INFO
Elkarrizketa
Ane Larrinaga
EHUko irakasle agregatua, Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea

«Globalizazio neoliberalak irentsi egin du unibertsitatearen funtzionamendua»

Unibertsitatea eliteen sorkuntzarako tresnetako bat da; aldi berean, elite akademikoen berezko gunea osatzen du. Hego Euskal Herriko unibertsitateen eta ikerkuntzaren azterketa egin du Ane Larrinagak, ‘Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa’ liburuaren atalean.

(Oskar MATXIN/FOKU)

Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioen eskutik, eliteen eta unibertsitateen arteko harremana aztertu dute EHUko irakasle doktore eta katedradunek ‘Hego Euskal Herriko eliteak’ liburuan. GARAk elkarrizketa sorta prestatu du horietako batzuekin, eta NAIZen argitaratuko dira hilean zehar. Ane Larrinaga izan da lehena. Soziologian eta Zientzia Politikoetan Doktorea den EHUko irakasleak etxe barrura begiratu eta elite akademikoaren egoera aztertzeaz arduratu da.

Elite akademikoen instituzio nagusia unibertsitatea dela diozu zure atalean. Zer ulertzen da elitearen kontzeptuaz unibertsitatearen edo ikerketaren eremuan?
Boterearen banaketa asimetrikoa da, eta eliteak izaten dira botere baliabide asko metatzen dituzten taldeak. Baliabide horiek ez dira derrigorrez izaten baliabide ekonomikoak, izan daitezke politikoak edo kulturalak. Elite akademikoak azken multzo horretan sartuko lirateke. Gizartean posizio nagusi bat dute, ahots autorizatu gisa hitz egiteko baimena ematen die. Bestalde, gainerako eliteak inbestitzeko, abala emateko, instituzio batean daude. Behar bada ez dira beste elite batzuk bezain garrantzitsuak, baina badute bere kokapen garrantzitsu hori ere.

Aipatzen duzunez, azken mende erdian egiturazko bi eraldaketa bizi izan ditu Mendebaldeko unibertsitateak; lehenengoa, goi mailako hezkuntzaren demokratizazioa.
Garaian garaiko testuiguruak baldintzatzen du unibertsitateen zeregina. Unibertsitate publikoek berdintasun eta kohesio eragile izan dira azken 30-40 urteetan. Zergatik? Pribatuak ez bezala, masa unibertsitate gisa sortu zirelako, gizarte populazioaren maila guztiei irekita, bokazio generalistarekin. Euskara integratu zuten ere, muga handiekin. Horrek oinarri batzuk jarri du berrikuntza sozialerako eta garapenerako. Halaber, pentsamendu kritikoa zabaltzeko aukerak eman dira, komunitate zientifikoa handitzeko aukerak, eta kapital sozial handiko gizartea sortzeko tresna izan dira.

Hala ere, berdintasunaren aldeko bultzadak gertatzen direnean, bereizketarako pausuak ere ematen dira. Eta globalizazio ekonomikoa iritsi zen.
Berdintasunaren edo kohesio sozialaren aldeko funtzio horiez gain, beste balio batzuk txertatu dira unibertsitateen funtzionamenduan. Orain, Unibertsitatea nazioartekotze eta desinstituzionalizatze prozesu batean dago murgilduta. Desinstituzionalizatzea zer da? Azken hamarkadetan, aro modernotik jaso ditugun instituzioek, hau da, familia, edo instituzio politiko edo erlijiosoek, lehenengo funtzioa eta zentzua galdu dituzte, eta trantsizio une batean gaude. Unibertsitateak ezin ditu bete lehen esleituta zeuzkan funtzio asko, eta, aldiz, behartuta dago beste funtzio berri batzuk asumitzera. Gainera, orain arte unibertsitateak ia era kuasimonopolistikoan zeuzkan funtzio batzuk, ikerkuntza adibidez, esternalizatu egin dira. Unibertsitatetik kanpo sortzen da ezaguntza zientifikoa, eta horrek esan nahi du aldaketa une batean gaudela.

