INFO

Amaia Aldai, emakumeen esku pilotaren garapenaren ispilu Mungian

Aurreko txapeldunari 22-14 gailenduta, Dimakoak jantzi du Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Masterreko txapela, txiki geratu den pilotalekuan.

Amaia Aldai bere lehen lau eta erdiko txapela buruan duela. (FOKU)

Beste gauza asko eten, edo gutxienez geratu baditu ere, covid 19aren pandemiak ez du emakumeen esku pilota azken urteetan izaten ari den garapena atzeratzerik lortu. Emakume Master Cup-en lehen txapelketak urtetan lozorroan egondako modalitate hau astindu zuenean, txapelketa jokatze hutsa pozteko zerbait zen, lotsak edo konplexuak kendu eta praka zuriak janztea bera bazen nahikoa garaipen eta kantxan egote eta pilota jotzea nahikotzat jotzen ziren. Ez dira bost urte pasa zirkuito honek bere lehen lau eta erdiko txapelketa aurkeztu zuenetik eta gaur Mungian jokatutako finalean Amaia Aldai txapelduna sake bat airez erantzuten ikusi dugu, baita dimoztarra bera eta Olatz Arrizabalaga sakea txokotik zabalera ateratzen eta bi finalistek ere behin baino gehiagotan pasa dute lau eta erdiko marra, orain gutxi marra horrek mugatik baino sinbolikotik gehiago zuenean.

Ikusmina ere asko handitu da eta Mungiako pilotalekua txiki geratu da eta bat baino gehiago izan dira jaialdia bertatik bertara ikusi ezinda kanpoan geratu behar izan dutenak partida telebista edo internetez jarraitu ahal izateko. Eta aurreko txapelduna Miriam Arrillagari 22-14 gailenduta,  esan genezake Amaia Aldai txapeldunak inork baino hobeto islatzen duela garapen hori.

Esan genezake Dimako aurrelaria Emakume Master Cup zirkuitoarekin batera hazi den pilotaria dela, Imanol Agirre profesional ohiak animatuta, futbola utzi eta esku pilotaren aldeko apustua egin zuen orain ez urte asko eta garapen ikusgarri baten ostean puntaren puntan kokatu da, bere joko oldarkor eta indartsuarekin.

Fisikoa eta teknikoaz gain, mentala izan da Amaia Aldaik azken urte hauetan asko zaindu duen alorretako bat eta finalean ere nabaritu zaio urte gutxian pilotari heldu bat izatera heldu dela. Izan ere, estilo talka bat espero zen bera bezalako aurrelari erasokor eta Miriam Arrillaga bezalako indar eta pazientziazko atzelari baten artean eta partidaren erritmoa Aginagakoak nahi zuenera gehiago gerturatu bada ere, Aldaik une oro partidan sartuta egiten jakin izan du, tantoak luzatu direnean ez du bururik galdu eta finalaren lehen erdi orekatu baten ostean, nagusitasunez gailendu da egindako txapelketa bikainari merezitako amaiera emanaz.

Enara Gaminde, hirugarren 14 urterekin

Eta dena borobiltzeko, hirugarren posturako lehia kirol honek duen etorkizun oparoaren ispilu izan da, Laukizko Enara Gaminde gazteak Olatz Arrizabalagari (18-22) gailenduta, kontsolazio finala irabazi baitu. Egia da Gernikarrak ez duela bere egunik onena izan, saketik hasita, hasiera-hasieratik nahikoa nahastua egon da gernikarra, baina ezin da inolaz ere ahaztu Laukizkoak 14 urte baino ez dituela eta, erakutsi dituen dohainekin, zeresan handia emateko moduan dagoela. Final nagusia ez zen arren, urduritasuna nabaria izan da bi pilotariengan, baina ikasleak irakasleak izan ez duen patxada erakutsi du eta ezin gehiago eskatu pilota mistoarekin jokatu duen lehen txapelketan.