INFO

Elikagaien xahuketaz sentsibilizatzeko kanpaina hasi dute EAEn

Bide desberdinetatik konzientziatzeko mezuak zabalduko dituzte ‘Janaria ez da botatzen’ kanpainaren baitan, abenduaren 20ra bitartean. Izan ere, elikagaien %20a bota egiten da Europan, 33 milioi pertsonek egoki elikatzeko aukerarik ez duten bitartean.

‘Janaria ez da botatzen’ kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. (FOKU)

Europan ekoitzitako elikagaien %20 inguru galtzen den bitartean, bi egunetik behin 33 milioi pertsona inguruk ezin dute kalitatezko janaria eskuratu. Arazo larri hori beste bat gehitzen zaio, alegia, elikadura xahuketak ingurumenean duen eragina. Europako berotegi-efektuko gasen isurketa guztien %6 inguru suposatzen du.

Horren inguruan sentsibilizazioa sortzeko asmoz, Lakuako Gobernuak Europako Itun Berdea sustatu nahi du Basque Green Deal-Euskadiko Itun Berdea ekimena abiatuz. Egitasmoaren xedea da EAE krisialdi klimatikotik irten eta garapen inklusiboagoa eta jasangarriagoa izateko pautak zehaztea.

Horien artean dago elikagaien xahuketa murriztea. Hala, proposatu du 2030erako «xehekako salmenta eta kontsumitzaileen artean alferrik galtzen diren biztanleko elikagaien kopurua erdira murriztea, eta elikagai-galerak murriztea ekoizpen eta hornikuntza kateetan».

2018an eman zituen Lakuak lehen pausoak eta orain ‘Janaria ez da botatzen’ kanpaina aurkeztu du, abenduaren 20ra arte garatuko dena. Datozen hiru astetan mezuak eta gomendioak helaraziko dituzte prentsa, irrati, sare sozial, autobus zein markesinen bitartez.

ELIKAren ikerketa

2019 eta 2020 artean ELIKAk koordinatu eta HAZI, AZTI, IHOBE, Euskadiko Elikaduraren Clusterra eta Neiker zeuden lantaldeak EAEko xahuketaren diagnostikorako metodologiaren lehenengo diseinua eta zehaztapena egin zuen; xahuketaren eragin ekonomikoa, soziala eta ingurumen eragina ere zehaztu nahi ziren, xahuketa murrizteko aukerak zehazteaz gain, Europako Batzordeak elikagaien hondarrak modu uniformean neurtzeko ezarritako jarraibideen arabera.

Oraingoz, eta elikagaiak xahutzearen diagnostikoko lehen urrats gisa, lehen sektorea (nekazaritza eta abeltzaintza) eta elikagaigintza aztertu dira, FAOren arabera munduko elikagai-kate osoan egiten den xahuketaren %30 sektore horretan izaten baita.

Horri esker ondorioztatu da lehen sektorean ekoitzitako guztiaren %3,70 galtzen dela, eta galerarik handiena uzta biltzean eta ekoizpen prozesuan izaten dela (%40). Jarraian datoz klimatologia eta izurriteek eragindako kalteak (%29,1) eta kalitate estandarrak ez betetzearen ondoriozkoak (%16,4). Horren erdia baino gehiago ez da ezertarako aprobetxatzen, %3,4 baino ez da bidaltzen elikagai bankuetara eta gainontzekoa animalien bazkarako bideratzen da.