Eusko lurrean atseden har dezaten
Beharturik frontera eraman zituzten gazte haiena gerraren alde tristeenetakoa da. Gehienak Ebroko batailara kanoi-bazka moduan eraman zituzten. Eta bertan hil ziren.
Beren familiek hori bakarrik zekiten: gerran hil zirela. Francoren mausoleoan, Erorien Haranean, daudela edo egon daitezkeela jakin duten arte. Hortik aurrera, handik atera eta etxera ekartzeko lanean dihardu senide talde batek, nabarmentzekoa den lekukotza eta eredua emanez.
Aita abertzale izateagatik preso zegoela, Francorekin gerra egitera eraman zuten Alexander; anaia guztiak espetxetik pasatuta zeuzkan Lukasek; izan zitekeen anaia zaharra gudariekin borrokara joanda, baserrian geratu zen anaia gaztetxoa, edo baserriko bi anaiak, hartu eta bortxaz frontera eramanak. 85 urte eta gero han segitzen du Erorien Haranak, Francoren mausoleoak. Eta han segitzen dute 30.000 gorpu baino gehiagok, tartean 2.000tik gora euskaldunenak. Hantxe, toki beldurgarri hartan, Francori gorazarre egiteko pelegrinaje eta turismo leku hartan. Han daude euskal gazte haien hezurrak, eta, batzuek, hantxe nahi lituzkete betirako: errespetua eta gizatasuna ukatuta, familien zauria ixteke, oraindik bizirik dauden senide adinduei barne-bakerik eskaini gabe, duintasun eta memoria kondentsatu hori guztia transmititu gabe.
Elkarrekin gauzak mugitzen saiatzen ari dira familia gutxi batzuk, lurperatuta dauden hildakoen kopuruari begiratuz gero, gutxi direlako. Hogeiren bat familia ez direlako asko. Ez da erraza hartu duten bidea. Askotan bakarrik dabiltzala sentitu dute, denboran luzatzen diren prozesuetan; senideen gorpuak handik atera eta herrira, etxera, ekarriko dituzten esperantza galduta edo galtzear ibili dira sarritan, baina esperantza horri atea zabalik beti.
Kontatzen dituzten istorioak oso tristeak dira, penagarriak eta amorragarriak, beldurgarriak. Baina zabaltzen duten mezua entzun beharrekoa da, sentitua eta sakona. Eta egiten dituzten eskaerak serio hartu beharrekoak dira. 85 urte eta gero, behingoagatik, euskal gazte horiek Erorien Haranetik herrira, etxera, ekarri behar direlako, kasu batzuetan oraindik bizirik dituzten senideen ondora. Alexander Aretxabaleta, Lukas Ugarte, Jose Larrañaga, Jose Arrieta eta beste askoren lekua ez delako hura.
«Gerran hil zela, beste ezer ez genekien». Bergarako Lamaiño baserrian egin dugu hitzordua. Markina-Xemeindik Betikone Aretxabaleta etorri da, Etxebarritik Asun Arrieta, Tolosatik Ekhiñe Atorrasagasti eta Elorrion bizi den Lamaiño bertako Jexus Aristegi. ETBko “Ur Handitan” programaren eskutik Erorien Haranean bertan egonda daude laurak, lau istorio ezberdin eta lekukotza bera. Pena eta amorrua ematen duen min sakona aurkeztuko digute, helburu zehatz eta lorgarria, hezur batzuk etxera ekartzea baino askoz gehiago den ahalgina.
