INFO

Estilo talka izango da igandeko Mungiako Master Laboral Kutxaren finalean

Miriam Arrillaga, egungo lau eta erdiko txapelduna, atzelaria da eta tantoak luzatzen eta pazientziaz jokatzen saiatuko da. Amaia Aldaik, ordea, bere lehen finalean joko azkarragoa eta airekoa bilatuko ditu.

Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga Mungiako gaurko aurkezpenean. (EMAKUME MASTER CUP)

Pandemiak behartutako urtebeteko etenaren ostean, Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketa indarberriturik itzuli da pilotalekuetara eta hala nahi izan duten emakume pilotariek euren nahi eta beharretara moldatutako txapelketa batean parte hartzeko aukera izan dute azken asteetan. Abadiñon banatu ziren aurtengo lehen txapelak abenduaren 4an –Eider Zubizarreta izan zen txpeldun goxoko hastapen mailan, Leire Etxaniz goxoko nagusietan eta Maddi Barrokal mistoko promesetan– eta igande honetan kirol honetako elitearen txanda izango da, Mungian jokatuko den finalarekin.

Eguerdiko 12.00etatik ETB1-k zuzenean emango duten jaialdian gaur eguneko espezialistarik onenak izango dira; hasteko Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek hirugarren postua izango dute jokoan eta Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak final nagusia jokatuko dute.

Estilo desberdineko bi pilotarien arteko final orekatua espero da. Miriam Arrillagak duela bi urte lortutako txapelaren defentsa egingo du. Aginagako atzelariak joko klasikoagoa erabiliko du asmo horretarako. Botera erosoago aritzen den pilotaria da gipuzkoarra, pilota ondo mugitzen duena eta kantxan patxada handia erakusten du normalean. Amaia Aldairen jokoa, aldiz, askoz oldarkorragoa da, airez askoz gehiago sartzen den pilotaria da Dimakoa eta moralez gainezka helduko da finalera, aurreko kanporaketan Olatz Arrizabalaga kanporatu ostean.

Txapelaren defentsa

«Oso final gogorra izango da, baina bigarren txapela lortzen saiatuko naiz, hemen egonda hori da nahi dudan gauza bakarra. Ni atzelaria naiz, bera aurrelaria da eta alde handia dago bien artean. Nik botera jokatzen dut, partida luzatzen saiatzen naiz eta berak ahal bezain laster jotzen du, airea bilatzen du. Oso final gogorra izango da, baina gogotsu nator», adierazi du egungo txapeldunak.

Bizkaitarrak, aldiz, bere buruz buruko lehen txapela janzteko gogo itzela du: «Lau eta erdikoa da denok irabazi nahi dugun txapela, lortzen duzun guztia norberaren merituagatik lortzen duzulako, eta horregatik uste dut Binakakoa baino berezixeagoa dela, eta, egia esan, finalera iristeko gogo handia nuen, gustukoen dudan modalitate delako».