INFO

Silvia Federici, gorputzak saldu eta erosi daitezkeen aroaz

Azken hilabete eta urteetan egindako hitzaldi eta artikuluak bildu ditu Silvia Federici pentsalari italiarrak ‘Larruazalaren periferiaz haraindi’ liburuan, feminismoaren hainbat konturen inguruko gogoeta pizteko asmoarekin. Amaia Astobizak itzuli du Katakrak argitaletxearentzat.

Hedoi Etxarte eta Maitane Unzu Katakrakeko kideak Federiciren liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE / FOKU)

Silvia Federici idazle eta pentsalari italiarraren ‘Larruazalaren periferiaz haraindi’ saiakera liburua ekarri du euskarara Katakrak argitaletxeak. Amaia Astobiza izan da itzultzailea, Katakrakek argitaratu dituen Federiciren beste hiru liburuetan bezala. Astearte honen goizean egin duten aurkepenean izatekoa bazen ere, ezin izan du egon eta argitaletxeko bi kidek egin dute aurkezpena bere izenean, Hedoi Etxartek eta Maitane Unzu Jabatek. 

Gorputzaren mugen inguruan mintzatu da azken hau, idazlearentzat gorputzak mugak baititu eta gorputzak erosi egiten dira egun. «Hori aztertzen du Federicik: baldintza materialak, gorputzaren eta inguruaren arteko harremana, gorputzaren esperientzia. Sakoneraino begiratzen du Federicik gorputza, ia aztertu arte, ia ulertu eta kritikatu arte», aipatu du Unzuk.

‘Larruazalaren periferiaz haraindi’ Federiciren azken lana da, azken hilabeteetako eta urteetako lanak antolatu eta zentzua eman osteko fruitua, hiru hitzaldi eta zazpi artikuluz osatua. Gai ugari jorratzen ditu eta horiek lau ataletan, eta hamar kapitulutan banatu ditu: medikuntza, arraza, kutsadura, elikadura, lurra, psikologia, feminismoa, askapena, ekoizpena, antzezpena, ugaltzea eta gorputzaren gaineko kontrola.

Silvia Federicik argitaratu zuen lehenengo liburua, ‘Etxeko lanen kontrako soldatak’, taldean idatzi zuen eta lan kolektibo horren ondoren bakarkako bideari ekin zion. Hortik etorri ziren ‘Caliban eta sorgina’ (2004), ‘Iraultza zero puntuan’ (2012), ‘Soldataren patriarkatua’ (2017), ‘Mundua berriz liluratuz’ (2018) eta ‘Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria’ (2018). Bere liburu bakoitzean lanketa eta ikuspegi ezberdinak ekarri ditu: ikerketa historikotik hasita (‘Caliban eta sorginak’), abagunea aztertzeko testu militanteen bildumetara (‘Iraultza zero puntuan’, ‘Soldataren patriarkatua’) eta lan mardulen eguneraketara (‘Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria)’.

Testamentuaren ondorengoa

«‘Caliban eta sorgina’-n hasi zuen zikloa, kontzeptualki, ‘Mundua berriz liluratuz’-en itxi zuen. Azken liburu hura testamentu moduko bat izan zen, munduan salbatu beharrekoa, munduko eraldaketaren sare bat marraztu zuen, bere obrako liburu mardulena zen gainera. Baina, nola idatzi beste liburu bat honezkero testamentu lanak egin ditzakeena argitaratu baduzu?», galdetu du Unzuk.

Testamentua jada idatzia utzi duen arren, «oraindik bizirik dagoela eta aurrera begira ere bizitza zain duela dakienaren larritasunetik» idazten duela adierazi du Hedoi Etxartek. Premia horretatik heltzen dio «prostituzioaren eztabaidari, heltzen die Freudi, Butlerri, Foucaulti, guztia termino historikoetan kokatuz, eta sartzen da gaixotasunen inguruko gogoetetan eta haurdunaldi subrogatuaren aferan».

Unzuk azpimarratu duenez, «feminismoak gaur egun dauzkan eztabaiden markoa zabaltzen du batzuetan eta auziak ixten ditu beste batzuetan».

‘Larruazalaren periferiaz haraindi’ llburua «%100 Federici» dela uste du, baina aldi berean espero du irakurleengan gogoetak sortzea.