INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Gabiriako istripua trenbide-sarea gaizki mantentzearen ondorio izan dela salatu dute makinistek

Semaf sindikatuaren ustez abiadura handiko sarearen mantentze-lana lehenesten ari da ohiko sarearen gainetik, eta azken hau hobetzeko eskatu die Gobernu espainiarreko Garraio Sailari eta trenbide-azpiegituren kudeatzaileari, Adifi.

Gabirian ostegunean gertatutako istripua. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Semaf Renfeko makinisten sindikatuak salatu du ohiko trenbide-sarea behar bezala ez mantentzeak zazpi istripu eragin dituela hilabete eta erdian Estatu espainiarrean, horietako bat ostegunean Gabirian izandako lur-jausiak eragindakoa.

Semaf-en ustez, abiadura handiko sarearen mantentze-lana lehenesten ari da ohiko sarearen gainetik, eta ohar baten bidez eskatu die Gobernu espainiarreko Garraio Sailari eta trenbide-azpiegituren kudeatzaileari, Adifi, azken hori hobetzeko, hori baita lurraldea hobekien egituratzen duena (470 milioi bidaiari ditu urtean).

Azken gertakaria ostegun honetan izan zen, Gabiria parean izandako lur-jausi baten ondorioz, Irungo linean. Makinistaren erreakzio «azkarrak» «gaitz larriak» saihestu zituela eman du jakitera sindikatuak.

Adierazi dutenez, ohiko zirkulazioetarako sareak (abiadura handikoa ez denak), zabalera metrikokoak bezala, gero eta arazo gehiago ditu «etengabeko arretarik eza eta mantentze-lan egokirik eza» direla eta.

Semaf-en arabera, zazpi istripuetatik lau Asturias eta Leon arteko linean gertatu dira; izan ere, Pajareseko Portuko saihesbidea ireki da abiadura handiko trenak igaro ahal izateko. «Linea konbentzionala uzten ari direla susmatzen da, eta, hala, linea itxi izana justifikatzen da, Ministerioak egin berri duen bezala Madril-Aranjuez-Cuenca-Valentzia trenbidearekin».