INFO

‘Bidea da borroka’ komikia, Beñat eta Unai Gaztelumendiren begiratua hazi diren munduari

Bertsolari Aldizkariak bere laugarren komikia aurkeztu du, ‘Bidea da borroka’. Gaztelumenditarrek eskuz esku osatu dute bertsolaritzari buruz baino, bertsolaritzatik egindako komikia, belaunaldi baten erretratua.


Añorgan aurkeztu dute Beñat eta Unai Gaztelumendik ‘Bidea da borroka’ komikia, Bertsolari Aldizkariak 2015ean hasi zuen bidean segida markatzen duena. Aurretik beste hiru komiki kaleratu ditu Bertsolarik; Patxi Gallego eta Xabi Payaren ‘Nork’ eta ‘Nori’ eta Adur Larrea eta Mikel Begoñaren ‘Arditutakoak’. Bilduma horretan laugarrena da ‘Bidea da borroka’, Beñat Gaztelumendiren gidoiarekin eta Unai Gaztelumendiren marrazkiekin. Bi urteko prozesu luzea izan da, «luzea bezain gustagarria», Beñat Gaztelumendik esan duenez.

Beñat eta Unai Gaztelumendi, Añorgan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Bertsolari Aldizkariak enkargua helarazi zienean «bertsolaritzari buruzko zerbait» egiteko eskatu zien. Behin lana amaituta, bertsolaritzari buruzkoa baino «bertsolaritzatik» egindako lana dela nabarmendu dute Gaztelumendi anaiek. Beraiek hazi eta hezi diren munduari begiratua eman diote eta horretarako komikiko protagonista den Martin Artolaren begiak eta azala baliatu dituzte.

Beñat Gaztelumendik azaldu duenez, «komikian bidaia bikoitz bat kontatzen da. Martin Artola da protagonista; bertsolaria, 30-35 urte bitarteko gizon gipuzkoarra, gaztea izan zena, orain botere posizio batean dagoena eta, hala ere, erabat kontziente ez dena okupatzen duen posizioaz. Lehen aldiz iritsi da Txapelketa Nagusiko finalera eta Barakaldon da finala. Martin Artolak bere etxetik Barakaldora egiten duen bidaia fisikoa eta, horrekin batera, Martin Artolaren hazte eta hezte prozesua kontatzen da».

Belaunaldi bateko parte baten bizipenak kontatzen ditu komikiak Martin Artolaren eta bere inguruko lagunen bitartez. «Unai eta biok bertso munduan hazi ginen, bertso mundutik gure belaunaldiko beste edozeinek bizi dituen gauzak bizi izan ditugu eta saiatu gara horiek Martin Artolaren pertsonaiari transmititzen. Martin Artola Euskal Herriko gatazka singularrean kontatu izan den horren alor zehatz batean jaioa da, gerra hizkera batean hezia, dena eraikia zegoenean jaio zen –bera jaio zenerako hor zeuden ikastolak, euskalgintzako erakunde gehienak, gaztetxeak, musika talde erreferentziazkoenak– horien ondoren eta berandu samar jaio izanaren sentsazioa dauka eta bere bizitzari epika horren baitan topatu nahi dio zentzua. Gertatu zaiona da heldu dela helduarora eta epika hori eta bera hazi zen testuingurua aldatua, bukatua edo beste epika edo testuinguru batzuekin nahastua geratu dela. Hori da komikian kontatzen dena. Nola erresistentzian, defentsan eta nolabaiteko subalternitate batean hazi den pertsona bat iristen den botere posizio batera eta ez den erabat kontziente zein den okupatzen duen leku hori», agertu du Beñat Gaztelumendik.

Marrazkiak eskuz eginak

Unai Gaztelumendik urte eta erdian garatu ditu komikiko marrazkiak, 120 orrialde baino gehiago. «Marrazketa prozesuak urte eta erdi iraun du. Denboraren muga horretatik abiatuta, eskuz egin dut lana eta kolore gama txiki samarrean. Baina hasieran denbora epeak errespetatzeko hartutako bidea, iruditzen zait bihurtu dela momentuan gidoia irakurrita sentitzen nuen hori paperera eramateko modua. Gauza asko perfekziotik urrun daude, baina saiatu naiz marrazki bakoitzak transmititu behar zuen hori transmititzen; testuan jasotakoa nire barrutik pasatu eta gero ateratzen zena transmititzea izan da nire obsesioa».

‘Bidea da borroka’ aurkezteko bira txiki bat antolatu dute. Emanaldi horietan bertsoak eta marrazkiak izango dira zuzenean. Lehenengoa Añorgan izango da datorren abenduaren 2an, zineman, arratsaldeko 19.30ean.