INFO

Kartzelan 30 urte baino gehiago eman ostean gaixotasun baten ondorioz hil da Antton Troitiño

Euskal Herrian ezagutu den kartzelaldi luzeenetarikoa jasan duen Antton Troitiño donostiarra hil da, pairatzen zuen gaixotasunaren ondorioz. Otsailetik neurri batzuen pean aske zen horregatik, traba handiak gainditu ostean, ETAko ‘Madril komando’ko kide izan zena.

Antton Troitiño, azken argazkietako batean. (NAIZ)

Antton Troitiño zendu da ostiral eguerdi honetan, euskal preso batek inoiz jasandako zigor luzeenetakoa jasan ostean, etan espetxean hartutako gaixotasunaren ondorioz. 64 urte zituela hil da. Irungo erietxean eman ditu azken asteak.

Etxeratek zabaldu du albistea, «une honetan bere senide eta lagunei besarkada handi bat eta gure maitasun eta elkartasun guztia helaraziz». Agerraldi bat iragarri du hurrengo egunetarako, bere senideekin batera, «heriotzaren testingurua baloratzeko».

Sortuk eta LABek mezu hauek zabaldu dituzte, sare sozialen bidez.

 

Pasa den otsailean kaleratu zuten Troitiño eritasun hori zela medio, baina horretarako traba handiak gainditu behar izan zituen. Kimioterapia hartzeari ere utzi behar izan zion, legea betearazteko, eta espetxetik erietxerako joan-etorriak jasanezinak zitzazkiolako.

Ordurako jada hamar hilabete zeramatzan larriki gaixo, Madrilgo Estremerako kartzelan.

Espetxealdiaren azken fase hori Antton Troitiñok jasan duen tratuaren adierazlea izan zen. Gaixotasun sendaezina egiaztatuta, bere abokatuak aske gelditzea eskatu zuen baina hiru hilabete geroago arte ez zion hirugarren gradua eman Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiak.

Hori gauzatzear zela, gainera, beste prozedura bat abiatu zuen Estremerako espetxeko Tratamendu Batzordeak, baldintzapeko askatasunarena alegia, eta honek luzatu zuen berriz kartzelaldia, osasun egoerari erreparatu gabe.

Kaleratua izan bezain laster berriz jazarpena

Guztira 30 urte baino gehiago eman ditu preso Antton Troitiñok. Bere aurkako jazarpena ez zen amaitu kondena bukatzerakoan. 2011. urtean geratu zen aske, Huelvan, espetxean jada 24 urte baino gehiago beteta, baina hurrengo egunetan zenbait hedabide espainiarretan eskandalu gisa aurkeztu zuten erabakia, Intxaurrondoko etxera kazetariak bidaltzera iritsiz, eta ondorioz Euskal Herritik urruntzea erabaki zuen. Honela gogoratzen zuten gertatutakoa Marrubi Troitiño alabak eta Mattin Troitiño ilobak, GARAri emandako elkarrizketa batean.

Hortik gutxira berriro kartzelaratzeko agindua eman zuen espainiar auzitegi bereziak. Ehiza moduko bat abiatu zen hor eta azkenean Londresen atxilotu zuten Troitiño, bai eta inputazio berria asmatu ere: «berriro ETA erakundean sartu izana». Jakina da ordurako (2012ko ekainean) ETAk borroka armatua behin betirako utzia zuela, baina hala ere erakundearen zerbitzura jarri izana egotzi zion Auzitegi Nazionalak. Estradizio prozesu luze bat abiatu zen horrekin, zeinean donostiarra batzuetan aske eta beste batzuetan preso egon zen. Segurtasun handiko espetxe den Belmarshen izan zuten gatibu.

2017. urtean britainiar auzitegiek ontzat eman zuten Espainiaratzea eta geroztik espainiar kartzeletan egon da Antton Troitiño, aurtengo otsailera arte. Ia sei urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, berez inolako ekintzarik ez zuela egin ontzat emanda baina «ETAren zerbitzura» egotea leporatuta. Madrilgo Estremera espetxean bete zuen kartzelaldi hori.

Giltzapean eman dituen denbora tarte guztiak bilduta, 30 urte baino gehiago izan dira. Espetxealdi luzeena, 1987tik (‘Madril komando’ko kidea izateagatik atxilotu eta zigortu zuten) 2011. urtera arte.