INFO

Mikel Urrutikoetxearen joko erakustaldiak merezi zuen esna geratzea (4-22)

Aranguren oso txukun batek lagunduta, Zaratamokoak txiki-txiki egin ditu bere mailatik urrun egon diren Altuna III.a-Martija, denera 18 tanto sinatuz.

Orain arteko erakustaldirik handiena eman du Urrutikoetxeak Urdulizen. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ostiral gauetarako enpresek eta ETB-k ezarri duten ordutegiarekin, asko dira, jaialdia beranduegi amaituko dela iritzita, estelarra ikusi gabe ohera joaten direnak –adineko jendea nagusiki– eta horietako askok pena izango dute erabaki horrekin ez zutelako Mikel Urrutikoetxeak Urdulizen emandako erakustaldia zuzenean ikusterik izan. Egia da, Jokin Altuna eta bereziki Julen Martija euren mailatik oso urrun egon direla, baina  honek inolaz ezin dio Zaratamokoak egindako partida borobilari inolako meriturik kendu. Txapelketa aurkeztu zutenean bikoterik txarrenen artean kokatu zituzten askok bizkaitarra eta Aginagakoa, baina aurrelaria maila honetan arituta, pronostikoak aldatzeko garaia heldu zaie zenbaiti, bost partidetatik hiru irabazita liderrek haina puntu dituzte eta.

Estatistikak sarri ez dira nahikoa partidan gertatu dena azaltzeko, baina Urdulizen Urrutikoetxeak batutako zenbakiek ez dute zalantzarako betarik uzten. Zaratamokoak 18 tanto amaitu ditu (3 sakez eta 12 airez) oso oso gutxitan ikusten diren zifrak. Baina zenbakiez harago, emandako sentsazioak ere izugarriak izan dira, lehen pilotakadatik pilota ondo astindu eta zuloak ireki eta amaitzerakoa ikaragarri eraginkor aritu baita. Bizkaitarraren sekulako erakustaldi batekin 6-0 aurreratu da Baikoko bikotea, Altuna-Martijak uste baino erresistentzia txikiagoa jarrita.

Nahi eta ezin

«Pazientziaz aritu behar dugu, ordu bata arte pilotan aritu behar badugu ere», esan dio Jokin Altunak bere atzelariari txokoan egindako tanto on bati esker pilota aldatzeko modua izan duenean.

Pilota bizkorrago batekin, Aspekoek aldatu dute pixka bat partidaren norabidea, baina espero eta nahi baino askoz azkarrago hartu dute etxerako bidea. 6-4 gerturatu dira markagailuan, baina hortxe geratu dira, atzean zein aurrean euren aurkariak baino askoz gutxiago izan direlako.

Urrutikoetxeak sekulako distira erakutsi duen bitartean, Jokin Altuna erabat itzalita egon da, ezkerreko esku hori erabat osatu zaion ikusteko aukerarik eman gabe. Eta atzean ere, Aranguren goitik behera erabat nerbiorik gabe dabilen Martijari gailendu zaio, pilota asko baztertuz. Zabaletaren aurka itxura txukun eman ostean, Etxeberrikoa jokorik gabe aritu da erabat eta gaur aukerako pilota asko utzi dizkio gupidarik gabe aritu den Urrutikoetxeari.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Martija: 4

Urrutikoetxea-Aranguren: 22

Pilotakadak: 340. Iraupena: 43,33 minutu. Markagailua: 0-6, 4-6, 4-22. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 3 Urrutikoetxeak. Tantoak: 2 Altuna III.ak, 0 Martijak, 15 Urrutikoetxeak eta 0 Arangurenek. Hutsak: 3 Altuna III.ak, 1 Martijak, 0 Urrutikoetxeak eta 1 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera erdi inguru Urdulizko pilotalekuan.