Indarkeria matxistaren biktima den emakume bat etxegabetuko dute ostegunean
Indarkeria matxistaren biktima den Joaqui Abusuko bizilagunak jaso duen etxegabetze mehatxuaren aurrean, Batu Elkarlaguntza Sareak mobilizatzeko deia egin du ostegun honetan goizeko 8.30ean Olatxu kaleko 3. zenbakian. Bere alabarekin eta adin txikiko bi bilobekin bizi da.
Azaroaren 25ean etxea uzteko agindua dauka Joaquik, indarkeria matxistaren biktima den Abusuko bizilagunak. Bere alabarekin eta adin txikiko bi bilobekin bizi da Olatxu kaleko 3. zenbakian.
Emakumeak berak bideo baten bitartez azaldu duenez, bere aurka genero indarkeria erabili zuen gizon batekin ezkonduta egon zen. Gizona genero indarkeriagatik kondenatu zuten, baina ez zen inoiz espetxeratua izan delitu horregatik, eta Joaquik eskolta batek babestuta bizi behar izan zuen 2 urtetan.
«Dibortziatu baino urte batzuk lehenago, akordio notarial bat sinatu zuten. Akordio horrek Joaqui duela 40 urte bizi den etxebizitzaren jabe egiten du, senarrak etxe honen usufruktua duen bitartean. Akordio hau guztiz bidegabea da, botere harreman baten baitan eta ezjakintasun baldintzetan sinatutako akordioa da; +orain bere senar ohiak eskumen hau erabili du emakumearen kontra, izan ere 2019an eta 2021ean Joaqui salatu du etxe horretatik kaleratzeko helburuarekin», azaldu du etxebizitzarekin lotutako problematikak lantzen dituen Hego Uribeko Batu Elkarlaguntza Sareak.
Arazo bat izan dugu atzoko bideoarekin, Joaquiren istorio latza kontatzen zuena. Hemen duzue berriro.
— Batu Elkarlaguntza Sarea (@batuelkar) November 23, 2021
"Nire izena Joaqui da eta hauxe da nire istorioa"
Gogoratu hitzordu garrantzitsua dugula ostegunean, azroak 25, Abusuko Olatxu kalean, 3.ean.#JoaquiEzDoaInora pic.twitter.com/C4mIDtbOs7
Epaitegi batek kaleratze agindua ezarri du ostegun honetarako, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunerako, hain zuzen ere.
Batu Elkarlaguntza Sarea duela pare bat hilabete hasi zen kasua salatzen kalean zein sare sozialetan. Azaroaren 19an asanblada irekia egin zuten Joaquiren kasua bere auzoan aurkezteko.
Hurrengo egunean, Joaquiren etxeko postontzian mehatxuzko pintadak azaldu zirela salatu du Batuk. «Egoera makabro horren aurrean, ez administrazio judizialek ezta polizia kidegoek ez diote eraso horri erantzunik eman, ez dagoela mehatxu hori salatzeko biderik esanez, eta ezin dela ezer egin argudiatuz», dio elkarlaguntza sareak.
Etxegabetzearen aurrean, ‘Joaqui ez doa inora’ lelopean, Batu Elkarlaguntza Sareak elkarretaratzea deitu du egun horretan, 8.30ean, emakumearen etxebizitzaren aurrean (Olatxu kalea, 3), kaleratzea geldiarazten saiatzeko.
Joan den astean, Batu Elkarlaguntza Sareak etxebizitza alternatiba bat lortu zuen Arrigorriagako Paularentzat, bere 4 urteko semearentzat eta 19 urteko ilobarentzat, etxegabetuak izan aurretik.