Ardi gaztaren usain gozoak betetzen du Lamaiñoko mahai buelta. Eta konfiantzan, sentimenduak biluztuz berba egiteko atmosfera moduko bat girotzen du. Nonbaitetik hasi behar eta beren senideen gorpuzkiak errekuperatzeko prozesua zein egoeratan dagoen galdetuz hasi dugu solasaldia. Nola dagoen kontua, aurreikuspenak zeintzuk diren, baikorrak ote diren galdetuz. «Gu –Betikonek hartu du hitza– orain urte bi enteratu ginen han zegoela Alexander. Tarragonan hil eta Markinara ekarri zuten, ze bere anai-arrebak bizirik zeuden eta ikusi egin zuten nola ekarri zuten, ikusi zuten bera hilda eta Markinan lurperatu zuten. Guk ez dugu inoiz ikusi haren hilarririk edo oroigarririk, ezer ere ez. Ez genekien gero gorpuzkiak hartu eta Erorien Haranera eraman zituztela. Bakarrik genekien Alexander gerran hil zela, beste ezer ez».
Eta Ekhiñek errima bereko beste istorio bat ekartzen du gogora: «Guk orain dela zortzi bat urte jakin genuen Erorien Haranean zegoela, beste anaia guztien berri jasotzen ari ginela, gure aitona Nicasiorena, Ezkaban zegoen bere anaia zahar Miguelena… Gure ama Arantzadi inguruan bazebilen ordurako. Dokumentuak bagenituen, artxiborako entregatu ditugunak batzuk, bagenituen EAE-ANVko kartillak, dominak, denetik gordeta, amaren partetik. Lukas Ugarteren anaia guztiak kartzelatik pasatuta zeuden, familian dena pixka bat ordenatzen ari ginen, gauza bakoitza non zegoen begiratzen, eta bat-batean azaldu zen Lukas Erorien Haranean zegoela. Hori jakitean ikertzen hasi ginen, joan ginen hilerriko liburuetara, eta epaitegiko eta udaletxeko dokumentu zaharretara, eta han azaldu zen gorpu horiek mugitu egin zituztela».
Markinatik 17 urterekin frankistek frontera eraman zuten Alexander Aretxabaleta Goikoetxea, bizikleta gainean, bere loba Betikoneren telefono mugikorreko argazkian.
«Frontera, aita Ezkabatik ateratzeko». Eta Jexusek bere istorioa dakar: «Ni jubilatu eta gero hasi nintzen Elorrioko memoria taldean laguntzen eta Aranzadirekin harremanetan jarri nintzen, eta esan nien behin, ‘aizue, guk ere badauzkagu desagertuta bi osaba’ eta Artxibategi Probintzialera jo eta han azaldu zen nola Gandesan (Tarragonan) hil zuten eta nola hogei urtetara hango hilerritik Cuelgamurosera eraman zuten. Zenbat aldiz entzun nion gure ama zenari, amama Alejandrak zenbat negar egiten zuen bi seme falta zitzaizkiolako... Pentsa zelako zama eroan zuten!».
Solasaldiak aurrera jo ahala, etxean falta diren senideen berri ematen digute. Haien istorioak ez dira berdinak baina errima bat badute, horixe badutela. Asunek dioskunez, «aitak esaten zuen Teruelen hil zutela, gero enteratu ginen Tarragonan izan zela, baina guk etxean ez genuen honetaz bat ere ez berba egiten; gain batean dagoen baserri batekoak ziren, eta frankistak etorri zirenean hartu eta eroan egin zuten behartuta. Bestea, zaharragoa, gudari joan zen tokatzen zitzaiolako». Eta Jexusenean ere berdintsu pasatu zen. «Indarrez Falangera sartu zuten Jose Larrañaga, eta 1938ko azaroaren 4an hil zen Gandesan (Tarragonan), 19 urterekin». Eta Betikonek: «Gurean Alexander Aretxabaleta Goikoetxea falta da, nire aitaren anaia. Nire aittitta Herri Defentsako Juntan ibili zen, aittittaren anaia fusilatu egin zuten eta aittitta Ezkabako San Kristobalen sartu zuten preso 1937ko irailean. 17 urte zituen Alexanderri horrela esan zioten: ‘joaten bazara frontera aita aterako dugu Ezkabatik’. 1939ko irailaren 27an hil zen Trempsen (Lleidan)».
