INFO

Gure Irratiak euskaraz jantzi zituen uhinak duela 40 urte

Euskara hutsez emititzen hasi zen Gure Irratia, 1981eko Gabon gauean, Milafrangan. 40 urte igaro direnean, euskaldunen laguntza eta parte hartzeari esker, euskararen munduan erreferentea da. Hori ospatzeko, 8 orduko emankizun berezia izanen da bihar.

Ospakizunerako motibua egon badago.

Gure Irratiaren oinarria euskara, laguntzaileak eta hedabide librea izatea da», nabarmendu du Olatz Idoate Lapurdiko irratiko koordinatzaileak. Baieztapen horrekin guztiz bat datoz hedabideko sortzaileen artean izan ziren Luzien Etxezarreta eta Xipri Arbelbide: «Euskara egun osoan irrati batetik entzuten hasi zenetik, beste mintzairen heinean eman genuen euskaldunen gogoan, sukalde eta borda guztietan entzuten zen».

Arbelbidek gogoan du lehen emankizuna: «Burdin-ziri bat emanik zen Milafrangan genuen estudioko teilatu gainean, antena oraino etortzekoa baitzen! Gure lehen kazetari eta animatzailea Luzien izan zen. Egin dugu bidea geroztik, traba eta krisi zenbait gorabehera, baina euskara eta Euskal Herria irabazle atera dira». Etxezarretak ere oroitzapen ederrak ditu gau hartaz: «Arratseko zazpietan hasi ginen Xabier Leteren ‘Nafarroa arragoa’ kantuarekin. Arrats horretan gomit anitz etorri ziren, laguntza ekarri zutenak irratia egiteko».

Hasiera zaila izan zen, teknikoki, ekonomikoki, barne antolaketari dagokionez, jendartearen zenbait parteren aldetik heldu ziren trufengatik… baina lauzpabost urtean erreferente bilakatu zela nabarmendu du Etxezarretak. Arbelbidek datuak ere ekarri ditu: «Harritu ziren denak, 60.000 entzule baino gehiago genituen, Iparraldeak 240.000 bizilagun zituelarik garai horietan, eta erdiak baino gehiago euskaldunak. Egunkari batek egin zuen inkesta batean agertzen zen entzunena zela Gure Irratia, eta gazteak bagenituen».

Arbelbidek Nafarroara egin zuen bidaia bat izan zen egitasmoaren iturburua. Han zegoela ezagun batekin irrati txiki bat ikustera joan zen: «Han nintzela ikusi nuen, mahai normal bat zela; magnetofono eta ‘tokadisko’ bat nirea bezalakoa. Gogoetatzen egon nintzen eta galdetu nuen zenbat balio zuen, 100.000 pezeta zirela, eta pentsatu nuen hori egiten ahal genuela». Horrela Manex Pagola eta Piarres Xarriton ikustera joan zen, ideiarekin bat egin zuten, eta kultur elkarteak, Seaska, AEK… gonbidatu zituzten: «Hogei bat pertsona egon ginen gela ilun batean, eta erabaki genuen irrati bat egitea euskaraz. Ene bidaia Nafarroara ekainean izan zen eta Eguberriz hasi ginen; sei hilabetean, fite egin zen».

Etxezarretari esatari postua proposatu zioten, eta horrela abiatu zen: «Urte bukaeran Ermiñe Madariaga eta Jokin Lotrerekin egin genuen lehen ekipoa, eta Ernest Irigoien, alde teknikoan». Hori guztia aurrera atera ahal izateko denen laguntza beharrezkoa izan zen: «Garai batean 300 pertsona baziren diru pixka bat ematen zutenak irrati hori zutik jartzeko, eta kopuru hori handitu zen eta horrekin antena bat eta estudio bat erosi ziren».

1985ean Baionara aldatu zuten egoitza; horrek garapenean lagundu zion, eta 2006tik Uztaritzen dira. Hilabete batzuen aldearekin, atzetik etorri zitzaizkion Nafarroa Beherean Irulegiko Irratia eta Zuberoan Xiberoko Botza, biak 2022an 40 urte eginen dituztenak. 1996az geroztik elkarrekin ari dira Euskal Irratiak sarean, Antxeta Irratiarekin eta Donapaleukoarekin batera.

«Euskararen transmisioa gara»

Hizkuntzak duen garrantzia nabarmendu du koordinatzaileak: «Erlazioa egiten dugu euskara eta gizartearen artean; transmisioa gara, euskarazko hedabide gutxienetakoa. Guk dugu rol hori asumitzen, horretarako sortu zen duela 40 urte eta orain horretan segitzen dugu. Euskararen normalizazio prozesuan beharrezkoak gara».

Hizkuntza atxikitzeko irratiak zuen garrantziaz jabetuta ari zirela azpimarratu du lehen esatariak: «Gu izan gara euskararen alde oso tematurik; desprezio handi bat izan zen, ez genuela ezer lortuko, baina lan handia egin genuen; ni behintzat fede handiz nintzen, gazte eta lorios. Harritu gintuena jendearen harrera zen. Joaten nintzen gauetan kantaldian grabatzera, eta jendeak entzuten zituen, oso publiko handia egin genuen garai batean». Harrera hori ez zela egun batetik bestera lortu oroitu du sortzaileak: «Emeki-emeki bildu genuen sare ederra. Irekiak ginen, denak etortzen ziren nahi zutelarik beraien burua ezagutzera eman, edo zerbait egina bazuten aurkeztera; beren etxean ziren Gure Irratian».

