INFO

Akitania Berriako Eskualde Kontseiluak AHT egitasmoa diruztatzeko plana onartu du

Akitania Berriako Eskualde Kontseiluak Hego Mendebalde Handirako trenbide Egitasmoa (GPSO) diruztatzeko plana onartu du, astelehen arratsaldean, Bordelen. Bordele-Tolosa (Okzitania) eta Bordele-Akize bideen eraikuntzaren karietara erabakia hartu behar du, larunbatean, Euskal Elkargoaren kontseiluak.

Abiadura handiko tren bat Baionako geltokian, iragan azaroaren 10ean. (Guillaume FAUVEAU)

Akitania Berriko eskualdeak Hego Mendebalde Handirako trenbide Egitasmoa (GPSO) diruztatzeko plana ontzat eman du, gaur astelehenean, Bordelen eginiko bozketaren bidez.

Akitania Berriako Eskualde Kontseiluak gehiengo zabal batez onartu du Bordelen bere egoitzan duen erakundeari dagokion 710 milio euroko bugeta.

Zentro-eskuinak bat egin du Alain Rousset sozialista buru duen eskualde gobernuarekin. Alta, Europe Ecologie-Berdeak taldeko 19 kontseilariek egitasmoaren kontra bozkatu dute.

Ultraeskuinak eskualde kontseiluan dituen 26 ordezkariek AHTko sarea Bordele-Tolosa (Okzitania) eta Bordele-Akize bideen bidez zabaltzeko egitasmoa diruztatzeko plana errefusatu dute ere.

Frantziar Gobernuaren lehen ministroak Jean Castexek AHTren ardatz berria Hexagonoko hegoaldera eramateko asmoa iragarri ondoren, Akitania Berriako presidenteak Alain Roussetek aipaturiko bi bideen eraikuntza diruztatzeko tokiko elkargoen ekarpena galdegin zuen berehala.

Pirinio Atlantikoen departamendu kontseiluan, Pauen, finantziazio plan horren boza ostegunerako aurreikusia da. Baionan, berriz, Euskal Elkargoko kontseilariek larunbatean hartu beharko dute erabakia.

Roussetek euskal hautetsiekin iragan azaroaren 6an Baionako Arteen Eskolan eginiko bilkuran egitasmoari buruzko zalantzak eta kontrako iritziak azaldu ziren.

Hautetsi anitzek AHT linea berria ez dela beharrezkoa adierazi zuten AHT berriaren defendatzaile sutsua den Rousseten aurrean.

Horretaz gain, egistasmoak ondorio latzak izanen dituela ingurumenaren ikuspunturik argiki azaldu zuen bilkura horren atarian AHT berria eraikitzearen kontra dauden eragileak biltzen dituen Cade elkarteak. 200 bat manifestari bildu dira gaur Bordelen AHT berria eraikitzeko proiektua salatzeko.

Uda ostean berpiztu zen egitasmoa

Uda ostean jaso zuen Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoetako departamenduak AHT berria eraikitzeko finantziazio eskaera, 305 milioi eurokoa hain zuzen ere. Horietatik 130 milioi inguru lirateke Euskal Elkargoak ordaindu beharrekoak.

Orotara 14.300 milloiko aurrekontua du GPSO egitasmoak. Proposatzen den trenbideak Bordeletik Akizerako bidea egingo luke, handik Baionara, eta hortik Pauera. 2037rako eginda izatea aurreikusten da; 2022an hasiko lirateke proiektua prestatzen eta 2024an, lanak.

Egitasmoaren %40a Estatuak ordainduko luke, %20a Europako Batasunak (diruztatze hori trenbidea Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugara iristearekin loturik dago) eta beste %40a hurbileko erakundeek, hau da Akitania Berria eskualdeak, departamenduek eta elkargoek.