Euskal gazte haiei gerraren alde tristeena erori zitzaien, edo tristeenetakoa. Beste tragedia asko ere badira oso latzak, jakina, baina hauena oso tristea izan zen. Kontrako bandoan borrokatu ziren, behartuta eraman zituzten, Ebroko batailara asko eta asko, eta hor hil ziren beste milaka askoren artean. Badirudi ez dela asko hitz egiten haietaz, edo ez da hitz egin nahi, ematen du ez daukatela beste istorio batzuek daukaten epika eta ohorea.
Asun Arrieta.
Esan gabe adierazi eta transmititzen den pisu bat. Ekhiñek hartu du haria eta puntua josten hasi zaigu: «Ez dut esaten lotsa, baina, egia da, ez da hitz egiten, kristoren sufrimendu maila egon arren, bando nazionalean zeuden, behartuta bai, baino bando nazionalean». Betikonek buruarekin baietz dio: «Neuk be beti pentsatu dut hori». Eta Ekhiñek segitzen du berean: «Isiltasun hori dago, zergatia ez dakigu baina badago, bagenekien anaia guztiak non egon ziren, zenbat urte kartzelan, bestea eta bestea, baina Lukasen kasuan ezer ez».
Gerraren alde ilun eta tristeenetakoan barna doa solasaldia. «Klaro –dio Betikonek–, pentsatu familia abertzale batean, nire aita eta aittitte ziren abertzale-abertzaleak, eta nire aittitte dago Ezkaban preso eta esaten diote semea joan dela frankistekin. Bera han preso abertzale izatearren, eta semea joan zaiola frankistekin gerra egitera… Gogorra? Izango ez da ba? Eta handik urtebetera, urte eta erdira, esaten diote semea hil egin dela gerran. Eta gero bueltatu behar zara Markinara, ze bera Ezkabatik eraman zuten Santoñara eta Santoñatik bueltatu zen herrira, eta gerra igual, bai baina errepresioa ez zen inolaz ere bukatu». Eta zalantzarik ez du: «Seme-alabok hori eraman dugu pisu bat moduan, eta niri, modu batera edo bestera, hori transmititu didate. Ze pentsatzen duzu: ‘aiba!… hemen zer gertatzen da?’. Ez dakizu zehatz-mehatz zer, baina ohartzen zara Alexanderrekin zeozer pasatu dela, badagoela ‘normala’ ez den zeozer».
Ezkerretik eskuinera, Betikone Aretxabaleta, Asun Arrieta, Jexus Aristegi eta Ekhiñe Atorrasagasti, euskal familia askok bizi izan zuten istorio triste eta ilun baten, bizi duten egoera mingarri baten, lekukotza emanez.
«Eskerrak 96 urterekin bizi den lehengusinari». Natural jarraitzen dute, sentimenduetan sakontzen: «Hori ere pasatu daiteke, baina, azkenean, tragedia horren transmisioa ebitatu egiten da, gure etxean bai behintzat», dio batek; eta besteak, «bai, ulertzen dizut, baina konturatzen zara badagoela hor zerbait, trauma handi hori, nahiz eta ez berbalizatu, bai adierazten dela. Ez dakit oso ondo nola esplikatu, esan gabe esaten diren gauzen pisu bat, belaunalditik belaunaldira pasatzen dena».
Eta testuinguru bat emateko, egoera hura beste begi batez ikusten duenik ere badago: «Orduan ez zegoen hainbesteko populazioa ere. Matematikak egin daitezke: Intxorta, Areces, bestea, batailoiak, Azpeititik batzuk harantza, beste batzuk harantza, eta gero dago Bilboren erorketa eta Santoña. Han denak akabatu nahi zituzten eta eskerrak italiarrek esan zietela haiek ez zutela marroi hori jango! Eta Santoñatik hasten da dispertsio bat, Puerto de Santa Mariara eta handik Rifera, Afrikara, hori izan zen gure aitonaren odisea. Besteak Ezkabara… Eta gainontzeko hildakoak dira, edo errepresioarenak, ba Nafarroan bertan herriz herri-eta hildako kristo guztia, edo frontera eramandako beste sektore edo milaka gazte haiena. Eta multzo honen kasuan badago lotsa moduko hori, kontatu edo besteak bezala gorde nahi izan ez den historia baten ideia-edo».
