INFO

Rodriguez, Altzugarai, San Vicente eta Pla, Sorturen zuzendaritzarako izen-abizen nagusiak

‘Herrigaia’ onartu eta osatu ostean, Nazio Idazkaritzarako proposamena aurkeztu du asteazken honetan Sorturen Nazio Kontseiluak. Arkaitz Rodriguez da idazkari nagusi karguan segitzeko hautagaia, eta berarekin batera goi kargu nagusietan Nuria Altzugarai, Oihana San Vicente eta David Pla ageri dira.

David Pla, Norabidetze Estrategikoaren ardura hartzeko hautagaia, (Jon URBE | FOKU)

Ponentziari buruzko eztabaida amaituta, zuzendaritza organoak hautatzeko fasean sartu da Sorturen III. Kongresua. Asteazken honetan Nazio Idazkaritzarako hautagaitza eman du ezagutzera Nazio Kontseiluak. «Talde sendo, kohesionatu eta dinamiko»tzat jotzen du, «nazio askapen prozesua bururaino eramateko konpromisoa duena eta estrategia aldaketaren ostean ireki den garai berria posible izan dadin ekarpena egin duena».

«Pandemiak euskal jendartean, sakoneko aldaketak eta mugimenduak azkartu ditu, lurrikarak eraginez: krisi ezberdinak, nazio pultsua lausotzea, ziurgabetasuna eta abar –ekarri du gogora–. Sortuk erronka horiei gogotsu helduko die datozen urteetan, belaunaldi honek dituen herri erronkei ekarpena egiteko: euskalduntzean, bizi baldintza duinen alde eta prekarietatearen aurka, bakegintzan, feminismoan, ekologismoan eta migrazioen auzian besteak beste. Guzti horretan aurrera egiteko ibilbide militantea duen taldea da Nazio Kontseiluak aurkeztutakoa, ezker abertzalean zein herri mugimendu ezberdinetan militatu duena, EH Bildun eta EH Bain jarduten duena eta herri mugimenduekin elkarlanean diharduena gaur egun ere».

Berritasunen artean, «genero parekidetasunera bidean urrats esanguratsua emango da Nazio Idazkaritza berri honekin», aipatzen du proposamenak. Gauzak honela, hamar ardura nagusietan bost emakume eta bost gizon daude. Herrialdeak kontuan hartuta, sei emakume eta bederatzi gizon.

Honakoak dira hautagaitza osatzen duten kideak eta bakoitzaren curriculuma, Sortuk helarazi duen bezala:

Idazkari nagusia, Arkaitz Rodriguez Torres

Altza, 1979. Sortuko idazkari nagusia 2017tik. EH Bilduko Legebiltzarkidea Gasteizen. Jarrain hasia militatzen. Bateragune auziagatik berriz epaitu nahi du Auzitegi Gorenak. Industria Elektronikan ingeniari teknikoa.

Idazkari teknikoa (idazkariorde lehena), Nuria Altzugarai Gartzia

Donostia, 1974. Sortuko idazkari teknikoa 2017tik. Ezker abertzaleko erakunde ezberdinetan ibilia. Administrazio eta Kudeaketarako Informatikan Goi Mailako Teknikaria. Haur eta Gazteen aisialdi-hezkuntzan aritutakoa eta Giza kultur Dinamizaziorako eremu ezberdinetan formakuntza.

Barne koordinatzailea (idazkariorde bigarrena) Oihana San Vicente Saez de Cerain

Agurain, 1976. Sortuko Arabako arduraduna 2017tik. Jarrai gazte antolakundean hasia militatzen, ezker abertzaleko erakunde ezberdinetako kidea izan da. Formakuntzaz psikologoa.

Norabidetze Estrategikorako Gunearen arduraduna (idazkariorde hirugarrena), David Pla Martin

Iruñea, 1975. Sorturen Nafarroako idazkaritzako kidea 2020tik. Ikasle Abertzaleak eta Jarrain hasi zen militatzen. Gatazkaren konponbiderako ETAren mintzakidea izana eta borroka armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen kideetako bat.

Barne antolaketa arduraduna, Itsasne Fernandez Duarte

Oiartzun, 1987. Sortuko barne antolaketa arduraduna 2020tik. Aurrez Gipuzkoako idazkaritzako kidea. Plan Feministaren osatze prozesuko eta lantaldeko kidea. Ikasle mugimenduan militatzen hasia. Gazte mugimenduan ibilia. Ingeles Magisteritzan diplomatua.

Ekintza politikoko arduraduna, Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga

Donostia, 1974. Sortuko ekintza politikoko arduraduna 2017tik. Ikasle Abertzaleaken militatzen hasia, ezker abertzalearen baitako prozesu feministaren sustatzailea, Ipar Hegoa Fundazioan formakuntza sindikalean jardundakoa eta ezker abertzaleko hainbat erakundetan militante izana. Soziologian ikasketak.

