INFO

Euskal Elkargoak AHT sarea zabaltzea xede duen GPSO egitasmoaren kontra bozkatu du

Lehendik Akitania Berriako Eskualdeak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Abiadura Handiko Trena Bordeletik Tolosara eta Akizera eramatea aurreikusten duen egitasmoa diruztatzea onartu bazuten ere, gaur Euskal Elkargoak «printzipioetan oinarrituz» proiektua errefusatu du.

Ipar Euskal Herriko hautetsiek AHT linea berri bi aurreikusten dituen GPSO egitasmoaren kontra bozkatu dute. (Guillaume FAUVEAU)

Aste honetan bertan Akitania Berriako Eskualdeak eta Pirinio Atlantikoen Departamenduak, hurrenez hurren, Abiadura Handiko Trena Bordeletik Okzitaniako Tolosara eta Akizera eramatea aurreikusten duen GPSO (Hego Mendebalde Egitasmo Handia) plana onartu dute.

Alta, gaur eguerdian, Euskal Elkargoko herriarteko kontseiluak egitasmoa baztertu du.

Bi erakunde horietan bozketa bakarra gertatu zen. Hau da, egitasmoa aurrera eramateko tokiko kolektibitateei galdegiten zaien ekarpena baizik ez zuten erabaki kontseilariek. Sakoneko eztabaidan abantzu sartu gabe.

Izan ere Euskal Elkargoak beste modu batean antolatu du bere gaurko eztabaida.

Lehenik eta behin «egitasmoaren printzipioei buruz» eztabaida proposatu du Jean-Rene Etchegaray presidenteak.

Hala, hiru orenez argudio eta ñabarduraz beteriko eztabaida egin dute kontseilariek. Hamarnaka hitzartze izan dira, ondorioz egitasmoaren nondik-norakoak eta ondorioen gainean iritzien trukaketa aberatsa garatu dela.

Finean bozketak emaitza argia utzi du. 144 kontseilarik egitasmoaren kontra bozkatu dute, 41k ade eta 18 hautetsik abstentziora jo dute.

Egitasmoa, printzipio horien arabera, errefusatua izan denez, diruztatze plana ez da bozkatu.

Oroitzearren, Akitania Berriako eta Okzitaniako eskualdeek garatu behar duten AHTri buruzko egitasmoa diruztatzeko 65,4 milioi euroko diru ekarpena onartzea eskatzen zitzaion Euskal Elkargoari (45,8 milioi, zergak kenduta).

Abnduaren 13an Akitania Berriako Eskualde Kontseiluak babesa agertu zion Hego Mendebalde Egitasmo Handiari (GPSO) Bordelen, 710 milioi euroko diru ekarpena bozkatuz.

Abenduaren 16an, berriz, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiak ak 54 milioi euroko diru ekarpena onartu zuen Bordele-Akize trenbiderako.