Xabier Amuriza eta Jose Ramon Etxebarria jakintsuen ikasgai magistrala Lekuona sarietan
Pandemiak halabeharrez eragindako trabak batzuetan onerako suerta daitezke. Esaterako, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona sarien banaketan Xabier Amuriza eta Jose Ramon Etxeberria oholtza baten gainean elkartzeko. Kafe Antzokian ikasgai magistrala eskaini dute bi jakintsu handi hauek.
1983an sortu zituen Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona sariak. Helburua argi zegoen: ibilbide luze eta oparoko pertsonalitateei aitorpena egingo zitzaien. 2019an, lehen aldiz, bertsolari bati egokitu zitzaion, Xabier Amuriza (Etxano, 1941) bertsolari, idazle, ikerlari eta artikulugileari.
Orduan pandemia gure bizitzara iritsi eta sari banaketa zintzilik gelditu zen, guztion bizitza bezala. 2020an, Jose Ramon Etxeberria (Gernika, 1948) zientzialariak jaso zuen aitorpen hau, zientziako goi-mailako ikasketetan eta ikerketan euskara normalizatzeko egindako lanagatik.
Aspaldiko ezagunak dira saritu biak, urte luzeetan euskaran, kulturan eta politikan militantzia eta borroka partekatu dutelako. Etxeko giroa sentitu da, beraz, astelehen iluntze honetan Bilboko Kafe antzokian. Ikusleen artean, unibertsitateko kideak, bertsolaritza munduko ordezkapen zabala, sarituen familiak eta erakundeetako ordezkariak.
Eta maitasuna, Amurizak aipatu duen bezala: «kariñoa» nabari izan da.
Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehenkariak aipatu duen bezala, bi ibilbide luze saritu dira: «Erabateko erreferentea den artista batena», Amuriza, eta «bizitza osoa euskararen alde buru-belarri lanean ari izan den Etxebarriarena. Ezaugarri batek batzen eta laburbiltzen ditu bi ibilbide hauek: berbak eta hitzaren indarrak».
Bizitza era inteligentean
Pozik eta lasai agertu da Amuriza, ironia ukituarekin ere, inork ez diolako «bertsoa botatzeko eskatuko edo kuestionatuko». 80 urte ditu, ibilbide luzea atzean, lanean jarraitzen du eta aitorpen bat egiteko beharra, umorez ere: «Ni hilezkorra naiz. Bihar ziur hemen izango naizela. Orain arte egun guztietan asmatu dut eta, behin huts egingo dudalako, ez dut utziko besteetan asmatzeari!».
Hitzordu hauek atzera begiratuko aukera ematen dute, eta Amurizak bertsolaritzak eman diona plazaratu nahi izan du: «Oso garrantzitsua da niretzat: Bertsolaritzari zor diot bizibidea izan dudala. Txikitatik dut barneratuta: lehen harria bizibidea da. Eta nik bertsolaritzari hori zor diot batez ere. Hori gauza handia da».
Bukaeran ikasgai magistralaren itxura hartu duen sari banaketa honetan gogoeta batzuk bota dituzte. Hemen adibide batzuk.
Etxebarriak: «Bizitzan ikasi dudan gauza bat da etengabe aukeratu behar dela. Ez gara gai dena egiteko, orduan mementuan, egoeraren arabera, aukera desberdinak daude eta nik pozik esan dezaket beti aukeratu dudala nahi izan dudana».
Amurizak: «Nik era inteligentean bizi izatea erabaki dut. Euskararekiko erabaki dut ez dudala larregi sufritu behar, ezta larregi poztu behar. Nik egingo ditut ahaleginak, eta bagara, izango gara, ni bizi naizen artean eta gero ere izango gara».
Eta eskaera bat, Jose Ramon Etxebarriak zuzenean Bingen Zupiria sailburuari egin diona, ikusleen artean zegoela ikusirik: zientzialari gazteen lan baldintza duinak berma ditzala. Hori baita, aipatu duenez, «inbertsiorik onena da, euskal komunitate zientifikoa jarraitu dandin indartzen. Hori izango litzateke zimendagarririk onena gure etorkizun intelektuala finkatzeko».