INFO

Espainiar Gobernuak Isabel Celaa ministro ohia proposatu du Vatikanoan enbaxadore izateko

Espainiar Gobernuak Isabel Celaa ministro ohiari Vatikanoan enbaxadore izatea proposatu dio. Kargua Egoitza Santuak onartu behar du. Carmen de la Peña Corcuera ordezkatuko luke Celaak.

Isabel Celaaren artxiboko irudia. (Monika DEL VALLE/FOKU)

‘Eldiario.es’k jakinarazi duenez eta espainiar Gobernuko iturriek ‘Europa Press’ agentziari baieztatu diotenez, exekutiboak Isabel Celaa Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro ohia proposatu du Vatikanoaren enbaxadore izateko.

Horrela, Celaak Carmen de la Peña Corcuera ordezkatuko luke, 2018ko azarotik Vatikanoko kargu diplomatikoan dagoena.

Uztaileko azken birmoldaketan atera zen ministro ohia Gobernutik, eta Pilar Alegriari utzi zion Hezkuntza eta Lanbide Heziketa saila. Pedro Sanchezen lehen legegintzaldian ere Gobernuaren bozeramaile izan zen, eta Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko egungo titularrari eman zion kargua.

Irakaslea lanbidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburu izan zen Patxi López buru zuen PSEren Gobernuan, 2009tik 2012ra. Hezkuntza Publikoaren erreforma bultzatu zuen, hirueletasunaren eta ikastetxeetan teknologia berriak sartzearen alde eginez.

1987an hasi zituen hezkuntza-arloko erantzukizun instituzionalak, eta, ondoren, Lakuako Gobernuan, Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko, Osasun Batzordeko eta Hezkuntza eta Kultura Batzordeko kide izan zen, besteak beste, VI. Legegintzaldian.

Horrela, Celaak José Manuel Rodríguez Uribes Kultura eta Kirol ministro ohiaren urratsak jarraitzen ditu. Ministro ohia UNESCOren enbaxadore berri izendatu zuen Ministroen Kontseiluak, Gobernutik atera ondoren.