INFO

Iñaki Etxeberria aske, ia 26 urteko kartzelaldia amaituta, gehienak eritasun larri batez

Iñaki Etxeberria iruindarra aske gelditu da, 25 urte eta hamar hilabete bi Estatuetako espetxeetan eman ostean. Denbora gehiena begiko gaixotasun larri batekin eman du eta oso urruti ziren kartzeletan: Fresnes, Algeciras, Puerto, Topas... Bisitarako bidai batean lagun bat galdu zuen: Sara Fernandez.

Presoen etxeratzearen aldeko mobilizazio bat, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Kartzelaldi oso gogorra amaiturik, ostegun honetan aske geratu da Iñaki Etxeberria Martin iruindarra. Kantabriako El Dueso espetxetik atera da.

Gogortasun hori lau arlotan laburbildu daiteke. Hasteko, ia 26 urtez izan dute giltzapetuta, atxiloketa 1996ko otsailean 2an gertatu baitzen, Estatu frantsesean. Bost urte beranduago, ETAko kide izanagatik Parisek ezarritako zigorra bete ostean, Espainiaratua izan zen eta zigor berri luzea erantsi zioten Madrilen, gaur arte iraun duena.

Etxetik oso urrun egon da Etxeberria mende laurden horretan. Lehenengo bost urteak Fresnesen, Chateaudunen, Perpignanen eta Villenueven eman zituen. Espainia aldean, Algeciras, Puerto, Valdemoro (Madrid), Zuera (Zaragoza), Topas (Salamanca) eta Albocasser (Castelló) ezagutu ditu. Azken hilabeteak baino ez ditu etxetik gertuxeago pasa, Kantabriako El Dueson hain zuzen ere, Iruñetik ia 300 kilometrotara.

Urruntze horren ondorioz zorigaiztoko istripu batek betirako eraman zuen Sara Fernandez Iruñeko laguna. Bera bisitatzera zihoan, Valdemorora, 2003. urteko azaroaren 29an eta bidean hil zen, Burgoseko Aranda de Dueron gertatutako talka batean. Duela aste batzuk gogoratu zuten, urtero bezala, Nafarroako hiriburuan.

Gaixotasuna

Honi guztiari erantsi behar zaio ia espetxealdi osoan Etxeberriak jasan duen gaixotasun larria. Eboluzio luzeko miopia magnoa izanik, Fresneseko espetxean zegoenean oftalmologia errebisioa eskatu zuen. Hitzordurako zenbait atzerapenen ondoren, 2000. urtean miopia magnoa koriorretinitis miopikoarekin diagnostikatu zioten.

Miopia handi honen ondorioz, 2006an Algecirasen zegoelarik, espetxean zegoelarik, Punta de Europa Ospitalean eskuineko begiko erretina hemorragia eta ikusmenaren zorroztasunaren galera antzeman zioten. 2010eko urrian, oraingoan Zuerako espetxean egonik, bi aldeko glaukoma bat diagnostikatu zioten; honek tratamendua doitzea eskatzen zuen, oinarrizko erretinako patologiaren larritasuna ez eragiteko.

Hau guztia dela eta, Jaiki Hadik argitaratu zuen gaixorik diren presoen zerrendan egon da Iñaki Etxeberria, baina legez zegokion askatasunik ez diote eman, ez eta kartzelaldia arindu ere, espetxeak ikusmenari eragiten dion kaltea aski ikertua den arren.

Azken urteoetan, gainera, behin baino gehiagotan arreta eskasa salatu behar izan du Etxeberriak. 2013. urtean kexa aurkeztu zuen, errebisio medikurik gabe hamazazpi hilabete zeramatzalako, eta 2014ean eta 2015ean ere antzeko arazoak izan zituen.

Hau guztia gaindituta, 57 urte zituela etxean da berriz Iñaki Etxeberria Martin.