INFO

‘Herrigaia’ osatu da Sorturen Kongresu prozesuan, onartutako ildoa indartuz

‘Herrigaia’ ponentzia borobildu dute asteburu honetan Sortuko Kongresu prozesuaren parte-hartzaileen bozek. Ildoan sakontzeko proposamenak onartu dira eta ezin izango da korronterik antolatu, proposamen hau ez baita aurrera atera, barne kohesiorako kaltegarria izango litzatekeelakoan.

Sortuk Oiartzunen udan eginiko topaketa. (Sortu)

Zatikako zuzenketekin osatu da ‘Herrigaia’ ponentzia, Sorturen Kongresu prozesuan beste aurrerapauso bat emanez. Asteburuan izan dira bozketa hauek eta 1.876 parte-hartzaileek eman diete baietza ala ezetza proposamen ezberdinei. Honekin, hurrengo bost urteetarako estrategia eta ildo politikoa borobildurik gelditu dira.

Guztira 119 zuzenketa bozkatzeko aukera izan da, gehienak trantsakzionatuak eta zuzendaritzak ‘Herrigaia’ri aurkezturiko autozuzenketak. Adostasunik gabeko batzuk ere baziren mahai gainean; ez dute aurrera egin. Onartu diren guztiak Nazio Kontseiluak babestutakoak izan dira, beraz.

Aldaketa batzuk nabarmentzearren, Sortuk «Euskal Herria/Euskal Nazioa iparrorratz eta itsasargi» duela jokatu behar duela eta «euskal nazioaren eraikuntza askapen hautua eta horrela ezaugarritu behar dugula» zehaztu da: «Garaiko erronken araberako naziogintza garatu behar dugu. [...] Honek eskatzen digu iruditeria, ikurrak, errituak, musika, kultura, artea eta beste hainbat mailatan pentsatu eta jardutea, bulkada berriak ahalbideratzeko».

Bigarrenik, krisiari aurre egiteko mekanismoak findu eta errotikako aldaketaren beharra berretsi dira: «Beste zibilizazio bat behar dugu kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismo eta arrazakeriaren iraupena egiturazkoa direlako, eta beraz, errotiko aldaketak ezinbestekoak direlako». Norabide horretan, «ezkerreko independentismoak borrokaren lehen lerroan egon behar du eta proposamen konkretuak eskaini [...] burujabetzarekin lotuz eta borrokan dauden sektore sozialen artikulazioa bilatuz».

Ikuspegi feminista ere indarturik atera da, zuzenketa hau horren adibide delarik: «Ez dugu askapen prozesurik irudikatzen emakumeen* eta, oro har, sistema horrek azpiratzen dituen gainontzeko subjektuen emantzipaziorik eta pertsonen arteko parekidetasunik gabe». Maila organizatiboan, Plan Feminista berretsi da, «gure izatearen despatriarkalizazioan urratsak ematen jarraitzea» xede izanda.

Hiriguneek ildoa garatzeko orduan duten pisua indartzeko ekarpenak ere nabarmentzekoak dira, maila politikoan zein organizatiboan, biztanleriaren %80 jada eremu urbanoetan eta kostaldean bizi delako. «Euskal Herriko eskalan, gure hiriburu eta hiriguneetan (Baiona-Angelu-Biarritz, Irun-Donostialdea, Iruñerria, Tutera, Gasteiz, edo Bizkaia metropolitanoan) ematen diren prozesu soziekonomiko eta ideologikoek inguruko lurralde osoa kutsatzen dute. Beraz logika politikoan Euskal Herria irabazteko eremu hauek irabazi behar dira» dio onartutako zuzenketak.

Korronterik ez

Guzti horrezaz gain, Sortu barne aniztasunaren aldeko apustuan berretsi da, hausnarketarako eta eztabaida kolektiborako espazioak biderkatzeko hautua eginez. Baina bozketetan atea itxi zaio espazio politiko edota korronteak eratzeko aukerari, barne kohesioaren kaltetan eragingo lukeelako. Proposamen honi %83,6ak ezetz esan dio eta %11,65ak baietz.

Zuzendaritzak aukera honen aurkako iritzi garbia eman zuen, lau arrazoirengatik: «Eztabaida pobretuko luke, aurrez lerrokatutako posizioetara mugatuko lukeelako; espazio politiko antolatu horiek barne-lobby izaera hartuko lukete, barne demokrazia eta militanteen arteko berdintasunaren kaltetan; Sorturen baitan identitate eta leialtasun fragmentatuak sortuko lituzke, ezkerrean tamalez ohikoak diren barne lehia iraunkorra eta taldekeria elikatuz eta zatiketa arriskua sortuz; eta borroka urte luze eta gogorretan lortu dugun kohesioa arriskuan jarriko luke».