman duen Alonsoren aurretik

Mercedes taldeko gidaria azkarrena izan da eta orain, Mundialeko sailkapen nagusian, zortzi puntura besterik ez du Red Bulleko herbeheretarra bi lasterketa bakarrik falta direnean. Fernando Alonso asturiarrak (Alpine) bere ibilbideko 98. podioa sinatu du eta 2014az geroztik ez zen kajoira igotzen.

Lewis Hamilton (Mercedes), Max Verstappen (Red Bull) eta Fernando Alonso (Alpine), Qatarreko podioan. (Karim JAAFAR/AFP)

Qatarreko Sari Nagusiak albiste ugari utzi ditu. Lehenengoa, eta 1 Formulako sailkapenerako garrantzitsuena, Lewis Hamilton ingelesak (Mercedes) irabazi du lasterketa. Honekin, bigarren postuan amaitu duen Max Verstappeni (Red Bull) gehituta, esan behar da Mundiala bizi-bizi ipini dela denboraldia amaitzeko bi lasterketa besterik falta ez direnean.

Verstappenek bost postu aldu ditu irteeran, larunbateko sailkapenean bi bandera horiak ez errespetatzeagatik. Herbeheretarra bigarren atera behar zuen, baina postuak igo ditu lasterketan zehar eta azkenik bigarren kajoira igo da, Sari Nagusiko buelta azkarrena eginda gainera.

Orain zortzi puntuko aldea du Red Bullekoak Hamiltonekiko sailkapen nagusian bi lasterketa falta direnean: Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak.

Qatarreko Losail zirkuituan korritutako lasterketak utzitako beste albisteetako bat izan da Fernando Alonsok (Alpine) hirugarren amaitu duela. Bi aldiz munduko txapeldun den asturiarrak bere ibilbideko 98. podioa sinatu du 40 urterekin eta 2014az geroztik ez zen kajoira igotzen. Shanghain lortu zuen azkeneko aldiz, urte hartako Txinako Sari Nagusian.

Bestalde, Sergio “Checo” Perezek laugarren postua sinatu du, hamaikagarren atera ostean. Red Bulleko mexikarrak, bere taldekide Vestarppen bezalaxe, postu asko igo ditu sailkapenean.

Qatarreko Sari Nagusiak utzitako datu guztiak NAIZeko webgune berezian azter daitezke.