Tricastineko zentral nuklearrean gertaturiko tritio isurketari larritasuna kendu dio EDFk
EDF frantziar argindar konpainiak abenduaren 21ean jakinarazi zion Segurtasun Nuklearrerako Agintaritzari (ANSN) Tricastineko zentralean hilabete erditsuan izan zen «istripu arina». Izan ere adituek oharrarazi dutenez hilabete luzetan igarriko da uretan tritio isurketaren eraginak.
Iragan abenduaren 21ean jakinarazi zuen EDF argindar konpainiak «abendua erditsuan» Tricastineko zentral nuklearrean gertaturiko istripua. Enpresaren arabera tritio isurketa gertatu zen zentraleko lur azpiko putzu batean.
«Abenduaren 11an 8.000 bequerel/litro tritio neurtu ziren, baina abenduaren 12an gorakada izan zen, 28.900 bequerel/litro neurtuz» azaldu zuen enpresak Segurtasun Nuklearrerako Agintaritzari (ANSN) igorritako txostenean.
Bere esanetan erradiaktibitate maila aski azkar apaldu zen, eta hala ondoko astean 11.000 bequerel/litro neurtu ziren uretan.
Izan ere, ’Mediapart’ hedabideak oroitarazi duenez «kutsadurarik ez dagoenean uretan azaltzen den tritio maila 1 eta 2 bequerel/litrokoa da».
EDFk, ordea, isurketak «osasun ondoriorik ez zuela ukan» ziurtatu zuen bere agiri horretan betoizko geruzak isolatu zuela isurketaren eragin eremua nabarmenduz.
Istripu nuklearren larritasuna neurtzeko eskalan 0 mailan kokatu zuen konpainiak gertutakoa. Alta, badira urte bi antzeko istripua gertatu zela Tricastineko zentralean nabarmendu dute adituek. Ondoko hilabetetan oraindik ere kutsadura erradiaktiboa bazela ondorioztatu zuten garaian eginiko azterketek.
Frantses estatuko zentral zaharren zerrendan
Tricastineko zentrala Avignon eta Valence artean dago, Estatu frantsesaren hegoekialdean.
2035. urterako Estatu frantsesean dauden 58 erreaktore nuklearretatik 14 itxiko zituela hitza eman zuen 2018ko azaroan Emmanuel Macron presidenteak.
Erreaktore zaharrenak handik pare bat urtetara isteko erabakia baieztatu zuen Macronek.
Gauzak horrela, Fessenheim zentraleko bigarren erreaktorea itzaltzeko prozedura 2020ko ekainean abiatu zen. 2040an amaituko da prozesua.
Izan ere, zerrendan beste zentral batzuk sartu zituen Macronek, tartean tritio isurketa jazo duen Tricastineko zentrala. Instalazio horrekin batera, Bugey, Gravelines, Dampierre, Blayais, Cruas, Chinon eta Saint-Laurent zentral zaharrak izan dituen aipagai frantses presidenteak.
Izan ere, joan zen otsailean erreaktore zahar horien bizitza luzatzeko lehen urratsa eman zuen Macronek. Hori soilik ez, horren ondotik, azaroan plazaratu zen 2030rako ekonomia berpizteko planean bostpasei erreaktore berri «txikiagoak eta eraginkorragoak» eraikitzeko egitasmoa jaso zuen frantses Gobernuak.
Tricastineko zentralean sartu ziren Greenpeaceko ekintzaileak
Tricastineko zentrala itxi dezatela eskatzeko ekintza burutu zuen Greenpeace erakundeak 2013ko uztailaren 15an.
30 ekintzaile inguruk zentral nuklearrean sartzea lortu zuten. Pankarta bat jarri zuten «Katastrofearen presidentea?» leloarekin, orduan frantses presidente zen François Hollanderi erreferentzia eginez.