INFO

Unai Alberdi aurrelari azpeitiarrak Baikorekin egingo du debuta datorren urtarrilean

Aurrelaria da, 19 urte ditu eta profesionaletan hiru urte pasa daramatzan Jon Alberdiren anaia gaztea da. Azpeitiako Ilunpe pilota elkartean hazia, garaipen ugari pilatu ditu azken urteotan afizionatu mailan.

Unai Alberdi, pozik Baikoren elastikoa jantzita (BAIKO PILOTA)

Baiko Pilotak jakinarazi duenez, Unai Alberdi azpeitiarrak urtarrilean egingo du debuta profesional mailan Bilboko enpresarekin. Aurrelaria da, 19 urte ditu eta profesionaletan hiru urte pasa daramatzan Jon Alberdiren anaia gaztea da.

Azpeitiako Ilunpe pilota elkartean hazia, garaipen ugari pilatu ditu azken urteotan afizionatu mailan: 2019an DV Txapelketa eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi zituen; 2020an Miguel Soroaren Oroimenezkoa; eta aurten Gipuzkoako eta Euskal Herriko Herriarteko Txapelketak, Lau eta Erdiko Elite Txapelketa, Zizurkilgo torneoa, Oñatikoa…

Baiko Pilotak zabaldutako adierazpen batzuetan dioenez, Unai Alberdi «oso pozik» dago profesional mailan debutatzeko aukera izateagatik, eta eskerrak eman dizkio Bilboko enpresari «nigan konfidantza izateagatik». «Ea aukera hau ahal bezain beste baliatzen dudan eta dena ongi joaten den», gaineratu du azpeitiarrak.

Aipagarria da Alberdi anaiekin batera beste azpeitiar bat ere ari dela esku pilota profesionalean jokatzen gaur egun, Julen Egiguren (Aspeko pilotaria hau), eta beraz hiru aurrelari profesional dituela Azpeitiak egun gorengo mailan, hirurak oso gazteak gainera.