INFO

Kataluniako beste ikastetxe bati gazteleraz %25a eskaintzea agindu dio auzitegiak

Kataluniako Govern-ak babes juridikoa eskaini die astearte honetan irakasle eta ikastetxeei, katalanez emandako hezkuntzaren aurkako oldarraldiaren aurrean. Baina bitartean beste epai bat heldu da, Gorenak markatutako norabide beretik, hau da, gazteleraz %25a eskaintzea esijituz.

Gorenaren epaiaren aurkako mobilizazioa Canet de Mar-ren, azaroan. (David Zorrakino | Europa Press)

Espainiako Entzutegi Gorenak azaroan emandako epaiaren ostean, bistan da katalanezko hezkuntza ereduaren aurkako kanpaina hasi besterik ez dela egin. Gaur asteartean jakin denez, Kataluniako Auzitegi Nagusiak bide beretik jo du, Tarragonako Vila-Seca herriaren ikastetxe batean diharduen familia baten salaketa ontzat hartuz.

‘Vilaweb’ek aurreratu duenez, Gorenak azaroan egin zuen bezala gazteleraz %25a eskaini behar dela, eta ez %100 katalanez, erabaki du Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Erabakia ez da irmoa, horren kontrako helegitea aurkezteko aukera dagoelako. Baina momentuz salaketa horren alde egin du auzitegiak.

Auzitegira jo duen familia horrek beste behin ere Asamblea per una Escola Bilingüe de Cataluña delako elkartearen laguntza izan du, gaztelera katalanaren tokia har dezan jarduten duen taldea hain zuzen ere.

Aurrekari izan den Canet de Mar-ren auzian ere Kataluniako Auzitegi Nagusia izan zen katalanezko ereduaren aurkako lehen kolpea eman zuena. Gorenak hori berretsi ostean, Generalitat-earen helegitea errefusatu baitzuen Madrilgo entzutegiak, bere horretan segitzen du Bartzelonakoak.

Govern-en aurrerapausoa

Erasoaldi honen aurrean aurrerapausoa eman du gaur Kataluniako Govern-ak. Irakasle zein ikastetxeetako zuzendariei babes juridikoa bermatzeko akordioa aurkeztu du, edozein salaketaren aurrean.

Honela, babes horrek «katalanen alde egiteagatik jasotako edozein eraso»ri aurre egingo diola adierazi du Patricia Plaja Pere Aragonès buru duen Exekutiboko bozeramaileak. Arlo penalean, administratiboan edo beste edozein esparrutan laguntza emango dietela zehaztu du.

«Guretzat lehentasuna denari erakunde mailako erantzuna ematen diogu honekin», aipatu du Plajak. Gogora ekarri duenez, Kataluniako eskolaren eredua arrakastatsua izan da, ez du inor baztertu eta ikasle guztiek gaztelera zein katalana ulertu eta mintzatzeko duten eskubidea bermatu izan du.

«Hori suntsitu nahi duenik bada, baina ez du lortuko», ziurtatu du Plajak.