Bidasoak eta Anaitasunak Asobal Ligan gorantz begira amaitu nahi dute urtea
Larunbat honetan Zupo Equisoianen Nava izango dute iruindarrek aurkari etxean, 19.00etan hasita, gipuzkoarrek, bestalde, Benidorm seigarren sailkatuaren etxean jokatuko dute 18.00etatik aurrera. Irabaziz gero, sailkapenean gorantz egingo dute euskal talde biek.
Covid-19ak makina bat buruko min eragin dizkie azken aldian Bidasoa-Irun eta Helvetia Anaitasunari, baina ari dira egoerari gutxika buelta ematen eta hala, larunbat honetan 2021. urteari behar bezala agur esan ahal izango diote euskal talde biek. «Behar bezala» diogunean Asobal Ligako sailkapenean gorantz begira esan nahi da, irabaziz gero aurrerantz egingo baitute biek ala biek.
Astean zehar Antequerari 33-22 irabazi eta gero, Zupo Equisoain entrenatzaile mitikoaren Nava sogoviarra izango tu Austrari Anaitasunak 19.00etatik aurrera, Anaitasuna kiroildegian bertan.
Uneotan 14 punturein berdinduta daude hala nafarrak nola gaztelarrak. Bada, sailkapen nagusian bosgarren postuan dagoen Frigorificos Morrazo taldearekin bat egingo luke irabazleak. Esan gabe doa Quique Dominguez eta bere gizonek ez diotela Navari aukera hori eman nahi.
Ander Izquierdo, Antonio Bazan, Alvaro Gaston eta Ander Torriko faltako ditu talde iruindarrak eta baja horiekin zailagoa izango da segoviarrei irabaztea, nahiz eta azken hauek azken hiru partidetan garaipena lortzea zer den ez dakiten
«Taldea gorantz egiteko prest ikusten dut» adierazi du neurketaren bezperan Quique Dominguez entrenatzaileak. «Lehiakor izateko moduan gaude» azpimarratu du, Nava taldeari buruz «iaztik hona aldaketa asko eginagatik, talde gogorra» dela onartu arren.
Navako entrenatzaile Zupo Equisoianek ere larunbateko partida beste modu batera ikusten du. «San Antonio balitz aurkaria, are eta bereziago litzateke neurketa. Anaitasuna dugu aurkari eta tira, ligako beste neurketa bat da, besterik gabe, baina Iruñeara itzultzea beti da zerbait berezia», adierazi du.
Benidormen jokatzera
Bidasoa-Irunek, berriz, Benidormen kantxan jokatu beharko du 18.00etan hasiko den partida. Wisla Plock talde poloniarraren aurka saririk gabeko lan aparta egin zuten Jacobo Cuetararenek –entrenatzaileak astean berritu du kontratua–, ia entrenatzeko astirik eta modurik gabe, senda-agiria jaso berritan.
Larunbat honetarako asti apur bat izan dute irundarrek, baita Jacobo Cuetarak berak 2024ra arte kontratua luzatu duela jakin ere.
Jokatu ezinik egon den denbora honetan guztian atzera egin du Bidasoa-Irunek sailkapenean eta egun laugarren postuan dago, 19 punturekin, Benidormek baino bost gehiago. Anaitasunari, esaterako, mesede egingo lioke Bidasoaren garaipenak, baina bere interes propioei so eginez gero ere, badute zerbait jokoan Jacobo Cuetararenek. Izan ere, uneotan bigarren postuan dagoen Granollersek baino puntu bat gutxiago dute gipuzkoarrek eta, hala, Benidormen irabazi gero berriz ere bigarren leku horretara itzuliko lirateke.
Ikusi egin behar Julen Aginagalde, Dariel Garcia eta Kauldi Odriozola jokatzeko moduan dauden, baina hala ere taldekideek erakutsi zuten Wisla Plocken aurka lehiakor izan daitezkeela hauek gabe ere.