INFO

Urrizak eta Labakak iazko garaipena errepikatu dute erremonteko Binakako Txapelketan

Iazko txapeldunek 40-37 menderatu dituzte Ansa II.a eta Martirena emozioz betetako final borrokatu batean. Jokoa ez da ikusgarria izan, markagailuan gora-behera handiak izan dira, eta une erabakigarrian gorriek gehiago asmatu dute.

Jagoba Labaka, pilotara sartzen Galarretako finalean (Jon URBE | FOKU)

Javier Urrizak eta Jagoba Labakak erremonteko Binakako Txapelketan iaz lortutako garaipena errepikatzea lortu dute aurten ere, Galarretan jokatu den finalean Imanol Ansa eta Ibai Martirenari 40-37 irabazita. Final borrokatua izan da, gora-behera askokoa, eta amaieran urdinek egindako bizpahiru hutsekin erabaki dena.

Hasieratik ikusi da kantxan tentsio handia zegoela eta batez ere atzelariei kosta egin zaie partidan sartzea. Distira gutxiko jokoa ikusi da lehen tantoetan eta pilotariak behin baino gehiagotan ikusi ditugu materiala probatzen, gustoko pilotaren bila.

Baina finala apurka-apurka berotzen joan da eta aurrean lehen jokaldi aipagarriak sinatu dituzte Urrizak eta Ansak. Lehenik nafarra izan da bizpahiru errematerekin 11-8 aurreratu dena, baina 0-5eko partzial bati esker Ansak –tanto onak amaituz– eta Martirenak 11-13 irauli dute emaitza.

Urdinen agintea 14-15ekora arte mantendu da, baina lehen atsedenalditik bueltan gorriak askoz indartsuago itzuli dira partidara eta 6-0eko partzial batekin 20-15 aurreratu dira. Alde politak izan dituzte une horretatik aurrera iazko txapeldunek, errenta handienera iritsi arte: zazpi tantoko aldea 29-22an.

Une zailak izan dira bikote urdinarentzat. Imanol Ansak zaintiratu txiki bat izan du izterrean eta aldageletan Bixente Artolarekin masajea ere hartu behar izan du. Baina hala ere gai izan dira egoerari aurre egin eta berriz ere neurketa parekatzeko. Lehenik 30-30 berdindu dute markagailua, eta ondoren aurretik ibili dira: 32-34, 34-36 eta 36-37. Martirenak asmatu egin du sakearekin eta Ansak ere bizi atzeratu du pilota.

Baina, beste behin, Javi Urriza handia atera da unerik zailenean eta bi pilotakada bikainekin 38-37 ipini du aurretik bikote gorria. Imanol Ansak ikusi du zirt edo zart egin beharra zeukala nafarrari bere legea ezartzen ez uzteko, eta arriskatzea erabaki duenean ez du asmatu azken bi erremateetan. Kanpora joan zaizkio azken bi saiakerak eta azkenean 40-37 nagusitu dira Urriza eta Labaka.