Aretxabaletari Zabaletaren beste erakustaldi bat sufritzea egokitu zaio (22-11)
Berez Ruben Salaverrik jokatu behar zuen eskua minduta duen Mariezkurrenaren ordez, baina atzelari nafarrak positibo eman du covid-19an eta azken orduan Markinakoari deitu diote. Ezin izan dio aurre egin Etxarrengoari eta aise nagusitu dira gorriak, lidertza sendotuz.
Elezkano II.ak eta Zabaletak seigarren puntua bildu dute Binakako Txapelketako ligaxkan, Tolosan Jaka eta Aretxabaletari 22-11 irabazi ondoren. Neurketako berrikuntza Andoni Aretxabaletaren partaidetza izan da. Berez Ruben Salaverrik jokatu behar zuen eskua minduta duen Mariezkurrenaren ordez, baina atzelari nafarrak positibo eman du covid-19an eta azken orduan Markinakoari deitu diote.
Eta ez zaio egun errazena egokitu Aretxabaletari txapelketan sartzeko, neurriko aurkaririk topatu ezinik dabilen Jose Javier Zabaletari aurre egin behar izan baitio. Edo saiatu, esan beharko dugu, Etxarrengo atzelaria gaur ere jaun eta jabe izan delako Beotobarren. Sekulako nagusitasuna erakutsi du nafarrak bere kolpe apartarekin, baina hori bakarrik ez, defentsan ere bikain ibili da, aurreko zuloan pilota zailak eramanez eta atzean ere airez ongi defendatuz. Pilota bakar bat ere galdu gabe amaitu du norgehiagoka eta eginak hiru apuntatu dizkiogu.
Egindako horietako bat 5-4koa izan da, seguruenik partidako tanto onena. Gorriak nagusi izan dira, baina urdinek defentsa bikaina erakutsi dute, pilota oso zailak eramanez, eta azkenean Zabaletak berak amaitu du tantoa dejada eder batekin.
Hain zuzen ere lehen tanto horietan parekotasun apur bat egon da markagailuan. Erik Jaka asko asmatzen hasi da eta 2-4 ere aurreratu dira urdinak. Baina hortik aurrera Zabaletaren erakustaldia hasi da eta urdinen asmo on guztiak pikutara joan dira. Aretxabaletak ez du gaizki jokatu, baina atzeko zuloan sartuta egon da etengabe, eta aurrean Jakak arriskatzeko aukera gutxi izan ditu. Lizartzakoaren ezina nabaria izan da eta bi atsedenaldietan haserre joan da aldageletara.
Azkenean, 56 minutu eta 470 pilotakadaren ostean, gorriak 22-11 nagusitu dira lehen itzuliaren amaieran sailkapeneko lidertza indartuz, sei garaipen eta porrot bakarrarekin. Jaka eta Mariezkurrena, aldiz, hiru garaipenekin helduko dira ligaxkaren bide erdira.