Gogoz eta tentuz hartu ditu Landakok lehen bisitariak
Pozik, aurten aurre aurreko Azoka izango delako eta era berean adi, osasun neurriak zuhur betez. Horrela ireki ditu ateak Landakok.
Beso zabalik egin die ongietorria Landakok sortziaile zein kulturzaleei, larunbat honetan. Baita kazetarioi ere. Bost egun ditugu aurretik Azokaz gozatzeko.
Pozik, egitea bera arrakasta delako, baina bizi dugun osasun egoera uneoro kontuan izanik, antolatzaileek eta Durangoko Udalak arduraz jokatzen deia egin dute.
Goizeko 10etarako ireki ditu ateak Azokaren erdigune eta ordurako bisitarien ilara ikus zitekeen kanpoaldean. Denak aurreko egunetan barrura sartzeko erreserba eginda.
Hotzari aurre eginez kultur nobedadeak bertatik bertara ezagutu, gustuko idazle zein musikariekin une batez egon eta aspaldiko lagunen aurpegiak –musukoak ezkutatuta bada ere– ikusteko irrikaz aurkitu ditugu bisitariak.
Lehen orduetan giroa lasaia da Landako barruan, eguerdian hasi da berotzen. Ordu eta erdiz egon ahal izango dutela gogoratzen diete bisitariei antolatzaileek bozgorailuetatik. Bertatik Landakotik irteteko eskaera entzun eta laster abiatu dira bisitariak kanpora. Ordu erdiz hustu eta hurrengo txanda sartuko da. Puntualitate britaniarra.
Landakoren ondoan, Plateruenak gozo hartu ditu musikazaleak. Barra itxita, agertoki soil bihurtu da. Ez du ohiko irudia erakusten baina taldeak zein jarraitzaileak gustura ikusi ditugu.
Ia egun osoan euriak ez du barkatu eta ez da giro ilaran zain. Landakori buelta osoa ematen dio txanda bakoitzaren sarreraren unean. Bost txandatatik lau bete dira gaur. Aforoaren herena sartzen da barruan –3.400 da aforo osoa eta 1.200koak dira txandak– beraz bisitariek eroso begiratu ditzazkete salmahaietan txukun-txukun ikusgai jarritako argitalpenak erosi aurretik.
Lehen orduak
Goizeko 10etan Durango eta inguruko herrietakoak izan dira bisitari gehienak. Haur txikia besoetan aurkitu dugu Andere Irigoras. Familiarekin etorri da. Durangarra da eta iaz bertaratzeko aukera izan arren –ingurukoek bakarrik ahal izan zuten izurriagatik– ez zen animatu. Aurten bai.
Ingurukoa ere aurrerago dagoen kulturzalea. Neba ilaran aurrerago dago hiru seme-alabekin. Haiek Iruñetik datoz. Irribarretsu dago. Betidanik etorri da Azokara. «Asteburu berezia izan ohi da Durangoan, giro euskalduna sortzen da eta eskertzen da, eta normalean ez da hala suertatzen», nabarmendu du.
Aurten egitea bera «asko da, eta beharrezkoa» bere esanetan.
Elorriotik datoz Ainhoa, Miren, June eta Jon. Landakora sartzera doaz. Gero Ahotseneara joateko asmotan ziren baina ezin, Bulego taldeak agortu ditu sarrerak. Pena. Aurkituko dute zer egina. «Saltseatuko dugu ea zer dagoen», diote.
Txandak
Bost txanda egongo dira egunean zehar Azokaren bihotza den Landakora sartzeko, eta 1.200 bisitarirentzat tokia txanda bakoitzean.
Bigarren urtez izurriak baldintzatutako Azoka da aurtengoa. Gerediaga Elkarteko kideei buruhauste bat baino gehiago sortu die oraingoan ere osasun egoerak. Azken unera arte. Baina gogotsu ekin diote gaur hasi eta asteazkena bitartean luzatuko den urteroko hitzorduari.
650.000 aurrekontua du aurtengo Azokak. 2019an 668.000 eurokoa izan zen eta iaz 456.700 eurokoa.
Denera 219 salmahai egongo dira –165 partehartzaile–, horietatik 17 autoekoizleak izango dira, 28 lehenengo aldiz stand bat jarriko dutenak. Pandemia aurreko garaietan baino gutxiago. 2019an, esaterako, 264 jarri ziren.
Kulturzaleek 990 nobedade izango dituzte eskura aurtengo Durangoko Azokan.
Ekitaldi kopuruari dagokionez, bost egunetan zehar 200 ekitaldi baino gehiago iragarri ditu Gerediaga Elkarteak aurten. 2019ko kopuru bera dela nabarmentzekoa da. Iaz erdira jeitsi ziren, izan ere 100 ekitaldi antolatu ziren salmahairik gabeko edizio pandemikoan.