INFO

Alemaniako Berdeek Scholz kantziler bihurtuko duen Gobernu ituna onartu dute

Alemaniako Berdeek gehiengo zabalarekin onartu dute Olaf Scholz sozialdemokrata kantziler bihurtuko duen ituna. Militanteen %86aren oniritzia jaso du akordioak.

Olaf Scholz Alemaniako hurrengo kanzilerra, ministro izango diren Christian Lindber, Annabela Baerbock eta Robert Habeckekin. (Tobias SCHWARZ/AFP)

Alemaniako Berdeek Olaf Scholz sozialdemokrata herrialdeko hurrengo kantziler bihurtuko duen Gobernu itunari baiezkoa eman diote, botoen %86 eskuratuta.

Alderdi ekologistak gaur eman du jakitera militanteei irekitako kontsultaren emaitza, joan den asteburuan Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) eta Alderdi Liberalaren (FDP) babes argia lortu ondoren.

Sozialdemokratek bozen %98,8arekin onartu zuten bi alderdien artean negoziatutako akordioa, kongresu birtual batean; aldiz, liberalen %92k babestu zuen.

Hiru alderdiek berretsi ondoren, astearte honetan ituna sinatzea aurreikusten da, eta asteazkenean Scholz inbestidurara aurkeztuko da Legebiltzarrean (Bundestag), non hirukoak 736 eserlekutatik 416 dituen.

SPDk zazpi ministroen zerrenda osoa aurkeztu du gaur, eta horien artean Karl Lauterbach izango litzateke Osasun ministroa. Lauterbachek presentzia nabarmena izan du hedabideetan pandemia osoan, eta zuhurtzia handienaren defendatzailea da; hori dela eta, txertoen aurkakoek eraso ugari egin dizkiote sareetan.

Era berean, Scholzek jakinarazi du Hubertus Heil-ek jarraituko duela Lan eta Gizarte Gaietako titularra izaten, eta Kantzelaritzari atxikitako ministroa, berriz, Wolfgang Schmidt, bere konfiantza handiko pertsona.

Defentsarako Christina Lambrecht izendatu du, orain arte Justizia ministro izan dena; Barne ministroa Nancy Faeser izango da eta Etxebizitza Ministerio berriaren buru Klara Geywitz jarriko da. Sozialdemokratentzat azken kartera, Garapenerako Laguntza, Svenja Schulzerentzat izango da.

Berdeek joan den astean banatu zituzten karguak. Robert Habeck presidentekideari Ekonomia eta Klimako superministerioa egokituko zaio, eta Annalena Baerbocki, berriz, Kanpo Arazoak.

Nekazaritza Cem Ozdemirrentzat izango da; Familia, Emakume eta Gazteria Ministerioa Anne Spiegelentzat eta Ingurumen ministerioa Steffi Lemkerentzat.

FDPk bere liderra, Christian Lindner, izango du Finantza buru. Garraio eta Digitalizaziorako, Volker Wissing idazkari nagusia izendatu du; Justizian eta Hezkuntzan, berriz, Marco Buschmann eta Bettina Stark-Watzinger izango dira, hurrenez hurren.