INFO

Eskoziak Europako ikatz zentral handiena zenaren tximinia eraitsi du

Eskoziako Gobernuak Longanneteko ikatz zentraleko tximinia eraitsi du. 2016az geroztik itxita dihardu zentralak, baina Eskoziak deskarbonizazio prozesuarekiko duen konpromisoaren sinbolo gisa bota dute.

Longanneteko ikatz zentraleko tximinia eraitsi aurretik. (Stephen MC CLUSKEY/GETTY IMAGES)

Eskoziako Gobernuak Longanneteko, Europako ikatz zentral handiena izan zenaren, tximinia eraitsi du ostegun honetan. Nicola Sturgeonek, Eskoziako lehen ministroak, izan du 700 kiloko lehergailuak detonatzeko ardura, era horretan 183 metroko tximinia suntsituz. Tximiniaren eraisketak «ikatz energiaren belaunaldiaren amaiera» sinbolizatzen duela azaldu du Sturgeonek.

ScottishPower, Erresuma Batuan Iberdrolak duen filiala, 2016ra arte ibili zen martxan Longanneteko zentral termikoan. Longannet Edimburgotik 30 kilometro ingurura dago kokatuta eta honek 1970ean ekin zion eskoziarrentzat energia ekoizteari. Ateak ireki zituenean, zentralak 4 milioi tona ikatz kontsumitzen zituen urtean eta horrekin 2 milioi etxe hornitzen zituen energiaz.

Zentral termikoaren tximinia inguruko hainbat herritatik ikus zitekeen, baina ostegun honetatik aurrera hondakin multzo bat baino ez da. Asteazken osoan zehar ‘Make coal history’ (‘ikatza historia bihurtu’) leloa proiektatu zuten tximinian.

Iberdrolako presidentea den Ignacio Galanek, bere aldetik, komunikatu baten bidez azaldu du Longannetek «rol garrantzitsua» bete zuela Eskozian bertako ikatz zentral handiena bezala. Hala ere, azpimarratu du etorkizuna «energia garbitik soilik» pasatu daitekela.

Alderdi Berdearekin koalizio gobernua osatu du Nicola Sturgeonek, klima aldaketari aurre egitea oinarri duena.