INFO

Esnearen salneurria kostuen azpitik dagoela salatu dute EHNE eta UAGN sindikatuek

Esnearen ekoizpen-kostuak litroko 0,05 euro igo dira azken hilabeteetan, 0,40-0,42 euroraino; abeltzainei, berriz, litroko 0,32 eta 0,37 euro arteko prezioa baino ez zaie ordaintzen, EHNE eta UAGN sindikatuek Mercadona enpresaren supermerkatu baten aurrean eginiko elkarretaratzean salatu dutenez.

Esnearen sektorearen egoera larriaz ohartarazteko elkarretaratzea egin dute, Iruñean, EHNE eta UAGN sindikatuek. (Iñigo URIZ | FOKU)

EHNE eta UAGN sindikatuek elkarretaratzea egin dute astearte honetan Mercadona kateko supermerkatu baten aurrean, Iruñean, esnearen sektoreak bizi duen egoera larria salatzeko. Protesta hau joan den astean hainbat nekazal elkartek iragarri zituzten mobilizazioen parte da eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan izango dira halako hitzorduak.

Agerraldian azaldu dutenez, lehen sektoreko profesionalek eta, bereziki, abeltzaintzako azpisektore guztiek egoera «oso larria» bizi dute eta, hortaz, espainiar Gobernuari, berriki erreformatu den Elikagai Kateraren Legea «berehala» aplika dezala eskatu diote. Lakua eta Nafarroako gobernuei arau horren garapena egiteko eskaera helarazi diete ere.

Agerraldian azaldu dutenez, lehen sektoreko profesionalek eta, bereziki, abeltzaintzako azpisektore guztiek egoera «oso larria» bizi dute eta, hortaz, espainiar Gobernuari, berriki erreformatu den Elikagai Kateraren Legea «berehala» aplika dezala eskatu diote. Lakua eta Nafarroako gobernuei arau horren garapena egiteko eskaera helarazi diete ere.

Abeltzainak, «itota»

Deskribatu duten egoera gordina da oso: produkzio-kostuen hazkundea «geldiezina» da, %30 ingurukoa, eta sektore ekoizlea «itotzea» ekarri du, aipatu dituzten zenbait ondoriorekin: «input jakin batzuk ez ordaintzea, zorrak ordaindu ahal izateko ganadua saltzea, ustiapen-aseguruak bezalako elementu garrantzitsuak ezabatzea… Azken batean, ekoizleen likidezia-falta eta dirua galduz lan egitea».

Abeltzainei «bidezko tratua» eman ezean ekoizpen-sarea osatzen duten ustiategi txikien desagerpena «epe laburrean errealitate bat» izan daitekeela ohartarazi dute.

Adibide gisa aipatu dute esnearen sektorea: ekoizpen-kostuak litroko 0,05 euro igo dira azken hilabeteotan, litroko 0,40-0,42ra arte; abeltzainei, aldiz, litroko 0,32 eta 0,37 euro arteko prezioan baino ez zaie erosten.

Horregatik guztiagatik, abeltzainek jasotzen dituzten laguntzez gain, ustiategi ehunari eusteko sektoreak egiturazko neurriak behar direla azpimarratu dute EHNE eta UAGN sindikatuek, «elikadura katea gardenagoa, justuagoa eta orekatuagoa» izan dadin.