INFO

Joseluk puntu garrantzitsu bat eman dio Alaveseri, jaitsierara itzultzea saihestuz

Enes Unalek lehendabiziko zatian eginiko golarekin aurreratu da markagailuan Getafe eta Joseluk, denboraldiko zortzigarrena eginda, puntu garrantzitsu bat eman dio Alaveseri (1-1). Hala, bi porrot jarraian jaso osteko zauria nolabait osatzea ere lortu dute babazorroek. 

Manu Garcia hasieratik aritu da Toni Moyaren ordez. (Endika PORTILLO/FOKU)

Getafek Mendizorrotzan irabaziko balu, Alaves jaitsiera postuetara itzuliko litzateke. Eta egoera hori errealitate izateko oso gertu –gertuegi– egon da larunbat arratsalde honetan. Arerio zuzenen arteko lehia eta ondorioz, berebiziko garrantzia zeukala argi geratu zen atarikoan; argi geratu zen moduan Quique Sanchez Flores Getaferen aulkira itzuli zenetik, madrildarrek sekulako hobekuntza egin zutela.

Hori guztia argi eta garbi islatu da Mendizorrotzako berdegunean, nahiz eta hasierako minutuetan Alaves nagusi izan den. Nagusi izan da bai, baina beti ere zelai-erdian, erasoan arriskurik eragin gabe baina Getaferen joko hasieran presio altua eta eraginkorra eginda. 

Eroso zebilela zirudien, akats bat egin duen arte. Eta akats horrek zerikusi zuzena izan du golarekin, jakina baitzen Alaves azkenaldian ez zebilela fin bi areetan. Riojak huts egin du Duarteri atzera pasatzerakoan –motz geratu zaio– eta Damianek bereganatu du baloi-jabetza. Espaziora eginiko pasearekin Enes Ünal aurrelaria bilatu eta honek, Laguardia zein Pacheco gainditu ditu jaurtiketa indartsu batekin. 

20. minutuan 0-1ekoa jasota, Alavesen gainbehera hasi da eta Getafek bere minuturik onenak jokatu ditu. Presio ona eginda, asko oztopatu du Alavesen jokoa eta noski, babazorroak ere ez dira batere fin ibili. Callejak Pellistriren aldeko apostua egin du, Edgar Mendez aulkian utzita, baina uruguaitarrak oraindik ere ezer erakusti gabe jarraitzen du. Manchester United talde ingelesak utzita dagoen jokalaria makal aritu da bere taldekideak aurkitzerako garaian eta baita arerioarengandik ihes egiteko saiakeretan. Hain izan da eskasa bere parte-hartzea, entrenatzaileak ez duela zalantza egin atsedenaldian aldagelan uzten. 

Manu Garcia ere hasieratik aritu da Toni Moyaren ordez eta zenbait baloi luzetan huts egin badu ere, bigarren zatian protagonismoa hartzen joan da eta bere kalitatea agerian geratu da pare bat jokalditan –esaterako, Martin Agirregabiriari eginiko pasean, gero gasteiztarraren atzerako pasea atzelariek urrundu duen jokaldian–. 

Aipatu jokaldia bigarren zatian izan da, markagailuak 0-1ekoa adierazten zuela. Markagailuko aldea, baina, handiagoa izan zitekeen atsedenaldiaren aurretik Arambarriren erremate indartsua zutoinak urrundu ez balu. Gogotik ordaindu dute madrildarrek jokaldi hori, baita Jaime Matak 72. minutuan izandako gol aukera ere, gutxigatik kanpora bidali duena. 

Ordura arte, Alaves sentsazioak berreskuratzen joan bada ere, ez du arriskurik eragin Soriaren atean; are gehiago, ez du atera jaurtiketarik egin Joseluk 85. minutuan gola egin duen arte. Eta gaitzerdi galiziarrak asmatu egin duela, bestela jaitsiera postuetan legoke talde gasteiztarra. 

Zortzigarren gola egin du Joseluk eta honekin, Lehen Mailan Alaveseko historiako golegile nagusia bilakatu da. Ez da lorpen makala, ez! Hori ez ezik, puntu garrantzitsu bat eman dio taldeari eta era berean, nolabaiteko oxigenoa. Arerio zuzen batekiko distantzia mantentzea lortu baitu.