INFO
Elkarrizketa
Xabi Iraola
Sortuko herrigintza lan taldeko kidea

«Euskalduntzearen erronka Everest igotzea da, eta ezin dugu etxeko zapatilekin egin»

1993an Igeldon jaioa, Magisteritza ikasi zuen eta ezker abertzalean militatu izan du. Gaur egun Sortuko herrigintza lan taldeko kidea da. Plaza Hutsa dinamikaren barrenean, euskalduntze prozesua arnasberritzeko proposamena ondu du denetariko 300 lagunekin batera, ezkerretik eta independentismotik.

Xabi Iraola Sortuko herrigintza lan taldeko kidea da. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Plaza Hutsa dinamika ireki bat da, ezkerretik eta independentismotik herrigintzaz hausnartzeko espazio bat. Hezkuntza, ekologismoa, tokiko garapena... hainbat arlo landu dituzte eta horien artean euskarari ere garrantzia eman nahi izan diote. ‘Arnasberritzen’ proposamena duela bizpahiru urte abiatu zuten gogoeta baten emaitza da. 300 pertsonak parte hartu dute prozesuan. Tartean, arlo ezberdinetan –migrazioen esparruan, feminismoan, kulturan edota komunikabideetan– aditua eta aritua den jendearen ekarpenak jaso dituzte.

Azken hamarkadetan euskalduntzeak eman duenaren eta gaur egungo egoeraren gaineko diagnostikoa egin eta, bereziki, ireki behar dela ikusten duten etapa berri horretarako bide bat planteatzen dute.

Noraino begiratu duzue atzera diagnostikoa egiterakoan?

Gure ustez, XX. mendearen erdialdean, 40 eta 60ko hamarkadetan herrigintza aro oso bat irekitzen da Euskal Herrian eta hori bat dator euskalgintzarekin. Hor jarri dugu abiapuntua. Duela 60-70 urte hilzorian zegoen hizkuntza bat XXI. menderaino ekarri dugu eta, beraz, asko da aurreratu dena. Aitortza egin behar zaio euskalgintzari edo euskaltzaleen mugimenduari. Nagusiki milaka herritarrek hartu duten konpromisoak ekarri duelako euskara gaur egunera arte.

Baina, aldi berean, XX. mendearen erdialdean abiatu zen euskalduntze ziklo berri horrek agorpen zantzu edo muga batzuk badituela sumatzen dugu. Joan Mari Torrealdai zenak esaten zuen hezkuntza eta komunikazio sistema hartu zirela euskalduntzearen eremu nagusitzat eta ez dutela eman espero zen guztia. Atzerakada batzuk ere ikusten ari gara. Esaterako, gaur da eguna hezkuntza eremuan D ereduak berak ez dituena euskaldun oso eta gaituak sortzen. Zer esan komunikabide sistema publikoaz. EITBk bere sorreran funtzio bat baldin bazuen herri honen euskalduntzean, gaur egun funtzio hori oso apaldua dago, desagertua dagoela ez esateagatik.

Bestalde, euskararen ezagutzan gorakada bat egon bada ere, erabileran apaltze bat dagoela dio hainbat ikerketak. Hori gutxi izango balitz, XXI. mendeak erronka propioak ekarri dizkigu. Digitalizazioa eta migrazioen ondorioz sekula baino Euskal Herri anitzagoa izatea kasu. Horregatik guztiagatik diogu euskalduntzean susperraldi bat behar dela.

Jendartea eta sozializatzeko moduak goitik behera aldatu dira.

Eta, ondorioz, herritarrok hizkuntzekin dugun harremana ere bai. Euskara hizkuntza ez normalizatu bat den heinean erronka eta arrisku berriak ekarri ditu horrek. Lehenago, hizkuntzarekiko lehen harremana egiteko esparruak etxea, eskola eta kalea baldin baziren, orain gure haur eta gazteei mundu digitala batu zaie. Mundu amaigabe bat. Azken 20 urteotan asko aldatu da egoera. Gure belaunaldikoak haurrak ginenean bospasei telebista kate zeuden eta haietako bat euskara hutsez ematen zen, ETB1, marrazki bizidunen eskaintza txukun batekin. Gaur ehunka kate ditugu, plataforma digitalak, Youtube, bideojokoak... mundu bat sortu da eta hor euskarak posizio asko galdu ditu, kasik desagertzeraino. Horrek erronka berriak jartzen dizkigu parez pare eta babes legal eta juridikoak eskatzen ditu euskararentzat.