Herrigintzako arduraduna, Xabi Iraola Larraia

Igeldo, 1993. Azken urte hauetan Sortuko Herrigintza lan taldean ibilia eta Gipuzkoako idazkaritzako kidea. Ernairen hastapenetatik bertako militantea. Lehen Hezkuntzako irakaslea ikasketaz.

Komunikazio arduraduna, Gotzon Elizburu Beristain

Soraluze, 1988. Sortuko komunikazio arduraduna 2017tik. Euskalgintzan militatzen hasia, ikasle mugimenduko eta gazte mugimenduko kide izana. Multimedia komunikazioan masterra.

Nazioarteko arduraduna, Elena Beloki Resa

Areta, 1961. Iratzar Fundazioko nazioarteko departamentuko arduraduna 2017tik. Transform Europe! sarean Iratzarreko ordezkaria da. Antropologoa, Nazio Harremanetan aditua, Informazio zientzietan lizentziatua eta Magisteritzan diplomatua. Gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduraduna.

Gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduraduna, Haimar Altuna Ijurko

Lizartza, 1976. Sortuko Gipuzkoako arduraduna 2017tik. Gaztetatik Jarrai gazte erakundean militatzen hasia, ezker abertzaleko erakunde ezberdinetan militatu du. Elektronikako FP2 ikasketak eginak eta langilea Industria Horniduretako familia enpresa batean.

Nafarroako arduraduna, Lur Albizu Etxetxipia

Artazu, 1993. Nafarroako idazkaritzako kidea 2020tik. Ikasle mugimenduan hasi zen militatzen, mugimendu feministako kidea da eta Ernaiko kide izan da. Gasteizen Euskal Ikasketak egina, gerora Irakaskuntza Masterra eta Hizkuntza Plangintzan graduondokoa. Lanbidez euskara teknikaria.

Arabako arduraduna, Jon Iker Aramendi Jimenez

Gasteiz, 1989. Sortuko Arabako idazkaritzako kidea 2018tik. Ernai antolakundean eta herri mugimenduko hainbat eremutan ibilia. Natura eta paisaia baliabideen kudeaketa eta antolamenduko goi mailako teknikaria. Haur hezkuntzako goi mailako teknikaria. Lanbidez lorezaina.

Ipar Euskal Herriko arduraduna, Aitor Servier Etxexuri

Azkaine, 1997. Sortuko eta EH Baiko militantea. Ikasle mugimenduan militatzen hasia, Aitzina! gazte antolakundearen eratze prozesuan parte hartu zuen. Bertan bozeramailetza eta koordinazio ardurak bete ditu zenbait urtez. Bertsolaria.

Bizkaiko arduraduna, Paul Laka Garamendi

Algorta, 1990. Sortuko Bizkaiko idazkaritzako kidea 2020tik. Aurretik, Algortako arduradun politikoa. Gazte antolakundean hasi zen militatzen. Getxoko eta Bizkaiko EH Bilduko mahai politikoko kidea da. Basogintza goi mailako gradua Derioko Nekazal Eskolan.

Gipuzkako arduraduna, Aritz Arzallus Agirrezabala

Azpeitia, 1981. Sorturen Gipuzkoako idazkaritzako kidea 2017tik. Gazte mugimenduan militatzen hasia eta preso politikoen eskubideen aldeko mugimenduko kide izana. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua.

Beste 15ak, banan banan

Nazio Kontseiluaren hautagitza metodoari dagokionez, Nazio Kontseilua 30 lagunek osatuko dutela ekarri du gogora Sortuk: «Nazio Idazkaritza osatzen duten 15 lagunak eta banan-banan bozkatuko diren beste 15 lagun».

Abenduaren 23an irekiko da hautagaitzak aurkezteko epea urtarrilaren 5a bitarte. Aukera dago Nazio Idazkaritzarako hautagaitza alternatiboak aurkezteko zein Nazio Kontseilua osatuko duten banakako hautagaitzak aurkezteko. Bozketa urtarrilaren 19tik 21era izango da (22an izango da Kongresu eguna, hilabete ugari luzatu den prozesu honi amaiera emanez)

«Bestetik, zuzendaritza osatzeko garaian bi mekanismo zuzentzaile aplikatuko dira: bata, Plan Feministan jasota dagoen bezala, Nazio Kontseiluaren %40 gutxienez emakumezkoak izango direla bermatzeko. Bestea, herrialde bakoitzak duen sortzaile kopuruaren arabera, zuzendaritzan dagokion pisua izango duela bermatzeko», zehaztu du Nazio Kontseiluak.