INFO

Edalontzia erdi beteta ikusten du Rezustak

Bergararrak sentsazio onak izan ditu orain arte pertsonalki, bai eta bikote gisa ere, baina hobetze aldera huts kopurua murriztea du hurrengo erronka.

Rezusta Zabaletari bizkarra erakusten Azkoitian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Bi partida ez dira asko ondorio sakonegiak ateratzeko, are gutxiago batean nahikoa erraz irabazi (22-11, Altuna eta Martijaren aurka) eta bestean nabarmen samar galdu ostean (22-16, Elezkano eta Zabaletaren aurka), baina etorkizunari itxaropenez begiratzen dio asteazkenean etxean jokatuko duen Beñat Rezustak; edalontzia erdi beteta ikusten du atzelariak.  

«Oraingoz, egia esan, sentsazioak nahiko onak dira; bigarren partida galdu arren uste dut gauza onak egon zirela. Egia da bigarren partean erraz samar alde egin zigutela, baina orain artekoarekin nahikoa konforme», azaldu du Rezustak gaurko material aukeraketan.

Arlo pertsonalean ere zenbait gorabehera izandakoa da, azken Binakakoan (Aimar Olaizolarekin) eta Mastersean ez zuen bere ohiko mailarik eman; bai, ordea, Buruz Buru, eta lehen bi jardunaldi hauetan gustura ari da; batez ere, erremintak ondo erantzuten ari zaizkiolako. «Nahiko gustura nabil, eskuak eta nahiko ondo ditut momentuz eta esandakoa, azkenekoan galdu arren, batzuetan irabazita ere joan izan naiz sentsazio okerragoekin. Nahiko konforme nago, baina pixka bat hobetzen badugu, hobeto», gaineratu du.

2017an txapela jantzi zuten elkarrekin bi ezker gipuzkoarrek, baina denbora asko pasatu dela eta, ez da ausartzen horrenbesteko nagusitasunaz gailendu zen bikote harekiko alderaketarik egiten. Hori bai, elkarrekin aritu izana, bai orduan bai aurtengo txapelketa hasi aurreko partida batzuetan, oso ondo etorri omen zaie «bikotea» egiteko kantxa barruan.

Akatsak murriztu

Hori bai, bikoteari hobetzen jarraitzeko ahalmena ikusten dio eta argi du hobekuntza horrek nondik etorri beharko lukeen. «Beti dago zer hobetua eta nik uste dut akats batzuk gutxiago eginez gero, gure bikoteak asko egingo lukeela gora. Garrantzitsua da erritmoa guk markatzea, baina hutsak saihestuz asko genuke aurreratua».

Lesio larri batetik irten berritan, normalean behintzat, partidak jokatu ahala, bere aurrelariak, Iker Irribarriak, ere hobera egin behako luke bere jokoan. «Berak ere esaten du gauza batzuetan oraindik kostatzen zaiola oraindik baina, egia esan, nik nahiko ondo ikusten dut eta jokatzeko era ere gustatzen zait, pilotari abiadura ematen saiatzen ari da, niri laguntzen ere bai eta uste dut hori dela garrantzitsua, berak niri bezala, ni bera laguntzen saiatzea eta bikotea egitea», azaldu du.

Jokoan izango duten puntuaz harago, asteazkenekoa partida berezia izango da Rezustarentzat, Bergaran jokatzeko aukera izango baitu, normalean oso noizean behin baino izaten ez duena. «Txapelketak beti izaten du presio puntu hori, baina ez nuke esango herrian jokatzeagatik handiagoa denik».