Ekhiñek berak eskerrak eman dizkio 96 urterekin bizirik den Lukasen lehengusinari: «Gure amaren kezka handi bat bazen, kezka-edo, nola esan, nik esaten nion, ‘ama, zure amonak Lukas ekarri zuen, eta Lukas ez da han egon behar, tolosarra da eta Tolosan egon behar du’. Eta berak, ‘baina nazionala baldin bazen?’… Beti horrekin. Eskerrak Lukasen 96 urteko Bere Ugarte lehengusinari, bere ahotsetik entzun ahal izan genuelako dena: ‘ze nazionala eta ze kristo! Lukas mutil gazte bat zen, mekaniko ajustadorea, begia gaizki edukitzeagatik soldaduskara joan ez zena… Eta danba! Etxetik hartu eta eraman egin zuten!’».
Betikone Aretxabaleta
Amorruaren eta penaren artean. «Zuen senideak Erorien Haranean daude». Nola hartzen da horrelako berri bat? «Pertsonalki, behin bisitatu nuen Mauthauseneko kontzentrazio-eremu nazia eta inpaktu itzela eragin zidan, barne guztia aztoratu zidan. Esadazue, senide bezala zer sentitu zenuten Erorien Haranean egon zinetenean?». Betikonek hartu du hitza: «Harridura, ezin da esplikatu. Amorrua eta penaren arteko zerbait da. Alde batetik esaten duzu, zer da hau? Hain da deskomunala hura, barrutik ikustea, ez nuen imajinatu ere egiten halakoa zenik. Hain handia da diktadore bati eta erregimen bati egiten zaion gorazarrea, ze pentsatzen duzu, ‘eta gure gizajo hauek zer egiten dute hemen?’. Eta gero pena sentitzen duzu, pena handi-handi bat: pentsatzen duzu aittitta eta amuman, pertsona xumeak, normalak, abertzaleak, ‘zelako pena izango zuten euren umea non dagoen jakingo balute!’, ezin nuen hori burutik kendu».
«Nik uste dut zeozer heredatzen zoazela –gehitzen du Ekhiñek–, oharkabean bada ere. Begiak irekitzen zaizkizu, oraindik eta gehiago. Nik ikusten nuena aitona-amonarengan, gero ikusi dut gurasoekin ere, espetxeak… Zure buruan familiaren ibilbide baten modukoa egiten duzu. Erorien Haranean egon ginenean ez zen, nola esan, hezur batzuekiko lotura bat, beste zer bat zen, indartsuagoa, emozionalki gogorragoa». Nahiz eta ezer ez kontatu etxean, gero gauzak ulertzen joan dira. «Gure aitak –diosku Betikonek– esaten zuen ‘amuma hemen geratu zen 21 lobaz’, eta, klaro, ulertzen duzu dena: aita eta anaia denak ezkutatu, andreak ere errepresaliatuta, ilea moztu eta paseatu zituzten Markinan, eta klaro, ume haiek guztiak amumak hartu zituen… Eta gero amuma 39an hil egin zen, kalean eman zion halako atakeren batekin, eta klaro, ulertzen duzu, 21 loba, erraz esaten da!».
Jexusek Erorien Haranera eramaten du bueltan solasa: «Hura kristoren parajean dago, e? Eta lotsagabeok daukate atraktibo turistiko bat bezala, han egon den sarraskiarekin… Turismoa egiteko! Hara sartu ginenean, zer zen hura! Hasteko tetrikoa zen, ‘ostras, ze beldurra’». «Baina badakizu zergatik? –sakontzen du Betikonek–, heldu ginelako gaueko ez dakit ze ordutan, behe lainoa sartu-sartua zegoela, eta gu bakarrik ginen ostatu itzel hartan, pasillo itzel haiekin, hantxe bakarrik. Hark ematen zuen… ikusita daukazue ‘El resplandor’ pelikula? Ba hori». «Nik ere kristoren beldurra pasa nuen –bat dator Ekhiñe–, Betikoneri eskatu nion ea inporta zitzaion nirekin lo egitea, inpaktu oso handia daukan tokia da hura, barruak mugitzen dizkizu».