Euskararen aldeko mugimenduak ez ezik administrazioak esku hartzea premiazkoa da.

Badago joera bat gai honi oso modu partzialean heltzeko: lan mundua euskaldundu behar dela aipatzen da, gero pantailetan euskara bermatu behar dela... Gu ados gaude horiekin guztiekin, baina iruditzen zaigu ikuspegi partzialetik harago gaiaren dimentsioak, egoerak eta erronkak ikuspegi oso batetik lantzea eskatzen dutela. Hor herri mugimenduak egin beharreko lana dago, berebizikoa. Gure ustez, eta ‘arnasberritzen’ izena hortik dator, herri mugimendu hori freskatu eta biziberritu behar da; hor jarriko genituzke indar nagusiak.

Bigarren hanka bat administrazio publikoarena izan beharko litzateke, askotan ez dituelako bere gain hartzen bereak diren erantzukizunak. Iruditzen zaigu garaia dela XXI. mendeak eskatzen dizkigun erronken aurrean hizkuntza politika berriak martxan jartzeko. Gainera, garrantzitsua da politika horiek goitik behera aplikatu beharrean gobernantza eredu partekatu baten bidez garatzea, euskalgintzarekin elkarlanean.

Zein pauso zehaztu dituzue?

Sentsazioa dugu askotan oso azaletik heltzen diogula gai honi. Parean dugun erronka Everest igotzea da, eta ezin dugu etxeko zapatilekin egin. Lehenik, kranpoiak, hotzetik babesteko arropa, edaria eta abar luze bat behar ditugu. Euskalduntzearen erronkak orain arte ez du bide bakar bat izan eta aurrerantzean ere ez du izango, diskurtso anitzen bidez garatu beharko da, eta guk gure ekarpena egin dugu ezkerretik eta independentismotik. Hiru ardatz nagusi planteatu ditugu. Lehenengoa diskurtsoa eraberritzea da, plaza publikoan zapaldua zapaltzaile bilakatzen duten diskurtsoek indar handia baitute. Euskara, zapaldua den hizkuntza, eta euskaldunok, zapalduak garen hiztunok, zapaltzaile bezala azaltzen gara askotan.

Espainiar eta frantziar estatuen aldetik sumatzen duzuen ofentsiba judizial-politikoak kezkatzen zaituzte.

Adibidez, Ipar Euskal Herrian, hezkuntzan murgiltze eredua ezartzeko debekua jarri da. ETB3 Nafarroan zabaltzearen harira, eskuin espainolaren ofentsiba hor dago, baina EAEko hezkuntza sistemaren eztabaidan, Podemos edo Espainiako beste ezkerreko sektoreetatik zapaldua zapaltzaile gisa jartzen da kasik.

Diskurtsoa

«Lehenengo ardatza diskurtsoa eraberritzea da, plaza publikoan zapaldua zapaltzaile bilakatzen duten diskurtsoek indar handia baitute»

Zein diskurtso molde garatu beharko lirateke?

Alde batetik, hiztunen eskubideak herritarren eskubideen esparrura, justizia sozialarenera eta demokraziarenera, eramango lituzkeen ildo bat. Bestetik, identitateen inguruko ezkerreko diskurtsoa berreskuratu behar da. Neoliberalismo global eta homogeneizatzaile honek herriak, komunitateak, taldeak haustea bilatzen du, eta horren aurreko lubaki bat ere bada identitatearen aldeko diskurtso bat garatzea.

Diskurtsoez gain, zeintzuk dira bertze ardatzak?

Ezinbestekoa da hizkuntza politika berri bat abiatzea, ikuspegi nazionaletik, lurralde administratibo bakoitzera egokituta. Hirugarren ardatza euskalgintza arnasberritzeko bideak dira. Hizkuntza gatazka azaleratzea da bide bat. Beste bat zapalduak diren beste sektoreekin –feminismoa, ekologismoa edo sektore arrazializatuak– euskaratik elkarrizketak hastea.

