Aritz Erkiaga buruz buruko zesta txapeldun, Lopezi polemika eta guztiko finala irabazita
Bi setak irabazi ostean, 11-12 eta 9-12, Ispasterko pilotariak bere hirugarren txapela eskuratu du. Imanol Lopez zumaiarra ez da sari banaketara azaldu, epaileekin haserre aurreneko seteko desenpatean epaile nagusiak Erkiagaren errematea ontzat jo eta gero.
Berriatuako Mendibarren pilotalekuan jokatu zen ostiral gauez Buruz Buruko Zesta Punta Txapela, eta Aritz Erkiaga Ispasterko semea nagusitu zen, Imanol Lopez zumaiarrari aurreneko bi setak irabazi eta gero. Harrokeriarik gabe, hori bai, 11-12 eta 9-12 izan baitziren emaitzak. Hala, puntista bizkaitarrak bere hirugarren txapela eskuratu zuen, palmaresean Lopezek berak dituen txapel kopurua berdinduz, adibidez.
Partidaren garrantzia aintzat hartuta, akatsak nagusi izan ziren batez ere hasieran, baina Berriatuako finala Lopezen haserreagatik gogoratuko da batik bat. Gipuzkoarra 11-7 aurreratu zen aurreneko setean eta 11-12 galdu zuen amaiera poemiko baten ostean. Izan ere, Erkiagaren errematea txapa noiz joko geratu omen zen; are gehiago, aurreko epaileak txartzat jo zuen bizkaitarraren errematea, baina epaile nagusiak ontzat jo eta bere ikuspuntua ezarri zuen.
Bigarren setean gauzak ez ziren horren estu joan. Imanol Lopez 4-2 aurreratu arren, Erkiagak ekimena berehalakoan hartu zuen. Zumaiarra saiatu zen bigarren joko hau bereganatzen, baina azkenean 9-12 nagusitu zen pilotari urdina.
Aurreneko setean gertatu zen horrekin suminduta, Imanol Lopez ez zen saribanaketara atera aldageletatik, epaileen erabakiek kalte egin ziotela argudiatuta. erreakzio huraxe izan zen nolabait pilotalekuko giroa apur bat mikaztu zuen xehetasuna.