‘Txipiroiaren jokoa’, Aretxabaletako merkatarien gabonetako spotaren protagonista
Urtero moduan, aurten ere ez du hutsik egin Aretxarte, Aretxabaletako Merkatari Elkarteak, bere gabonetako spotean. ‘Txipirioiaren jokoa’ seriean oinarrituta, «Hau ez da gure jokoa» mezuarekin herrian kontsumitzera animatu nahi izan dituzte herritarrak.
Usadioa bihurtzen ari da. Urte amaiera eta gabonekin batera, Aretxabaletako merkatariek spor berezi bat kaleratzen dute, herritarrak herrian bertan kontsumitzera animatuz. Iaz ‘Brianen bizitza’ izan baldin bazen gantxoa, eta 2019an ‘La Casa de Papel’, 2018an Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia izan zen protagonista eta 2017an, aldiz, Freddy Mercury Queen taldeko abeslaria. Aurten, berriz, urteko telesailari egokitu zaio: ‘Txipiroiaren jokoa’.
Umorea eta aldarrikapena uztartuta, ‘Amatzon’ eta ‘HiBeBay’ protagonista hartuta, Hego Koreako serie horretan agertzen den jokoetako bat irudikatzen du Aretxarte merkatari elkarteak, Visual Mediak eta Aretxabaletako Udalak elkarlanean sorturiko kanpainak. ‘Amatzon’ eta ‘HiBeBay’ dira herriko merkatariekin akabatzeaz arduratzen direnak, egiten dutena egiten dutela ere.
Hor agertzen dira, baina, Mari Domingi eta Olentzero, «hau ez da gure jokoa» helarazi eta erosi beharrekoak herriko komertzioetan erostera animatuz.
Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak aurten ere ez du hutsik egin eta Olentzeroren papera hartu du. Mari Domingi, aldiz, Mariasun Pagoaga arrasatearra da. Haiekin batera, hainbat herritarrek hartu zuten parte spotaren grabazioan.