INFO

Kaiolako Emakume Master Cup txapelketaren azken txanpa zehaztu da Urduñan eta Arratzun

Jada erabakita geratu dira pilota goxoarekin jokatzen diren bi mailetako finalistak eta baita pilota mistoko hastapen mailakoak ere –hiru final horiek Abadiñon jokatuko dira abenduaren 4ean–. Era berean, pilota mistoko elite mailan finalerdiak dira zehaztu direnak.

Olatz Arrizabalaga, pilota astintzeko prest, Miren Larrarteren aurkako kanporaketan (EMC)

Lau eta Erdiko Emakume Master Cup txapelketa amaierara hurbiltzen ari da eta, asteburu honetan Urduñan eta Arratzun jokatu diren kanporaketen ostean, jada erabakita geratu dira pilota goxoarekin jokatzen diren bi mailetako finalistak eta baita pilota mistoko hastapen mailakoak ere –hiru final horiek Abadiñon jokatuko dira abenduaren 4ean–. Era berean, pilota mistoko elite mailan, maila nagusitzat har daitekeen horretan, finalerdiak dira erabakita geratu direnak. Finalerdi horiek Muskizen jokatuko dira abenduaren 5ean.

Asteburuko jaialdi nagusia Urduñan ostiralean jokatutakoa izan zen. Pilota goxoko hastapen mailan bigarren finalerdia jokatu zen eta Lide Lopezek 9-18 irabazi zion Alba Xioaquiri. Honenbestez, zaldibiarrak Zubizarretaren aurka jokatuko du finala. Lehen mailari dagokionez, Ania Oronoz izango da Leire Etxanizen aurkaria, Urduñan Nagore Aramendiri 18-11 gailendu ostean.

Pilota mistoko promesen mailako bi finalerdiak ere jokatu ziren Urduñako pilotalekuan. Sailkapena lortu zutenak Ainhoa Romero eta Maddi Barrokal izan ziren, hurrenez hurren Ana Belmonteri (9-18) eta Irati Zabalari (7-18) gailenduta. Eta jaialdia ixteko, elite mailako kanporaketa bat ere jokatu zen: Olatz Arrizabalagak 7-18 menderatu zuen Miren Larrarte eta gernikarrak Amaia Aldai izango du aurkari finalerdietan.

Beste finalerdia Arratzun erabaki zen. Miriam Arrillagak, lehiaketako azken txapeldunak, 10-18 irabazi zion Uxue Osesi markagailuak irudika dezakeena baina partida gogorragoan eta Enara Gaminderen aurka neurtuko ditu indarrak Muskizen, finalerako txartelaren bila.