Bitik bi, perfekziotik gertu jokatu duten Unai Laso eta Ander Imazentzat (22-11)
Lehen tantoetako piloteoan Peñak eta Albisuk agindu duten arren, ez dute asmatu aginte hori markagailura eramaten, eta bigarren zatian Bizkarretako aurrelariaren bertsio onena agertu da neurketa apurtzeko.
Unai Lasok eta Ander Imazek bigarren garaipena eskuratu dute Binakako Txapelketan Jon Ander Peña eta Albisuri 22-11 irabazita. Gorriek partida bikaina jokatu dute eta urdinek aldiz pilota gehiegi galdu dituzte garaipena lortu ahal izateko.
Aurreneko jardunaldian itxura bikaina eman zuten bi bikote neurtzen ziren larunbat honetan Labriten eta bazen interesa bietako nor gailentzen zen ikusteko. Gorriak faborito irten dira, hori bai, eta kasu honetan katedrak bete-betean asmatu du.
Neurketaren lehen zatian urdinak nagusitu egin dira piloteoan. Atzean, espero litekeen moduan, Jon Ander Albisuk nabarmen agindu du eta aurrean aukera asko sortu dizkio Peñari. Baina gaurkoan aurrelari tolosarra ez da beste batzuetan bezain inspiratuta agertu.
Horretan bere garrantzia izan du gorrien defentsak. Lasok eta Imazek oso bikote sendoa osatzen dute –gaur lau pilota bakarrik galdu dituzte bien artean– eta urdinei desesperazio puntu bat nabaritu zaie partidak aurrera egin ahala.
Hasiera horretan, urdinen hutsei esker hartu dute abantaila markagailuan gorriek (5-2), Unai Laso oso urrunetik sartzen zelako eta errematerako oso aukera gutxi izan dituelako. Eta apur bat zuzendu direnean, Peñak eta Albisuk partida 7-7 berdintzea lortu dute.
Lasoren eztanda
Baina une horretatik aurrera Unai Laso onena azaldu da Labriten. Albisuk apur bat behera egin duenean, Bizkarretako aurrelariak bere bertsiorik onena erakutsi du eta sekulako tantoak egin ditu. Aipatutako 7-7 horretatik 12-7ra joan dira gorriak, tartean Lasok egindako hiru jokaldi ikusgarrirekin.
Eta urdinek ahaleginak egin arren, norgehiagokaren norabidea jada ez da batere aldatu. Peñak eta Lasok tanto onak huts handiekin tartekatu dituzten bitartean, Laso eta Imaz perfekziotik oso gertu ibili dira, akatsik ia batere egin gabe eta tanto ederrak sinatuz.
Lasok jokoan egin dituen hamar tantoen artean, agian 17-11koa izan daiteke aipagarriena. Lehenik pilota atzeratu du nafarrak, gero gantxoa jo du eta azkenik errebotean sartu du pilota, eguraldi gordinari aurre egin eta Labritera hurbildu diren ikusleak zutik txaloka jarriz.
Azken zazpi tantoak jarraian eginez 15-11tik 22-11ra joan dira gorriak eta ligaxkan lehen postuan egingo dute lo bitik bi irabazita. «Ezin dugu horri begira hasi oraindik, lan asko geratzen zaigu aurretik», esan du Lasok dema amaieran. Horri baino garrantzia gehiago eman dio bizi duen une gozoari –«etorriko dira une txarrak eta orain honetaz gozatu behar dugu»– eta jendearen aldetik jaso duen berotasunaz –«hori da pilotatik eramaten dudan onena»–.
Pilotakadak: 489. Partidaren iraupena: 55 minutu eta 16 segundo.
Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 5-2, 5-3, 6-3, 6-5, 7-5, 7-7, 12-7, 12-9, 15-9, 15-11 eta 22-11. Sakez: 2 Lasok. Jokoan eginak: 10 Lasok, 1 Imazek, 5 Peñak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 3 Lasok, 1 Imazek, 3 Peñak eta 5 Albisuk. Gertaerak: Sarrera erdi baino gehixeago Labriten. Lehen sakea urdin.