Jexus Aristegi.
Franco hil zen baina frankismoa ez zen bukatu. Eta bitartean, Erorien Haranetik, telebistatik mundu osorako esklusiban, Frankoren desobiratzea. «Nola sentitu zineten hura ikustean?». Asunek hartu du hitza: «Show bat izan zen. Nik uste Franco familiari ondo eta dena etorri zitzaiola, mundu osoa begira, ohore guztiekin atera zuten, helikopteroarekin… Hura ikustean pentsatu nuen eroango dute beste toki batera eta hori izango da pelegrinazio zentro berria, ze azkenean frankismoa ez da Franco, askoz ere gehiago da. Lehen esan da turismoarena, jo, eta han ikusten ziren familiak umeekin bisitak egiten!? Eta gelditzen zara... Frankismoa ez zela bukatu Franco hil zenean ikusten duzu han oso argi. Eta beti pentsatzen duzu ‘han dare be guriak’. Noiz arte?».
Beste ertz bat ere ekarri nahi dugu mahaira: senideen gorpuak handik atera eta lurperatze duin bat emateko prozesua hemen nola egiten den jakin nahi dugu, horretarako propio lege bat ote dagoen. Familien borondatea eta ahalegina badaude, baina legerik ez; badirudielako familiek euren kabuz, zoriaren arabera, eskuratuko dituztela emaitzak.
Ekhiñek hartu du hitza: «Berez ez daukagu inolako heldulekurik. Egia da Francoren desobiratzearen ondotik nolabait ‘modan’ jarri dela Erorien Harana, kakotx artean betiere. Egia da eskaerak egiteko aukerak zabaldu direla, Aranzadiren zerrendak gehiago luzatu direla, eta eragile ezberdinek, tartean Gogorak ere, ekarpenak egin dituztela. Gertatzen dena da honetan hasi ginenean, duela urte batzuk, egin behar izan genuen bidea oraindik ere egin behar dela. Familiek egin behar dute eskakizuna, eta eskakizun hori doa zuzenean Madrilgo Justizia Ministeriora; gure kasuan, bi bidetatik egin behar izan genuen, gaur jada sinplifikatu da, baina guk egin behar izan genuen Justizia Ministeriotik eta Presidentetza Ministeriotik. Eskakizunak abokatu bidez egin eta besteak beste eskatzen ziguten Udalak aho batez egindako adierazpen bat eta hilerrian tokia genuela ziurtatzen zuen dokumentu bat. Harrigarria da hori, oso katoliko-apostolikoa. Bidean borondate oneko jendearekin topo egiten duzu, baina hori da kontua: dena dela borondatezkoa».
«Oso familia gutxi gabiltza». Asunek bere kasua kontatu digu: «Gogora Institutura deitu, handik bidali zizkiguten bete beharreko paperak bete, eta, senide bezala, Patrimonio Nacional delakora bidali genituen. Kuriosoa da, guri ere bidali zizkiguten hilerrian tokia izatearen baldintza eta holakoak. Azkeneko bileran aipatu ziguten bazegoela aukera bestela Elgoibarreko kolunbarioarena. Errespetu kontua da, gorpu horiek ez dute han egon behar. Gero bakoitzak jakingo eta erabakiko du non eta nola egongo diren. Baina hemen badago beste kontu bat, oso familia gutxi gabiltza, ez dago fundamentuzko kanalik hori behar bezala kudeatzeko. Ze gure eskakizunak zenbat dira? Hogeiren bat, ez gehiago».