Hirugarrenik, iruditzen zaigu hizkuntza komunikazio tresna huts gisa hartzen baldin bada euskara hiltzera kondenatua dagoela. Hizkuntzak identitate eroale ere izan behar du, eta herri gisa zer garen eta munduari nondik begiratzen diogun azaltzerakoan kulturak paper garrantzitsua du.

Politika

«Administrazio publikoak hizkuntza politika berriak abiatzeko garaia da. Gobernantza eredu partekatu batekin, euskalgintzarekin elkarlanean»

Proposamena bertze eragileekin partekatzen hasi zarete?

Euskalgintzako hainbat eragilerekin harremanak egiten hasiak gara. Uste dugu diagnostikoan badagoela nahiko adostasun, eta horretatik praktikan adostasun bat garatzera pasatu beharko genuke. Hor euskalgintzak paper oso garrantzitsua dauka, baina sindikatu, eragile sozial, alderdi politiko, administrazio... guztion artean egin beharreko bidea da. Guk konpromisoa hartzen dugu egin dugun proposamenaren norabidean lanean jarraitzeko. Gure proiektuan ortzimuga bat jarri dugu, gure Everesta: Euskal Herri euskalduna. Txillardegik zioen bezala, euskara estatu batekin agian ez da salbatuko, baina estaturik gabe ziur ezetz. Beraz, euskal hiztunok estatu bat behar dugu.

«La mayor garantía ha sido y será el movimiento euskaltzale»

En la propuesta «Arnasberritzen» realizan un diagnóstico de lo que ha dado la euskaldunización en las últimas décadas y de la situación actual y, sobre todo, plantean un camino para abrir una nueva fase.

Hemos traído una lengua que hace 60-70 años estaba agonizando hasta el siglo XXI y, por tanto, se ha avanzado mucho y el movimiento euskaltzale merece un reconocimiento. Pero, al mismo tiempo, el siglo XXI nos enfrenta a retos propios como la digitalización o un país más plural que nunca a consecuencia de las migraciones. Por eso, la euskaldunización necesita un nuevo impulso.

¿Qué pasos hay que seguir?

Hemos propuesto tres ejes. El primero es renovar el discurso, ya que en la plaza pública el euskara y los euskaldunes, que somos oprimidos, aparecemos muchas veces como opresores. En segundo lugar, hay que poner en marcha una nueva política lingüística con una perspectiva nacional adecuada a la realidad de cada territorio administrativo. El tercer eje son los caminos para impulsar el movimiento euskaltzale. Uno de ellos es abrir un diálogo con otras luchas como el feminismo, el ecologismo o los sectores racializados.

El reto que tenemos entre manos es enorme y necesitamos abordarlo con positividad y agudeza. Hay opciones. Por ejemplo, en Baiona se realizó una gran movilización por el modelo de inmersión lingüística, en Nafarroa se ha puesto en marcha una dinámica para superar la zonificación con la declaración de Cortes, y los jóvenes euskaltzales han hecho suyo el reto de euskaldunizar este pueblo. Estamos muy lejos de decir que el futuro del euskara está asegurado, también en los territorios donde está mejor posicionado. Por eso, siendo conscientes de la gravedad y profundidad de la situación, debemos fijar nuestra mirada en un nuevo impulso popular.

En una entrevista con Porrotx, explicaba que en esta vida a contracorriente, parecida a la de los salmones, si los euskaldunes nos detenemos nos lleva la corriente y retrocedemos. Es lo que ha pasado con la pandemia.

Sin duda. Debemos ser conscientes de que impulsar el euskara será siempre ir a contracorriente. Por tanto, pedirá un gran nivel de concienciación y compromiso, un movimiento popular fuerte y que la administración pública se haga cargo de sus responsabilidades. En la CAV y en el norte de Nafarroa hay una percepción de una falsa normalidad, lo que nos lleva a olvidarnos de lo que dice Porrotx.

Si miramos atrás podemos extraer aprendizajes: si hemos traído al euskara a la situación actual ha sido porque ha habido un movimiento euskaltzale que ha creado las ikastolas, AEK, Korrika, las asociaciones del euskara... y que también ha interpelado a la administración para desarrollar políticas en favor del euskara. Hasta ahora la mayor garantía en la euskaldunización ha sido el movimiento euskaltzale y nos parece que en el futuro también será así.