Laguntzaileak

Programazioan laguntzaileen tokia oinarrietako bat izan zela gogoan du Etxezarretak: «Goizean bi ordu ematen genituen, arratsean bi, eta larunbatean eta igande goizetan, programazioa pixka bat handituz joan zen, laguntzaile asko izan zirelako. Mattin Larzabalek larunbat goizero emankizun bat egiten zuen, Manex Pagolak ere bai “Katixa Larrondo” pertsonaia famatuarekin, Xarritonekin literatura emanaldi bat sortu zuen, Maite Idirinek musika klasikoari buruzkoa, gazte talde bat etortzen zen musika egitera… osatuz joan zen». Entzuleekin sortu zen lotura ere aipatu du: «Biziki harreman hurbila izan dugu jendearekin, bereziki adinekoekin, harrigarria zen. Igande goizetan etortzen ziren, eta kantatzen zuten».

Nola ez, programazioari buruzko barne eztabaidak izan ziren; musika hautaketaren inguruan, besteak beste. «Zinez oroitzapen goxoak ditut urte horienak, baita buruko minenak ere; pazientzia handia behar izan da. Denbora batean ez zuten rock musikarik nahi zuzendaritzan, eta guk estimatzen genuen; horrelako gauzak ziren, adinekoen, eta gazteagoen artean». Arbelbide jatorriari buruzko gogoetaz oroitzen da, «zein punturaino sartu musika espainol, frantses, amerikano eta horiek».

Meza zuzenean emateak ere gorabeherak ekarri zituela gogoratu du esatari ohiak: «Guk ez genuen Elizako emankizunik nahi, eta hori oso arazo larria izan da; Adour-Navarre irratia itxi zutelarik, ez zen mezarik gehiago. Guk pentsatu genuen interesgarriagoa zela apaiz batzuen gogoetak plazaratzea; Manex Erdozaintzi-Etxart, besteak beste, kazeta batean grabatzen zuten eta guk ematen genuen. Baina gero inposatu ziguten meza ematea; langileak ez ginen horren alde, baina entzuleria handia bazen horrekin».

Ekonomikoki ere ez zen erraza beti: «Pagatzea ere ez zen erraza. Batzuetan zuzendaritzakoek beren sakelatik pagatzen zuten, baina beti pagatuak ginen. Zailtasun handiak ziren; materiala oso gaizki zen».

Oso dirulaguntza gutxi izan zituzten. Kontseilu Nagusiaren laguntza lortzea zaila izan zuten, eta herriko etxe batzuena ere erdietsi zuten.

Lan berria zen denentzat; profesionalik ez zen. Nola iragaten zen gogoratzen du irribarretsu Etxezarretak: «Ez ginen beti ordu zehatzetan hasten, erabiltzen genituen 33ko diskoak eta batzuetan kraskatzen ziren; jarrita uzten genituen kafe bat hartzera joateko, eta egoten ziren 10 minutuz errepikatzen, isilune luzeak batzuetan… amateurrak ginen. Hala ere, lana zen. Entzuten genituen gureak eta asto beltzarenak».

Egoera politikoa ere ez zen erraza garai hartan: «GALen denboran 1980ko hamarkadan Iparretarrak eta ETAren komunikatuak errezibitzen genituen; polizia etortzen zen noizbehinka komunikatuen bila, baina, bistan da, ez genituen ikusiak, edo galtzen genituen. Atxiloketak zirelarik ematen genituen; tentsio handiko denborak izan ziren. 1984-1985ean ez genuen debekurik izan, nahiz eta polizia-sarekada handia izan zelarik, bizpahiru aldiz, bezperan Gure Irratiko antena moztua izan zen, ofizialki trumoiarengatik edo. Sarekadak bazirelarik, jendeak deitzen zuen esateko polizia non zen. Bazekiten ez genituela sarekadak maite».

Historiari begiratuko diote larunbatean; horiek eta gehiago izanen dira hizpide, laguntzaile, kolaboratzaile eta langile ohi eta berriak elkartuko dituen emankizunean. «Gure Irratiaren familia handia elkartzea pentsatu dugu, gure egoitzara ekartzea, eta ate irekitze handi bat antolatu dugu, zortzi orduko maratoi-emankizun batekin. Jende anitz gonbidatua izan da!», baieztatu du Idoatek. Ezagunak diren kolaboratzaile edo langile ohiek musika joko dute: Anje Duhalde, Willis Drummond taldeko Jurgi Ekiza, Amaia Aire, Xalbaltx, Pantxix Bidart…

«Gure Irratia herritarrek sortu zuten, eta egun ere herritarrek erabakitzen dute zein irrati nahi duten. Berezko hedabidea izatea garrantzitsua da», baieztatu du Idoatek.