Eta zer funtzio sozial betetzen dute unibertsitate publikoek egun?
Ez dago argi. Lehenego balioak ahultzen joan dira, gizartearekiko zeuzkan betekizunak ahulduz joan dira, eta, aldiz, gero eta gehiago sartu da logika ekonomikoa. Globalizazio neoliberalak irentsi egin du unibertsitatearen funtzionamendua ere, eta irentsi egin du ikerkuntza lana. Ez hori bakarrik, kutsatu egin du ezagutza zienfikoaren produkzioa, sartu gara sistema transnazional batean non unibertsitate bakoitzak bere kokapena aurkitu behar duen. Esparru pribatuko munduaren logika sartu da indarrez unibertsitatean. Irakasle eta ikertzaileek ere hori jasaten dute, ez dago batere argi zein den iketzaile eta irakalseen rola, logika gerentzialarekin kudeatzen da unibertsitatea, produktibitatearen irizpidean sartu da irakasleen lana, etengabe neurtzen dira beraien emaitzak, eta ebaluatzen dira…Gainera, irakaskuntzaren debaluazio bat gertatu denez, eta ikerkuntza saritzen denez, ikerkuntzara bideratu da indar gehiena. Hori bai, ikerkuntzan ere ildo jakin batzuk saritzen dira bereziki.

Hego Euskal Herriko administrazioek nola erantzun diote egoera horri?
Egia esateko, gaur egun batez ere politika zientifikoaren ildo estrategikoak ez dira erabakitzen ez maila autonomikoan ez estatuaren mailan, beste maila batzuetatik datoz, gure kasuan Europatik. Hortik behera dauden gobernuek ildo horiek ezartzen dituzte beraien esparruetan. Nola bideratzen da hori? Diru funtsak ildo horien arabera banantzen direlako. Funtsen arabera ildo batzuk saritzen dira eta beste batzuk baztertzen dira. Gauza bera gertatzen da disziplina arloekin, batzuk lehenensten dira beste batzuen gainetik, Teknologiarekin edo zientzia esperimentalarekin lotutatakoak, adibidez. Zergatik? Merkatuen beharretara zuzenean erantzun ahal duten disziplinak direlako. Aldiz, zientzia sozialak edo humanitateak, esaterako, ertzetan geratu dira.

Eta zeind a unibertsitateek euskararekiko hartu duten jarrera?
Nazioartekotzeak hierarkiak ezarri ditu esparru guztietan, baita esparru linguistikoan ere, ez bakarrik ikerketaren munduan, baizik eta komunikazio zientifikoaren munduan, komunikazio hori ingelesez egiten da. Ikerketa taldeak jatorri ezberdineko jendez osatuta daude, nahiz eta kide euskaldun batzuk egon talde batean, eguneroko funtzionamendua euskaraz egitea zaila da. Publikazio zientifikoen munduan, enpresa transnazional batzuen monopolioa da. Enpresa transnazional horiek kokatzen dira mundu angloxajoian. Eta zer saritzen da ikertzaileen artean? Inpaktu handiko aldizkarietan argitaratzea. Horiek inglesez dira.

Bikaintasuneko zentroak aipatzen dituzu txostenean. Nola definituko zenitiuzke, zer dinamika suertatzen dira bertan? 
Unibertsitatean deskapitalizaio bat gertatzen ari da, batez ere publikoetan. Giza baliabide asko esternalizatzen ari dira, erabaki politikoen bitartez. Hor badago estrategia politiko bat. Ikerkuntza zentro horiek sortu dira unibertsitateko jendearekin, baina aldi berean unibersitatetik kanpo eta modu autonomoan funtzionatzen dute. Ez dute izaera publiko argia, korporazio edo fundazio gisa antolatuak dira juridikoki eta aparteko aurrekontuak dauzkate. Gainera, ez dituzte jasan unibertsitate publikoak jasan dituen murrizketa politikak. Nazioarteko ikerlari handiak erakartzeko ahaleginak egiten dira. Zentro horietan kokatu nahi izan da punta puntako ikerkuntza, horregatik esaten dut unibertsitatean zentratzen badira elite akademikoak, zentro horietan bikaintasuneko eliteak kokatzen direla, beste maila bateko ikerketa egiteko bideratuta daudelako zentro horiek. Horregatik diot elitea ez dela talde homogeneo bat, unibertsitatean aritzen direnek alde batetik irakaskuntzan funtzio bat bete behar dute, alde batetik irakasleak dira, eta beste batetik ikerkuntzan jardun behar dute. Zentro horietan ez dute zama hori, ikerkuntzara dedikatutako pertsonak biltzen dira hor, politika zientifiko globalekin lerrokatutako eliteak dira, nazioartekotzera bideratutako eliteak, eta ikertzaile horiek sare transnazionaletan funtzionatzen dute. Politikoki markatutako ildo estrategikoak lantzen dituzte ikerkuntzaren arloan.