Anbizio handiko prozesu bat beharko litzatekeelako aipatu dute, familia bakan batzuen bizkar ez uztea guztia. «Kontua da Erorien Harana desmantelatzen den edo ez –diosku Ekhiñek–. Hura oso ondo dago antolatuta, dena da matematikoa; arkitektonikoki ondo egin zuten, non dauden zenbaki bidez zehaztu zuten, klase sozialaren arabera banatu… Terrorifikoa da zentzu guztietan. Hura desmantelatzeko erabakirik ez dagoen bitartean familiak bide malkartsu batean gabiltza, berez erakunde publikoek egin beharko luketena. Eta kasu honetan udalak ere badira erantzule zuzenak, ze gorputzak hara eramateko baimenak udal frankistek eman zituzten».
Eta Asunek honakoa gehitu nahi du: «Gure familiari Gogoratik deitu gintuztenean, arraroa izan zen, ze nik pentsatzen nuen orduan bidea zabalduko zela, bi mila eta piku euskaldun baldin badaude han, ba denekin kontaktatu, denei aukera eman, hau eta hau egin behar duzue, instituzio moduan prozesu hori martxan jarri. Baina jabetu nintzen hogeita bi familia ginela bakarrik, eta hori ez da normala».
Ekhiñe Atorrasagasti.
«Orain ez bada, ez da egingo». Argi hitz egiten dute, indar handia daukan sinpletasun batekin: «Euskal herritarrak ziren eta hori dagokie, eusko lurrean atseden hartzeko eskubide hori daukate nahiz eta hilda egon, nahiz eta seniderik ez eduki. Tokiko instituzioek baimendu bazituzten desobiratzeak, bueltan ekartzeak ere hala izan beharko luke. Eta ondo pentsatuta, Erorien Harana bezalako erreplika bat bazegoen Iruñean, ezta? Eta Asironek kendu zuen. Eta zer gertatu zen? Ezer ez. Desmantelatu zen, eta kito. Egin, egin daiteke».
Aktualitate informatiboa ekartzen dugu mahaira. Teorian, memoria lege berri bat negoziatzen ari dira Madrilen, Espainiako historian egon den gobernu progresistenarekin, badirudi baietz, badirudi mugitu ahal dela kontua. «Nik badaukat esperantza, baina ikusi behar da. Guk badakigu han Alexanderren izen-abizenekin badagoela norbait lurperatuta, baina ikusi behar da ea egiazki bera den. Eta bere arreba bi bizirik daude oraindik, eta nire esperantza da bizirik dauden bitartean ekartzea, eurek nahi duten tokira, Markinara, kolunbariora, eurak esaten duten tokira. Baina, pentsatzen dut, Espainiako egoera zein den ikusita, ez bada ja egiten ez dela egingo. Orain ez bada, ez dela egingo».
«Nola transmititu da hau zuen familietan, absentzia horiez nola egin da berba, egin bada? Nolako esanahia izan dute isiltasunek?». Betikonek hartu du hitza: «Han zegoela jakin genuenean, lehengusu denen artean talde bat sortu genuen berriak konpartitzeko. Esaterako, Alexanderren arreba bi bizirik daude, batek 100 urte dauzka eta beste batek ia 90, eta ni joan nintzen esatera ‘Alexander, agian, Erorien Haranean dago’; ez zuten ezer esan, biak isilik geratu ziren, barnera begira, eta esan nien, ‘han badago ekarri egingo dugu Markinara’. Itxura lehorreko ‘bai’ batekin erantzun zidaten, estoizismo betean. Baina, klaro, horiek denek daukate barruan min bat ikaragarria, eta orain hasten gara gu hau dena mugitzen... Badakigu nahi dutela Alexander Markinara ekartzea, baina min hori hain barruan daukate sartuta adieraztea ere zail egiten zaiela».
