INFO

Amorebietak beste pauso bat eman nahi du, Tudelanok eta San Juanek ezustekoa

Kopako kanporaketa dute asteazken honetan beste hiru euskal taldek. Zornotzarrek Bartzelonako Europari bisita egingo diote (20.30), Iruñeko San Juanek etxean hartuko du San Sebastian de los Reyes (20.00) eta tuterarrak Galiziara doaz Bergantiñosekin lehiatzeko (18.30).

Amorebietak txipa aldatu eta Kopan jarriko ditu indar guztiak asteazken honetan. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Panaderia Pulido-San Mateo eta Realaren arteko neurketaz gain (21.00), asteazken honetan beste hiru euskal taldek hartuko dute parte partida bakarrera jokatuko den Kopako lehen kanporaketan.

Hiru horietatik, Amorebietak du maila altuena, Bigarren Mailan ari baita iaz igoera lortu ostean. Iñigo Velez de Mendizabalek gidatzen duen taldeari asko kostatzen ari zaio Ligan puntuak eskuratzea, eta Kopan garaipena eta hurrengo faserako sailkapena lortzea bultzada handia izan liteke.

20 jokalariz osaturiko deialdia osatu du entrenatzaileak, zeinek oso argi du zertara doazen Bartzelonako Nou Sardenya futbol zelaira Europaren aurka lehiatzea (20.30 DAZN): «Ilusio askorekin gaude, guretzako Kopa oso garrantzitsua da. Nahi duguna irabaztea eta txapelketan jarraitzea da».

Kopako formatu honekin ezuzteko ugari izaten dira urtero, eta hortaz jabetu da Velez de Mendizabal. «Europa oso talde alaia da, futbolera jokatzea gustatzen zaion horietakoa, eta oso ilusionatuta egongo da formatu honekin», ohartarazi du.

Bide beretik doaz Aimar Sagastibeltza Amorebietako jokalariaren adierazpenak. Izan ere, bere ustez, «kanporaketaren zailtasunaz jakitun gara, partida bakarrera ez dago faboritorik». Hala ere, gauza bat oso argi utzi du: «Ilusionatuta eta gogotsu gaude partida on bat egin eta garaipena lortzeko».

Giro bikaina espero da partidan. Eskapulats Europa taldeko harmaila herritarrak zaleei deialdia egin die partida baino lehen, 17.00etan, Ronda Guinardo parkera joateko ondoren futbol zelaira joateko.

Bergantiños eta «Sanse», nafarren aurkariak

Bi talde nafarrei dagokienez, Tudelano A Coruñara abiatu da «maleta motibazioz beterik eta bihar garaipenarengatik borrokatzeko», azpimarratu du klubak sare sozialetan Galiziara autobusez abiatu aurretik.

RFEFeko Lehen Mailako talde tuterarrak duela guzti RFEFeko Bigarren Mailara igotzea lortu duen Bergantiños izango du aurkari (18.30, DAZN). Maila bajuagoa izanda, galiziarrak etxean jokatuko dute, baina ezin izango dute As Eiroas udal estadioan egin, ez baitute behar diren neurriak betetzen.

Tudelano bi urte geroago bueltatuko da Kopara eta Carlos Perez Salvachua entrenatzaileak zelai artifizialean jokatzeko zailtasuna azpimarratu zuen aurkaria nor zen ezagutu zutenean. Hori eta distantzia. «Hamar bat ordu izango dira autobusez, 800 kilometro inguru. Ligan igande goizean jokatuko dugu Duxen kontra eta ondoren bidaiatu beharko dugu. Ondoren, hurrengo igandean jokatu beharko dugu Real Unionen aurka», azpimarratu zuen Tudelanoko prestatzaileak zailtasuna eta nekearen inguruan.

Azkenik, Iruñeko San Juan taldeak etxean hartuko du maila bat gorago dagoen San Sebastian de los Reyes (20.00, DAZN). Bigarren urte jarraian jokatuko dute Kopan nafarrek –hirugarrena, 2013an Burgosen kontra lehen kanporaketa jokatu ostean–. Iaz gauzak oso zailak jarri zizkieten Diego Martinezen Granadari eta oraingoan beste aukera bat izango dute madrildarren aurka, eta etxean.

Alfredo Ibero “Bebeto” San Juango entrenatzaileak adierazi zuen bere taldea kanporaketa gainditzen saiatzeko lehiatuko dela. «Lehiatu eta saiatuko gara hurrengo kanporaketara igarotzen Lehen Mailako talde bat aurkari izateko», azpimarratu zuen zozketa egunean.

Kopan arituko diren hirugarren aukera honetan, «lehen kanporaketa pasatzeko erronka dugu. San Juanentzat inoiz ez bezalako arrakasta izango litzateke». Gainera, «Kopa txapelketa ezberdina da eta Estatu mailan oso maitatua. Kanporaketa pasatzen ahaleginduko gara gu bezalako talde guztiek nahi duguna lortzeko: maila altueneko aurkari bat izatea», gaineratu zuen “Bebeto”k.