INFO

Transfusio Zentroko soldatak gainontzeko langileenekin parekatzea eskatu dute sindikatuek

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan ordezkaritza duten sindikatuek manifestazioa egin dute eskatzeko ospitaleetan baldintza berberetan lan egiten duten gainerako lankideekin soldatak parekatu daitezen.

Sindikatuek ostegun goizean Galdakaoko ospitaleetatik abiatuta egin duten manifestazioa. (Oskar MATXIN/FOKU)

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan (TGEEZ) ordezkaritza duten ELA, Satse, LAB, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuek ostegun honetan eskatu dute ospitalean baldintza beretan lan egiten duten gainerako lankideekin soldatak parekatzea.

Horregatik, TGEEZak Galdakaoko ospitalean duen egoitzatik sindikatuek adierazi dutenez, abenduaren 9an eta 10ean greba egin ostean plantilla mobilizatzen ari da oraindik, baina, hala ere, Osakidetzak bere eskaerei erantzun gabe jarraitzen du.

Gogorarazi dutenez, hilabete honetako bi greba egunek «babes handia» izan zuten: «Osakidetza greba eskubidea mugatzen saiatu arren, jarraipena masiboa izan zen».

Horregatik, ELA, Satse, LAB, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuek agertu dute mobilizazioekin jarraituko dutela beren helburua lortu arte, hau da, ospitalean baldintza beretan lan egiten duten gainerako langileekin soldatak parekatzea.

Zentroan ordezkaritza duten sindikatuek manifestazio bat egin dute ostegun honetan. Galdakao-Usansoloko Ospitaletik abiatu da goizeko 7:00etan, eta  zirkulazioa eten dute ospitalearen sarreran.

Osakidetzaren erantzunik ez

Kritikatu dutenez, bi greba egunen ondoren, Osakidetzak «kolektiboaren eskaerei jaramonik ez egitea eta lan baldintzen desberdintasuna ezartzen jarraitzea erabaki du, orain arte egin duen bezala».

Abenduaren 13an, greben ondoren, sindikatuen Mahai Sektorial bat egin zen Osakidetzarekin. Sindikatuetako ordezkariek Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen lan baldintzak parekatzeko irtenbide bat bilatzeko eskatu zuten. Hala ere, «erakunde publikoak ez zion gaiari heldu nahi izan», gogorarazi dute.

Ostegun honetan bertan Mahai Sektoriala deituta dago berriz, baina sindikatuek aurresan dutenez, «ez dirudi Osakidetzak gatazka konpontzeko proposamenik aurkeztuko duenik».

Hori dela eta, beste mobilizazio-aldi bat jarriko dute martxan aipatutako sindikatuek.