Erraza ez den erreparazio kolektiboa. «Gainera, momentu batzuetan pentsatzen duzu: merezi du honek? Zertan gabiltza? Alde ona, kristoren familia handia garela eta elkartzea lortu dugula era batera edo bestera». Kontu sinplea da: «Nik ez dut nahi nire osaba han egotea, ze ez da bere tokia, puntu! Berdin da ze aldetan zegoen, ez da bere tokia». Asunek eskaera argia egiten du: «Beste anbizio bat behar da, instituzioetatik beste formatu bat, beste bultzada bat, ze gu egiten bagabiltza, baina jende gehiagok egin beharko luke, 2.000 euskaldunetik gora daude han, gehienak gureen istorio berdintsuekin». Eta Jexusek argi dauka, broma gutxi: «85 urte pasatu dira, e!».
Ekhiñek bere hausnartzean beste galdera bat pausatu du: «Hura mausoleo erraldoi bat da, munduan parekorik ez daukana. Gure amak eta beste askok, eskola nazionaletatik bidaiak egiten zituzten hara. –‘Ni neu ere joanda nago ikasle nintzenean’, gehitu du Axunek–. Paradore Nazionalekin batera, turismo frankistaren zirkuituko totem bat zen. Zeinek esango zion gure amari ikasle zela Erorien Haranera joan zenean Lukas bertara eraman berri zutela?»
Eta hausnarketak hausnarketen ondotik datoz: «Helduko da momentu bat gerra garaiko kontuez ahaztea derrigor emango dela. Inor ez gara akordatzen gerra karlistez, eta han ere pasatu ziren gauza latzak. Iristen da momentu bat ezin diozula zure umeei, eta beren umeei, eta ume haien umeei, kontatzen segi. Baina nik uste dut gu bagarela belaunaldi bat lan hori egin behar duguna, ze gure gurasoek ezin izan dute egin, beldurragatik, ezjakintasunagatik, ezin zelako egin. Ba geuk egin behar dugu, hurrengoei hau laga barik. Gero historia idazten da idazten den moduan. Eta gero, badakizu zer pasatzen den ‘erreparazioa’ bezalako hitzekin? Ba erreparatuak izan beharko liratekeenak ja ez daudela. Lehen pertsonan bizi izan zutenak, gutxi batzuk kenduta, ja ez daude bizirik. Egin daiteke kolektiboki erreparazio bat, baina ez da erraza. Elkarbizitza ere behar delako».
Damu baten aztarna. Bukatze aldera, imajinatzeko eskatzen diegu, senideen gorpuzkiak kutxa batean errekuperatzen dituztela, imajinatzeko Etxebarrin, Markinan, Elorrion eta Tolosan atseden har dezaketela. Ze adieraziko luke horrek? Barneko bake bat? Etxekoei egindako promesa bat betetzea? «Promesa bat ez dakit. Nik gehienbat bere arreba eta anaiagatik, ‘hemen da, ekarri dugu etxera, bale’, esan ahal izatea».
Axunen kasuan barne bake baten forma dauka. «Lehengusinak askotan esaten zuen, ‘ez dakit non dagoen, baina hark hemen egon behar du!’. Ze aita ere iaz hil zen, bizirik zegoen bere anaia bakarra, eta eskerrak hil baino lehen DNA probak egin zituela eta sikiera identifikaziorako aukera zabalik mantentzen den». Eta Jexusek zera gaineratu du: «Alde batetik barne bake bat, baina bestetik ere etxera ekartzea borroka baten emaitza gisa ikusten dut, lorpen bat bezala».
Bukatzeko, aitorpena entzun da mahaian: «Niretzat inpaktu handiena da apur bat damutzea, apur bat ez, asko; aitarekin batez ere berba gehiago ez egiteaz. Nire aita 1924an jaio zen, gerra hasi zenean 12 urte zeuzkan eta orduan pertsona nagusia zen, orain umea izango zen, baina orduan pertsona nagusia zen. Hori dena bizi izan zuen oso zuzenean, pena ematen dit berba egin ez izana, berak ez kontatzea bizi izan zuena… Gauza asko kontatu zizkidan, baina justu hau, bere anaia Alexanderrekin pasatu zena, honetaz ezer ez».