Jon Maiak epikaz bete du Arriaga antzokia
Plaza gizona dela argi dago, baina, bertsotan egiteaz aparte, dantzatu, kantatu edo errezitatu egin du, ‘crooner’ baten antzera. Jon Maiak ostegunean Bilbon eskaini zuen kontzertuak askorako eman zuen, tartean une ahaztezinak utziz: esaterako, antzokia zutik eta Sarrionandiari txaloka.
«Jon Maiak bizitza epikoki bizi du. Bertso-afari soil bat, harekin, episodio homeriko bat zen», irakur daiteke ‘Kantu bat gara’ (Elkar) disko-liburuaren hitzaurrean. Xabier Amurizak, ohi duen bezala, bete-betean asmatu zuen lerro horiek idatzi zituenetan. Sentipen hori ekidinezina izan baita Jon Maiak azken hiru hamarkadotan letragile bezala egin duen ibilbidea ospatzeko eman duen lehen kontzertuan: luze –2 ordu eta hogei minutu– eta oparo joan da, une magiko eta ahaztezin horietako dexente eman direlako.
Urtarrilak 6 eta Arriaga antzokia, lepo. Sarrera guztiak salduta... Guztiak? Bai, indarrean jarritako osasun neurriek uzten guztiak, bai. Bilboko antzoki dotore honek 1.200 eserleku inguruko edukiera izan ohi du; egungo murrizkepenekin, 600 bat soilik saldu ahal izan ziren. Atera kontuak.
Letragile bezala Jon Maia bertsolari eta idazleak egindako hiru hamarkadako ibilbidea ospatu nahi duen bira txikia katramilatsua izan da. Lehen kontzertua Donostian eman behar zuen berez joan den astean, baina LABIren neurriak gurutzatu ziren bidean. Sarrera guztiak salduta izan arren, bertan behera utzi behar izan zuten Victoria Eugenia antzokian iragarritako lehen kontzertua. Hitzordua otsailera atzeratu da. Sarrerak ziztu bizian agortu dira berriro.
Eta «eskerrik asko Donostia. Ai, ez, kontzertua suspenditu egin da», ironia lagun eman zion hasiera Jon Maiak Bilboko kontzertuari.
Beraz, lehen hitzordua Bilbokoa egokitu zaio. Egun batzuk lehenago, hauxe aitortu zuen sare sozialetan: «Aste honetan 49 urterekin Arriaga antzokian nire izenean emanaldi bat egitera noa eta kilimak dauzkat sabelean, 18 urterekin lehenengo aldiz gaztetxe batean, Elgoibarko Malapen kantatu nuenean bezalaxe». Oholtza gainean, dena den, eroso ikusi zaio, hitz egiteko gogoarekin, ikusleekin mugak apurtzeko prest.
Erreferente anitz, gure gizarteari buruzko hausnarketak, sentimenduak... denetatik egon da, kantuek, esan duen bezala «garraiobideak direlako, alfonbra magiko modukoak, edonora garraiatzen zaituztenak».
50 urte betetzear dagoenean, gure memorian iltzatutako bere eskutik idatzitako letrek berreskuratu ditu Jon Maiak, eta azken 30 urteotan euskal musikagile anitzentzat idatzi zituen abestien aukeraketa bat grabatu du. Bertan, Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gozategi, Gari, Mikel Urdangarin eta Ken Zazpi artisten zerrenda luze baterako konposatu dituen abestiak bildu eta horietako hamabost bertsioak grabatu zituen Donostiako Elkarren estudioen abuztuan bere talde propioarekin: Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (biolantxeloa) eta Nacho Soto (teklatuak), nahiz eta albumean Ander Zulaikaren perkusioak izan.
Zuzenekoan ez da diskora mugatu, propio prestatutako ikuskizuna izan baita. Izerdia bota du –«Julio Iglesias sentitzen naiz une batzuetan», aitortu du umorez–, eta aurrera joan ahala kontzertuak indarra irabazten joan da. Musika ‘janzteko’ egin den ikusezinezkoen proposamenak asko laguntzen zuen. Odei Barroso bertsolariak Maite Mutuberria ilustratzaileen marrazkien inguruan prestatutako animazioak zinemaren kutsua dute, indar handiko irudiak; batzuk, ikusgarriak. esaterako Zumaiako flych-en eta sustraiak sakon dituen tamarindo txikiaren animazioa.
Ahotsez bete da oholtza: Mikel Urdangarin, Maiaren alaba Eire, Antxon Latxa –Oskorriren partaide mitikoa–, eta Itziar ituño. Baina batez ere poesiaz: Garcia Lorca, Esteban Urkiaga ‘Lauaxeta’ eta Joseba Sarrionandia. Azken honekin, aretoa zutik eta txaloka, txalo zaparrada. Eta kanta bihurtu diren hainbat olerkien egileak poema bat irakurri dio Jon maia eta ikusleei. Kantu bat gara, tribu bat gara, eta guztiok, iraganetik etorkizunera, lotuta gaude errepikatzen ditugun kanten eta doinuen bidez.
Bisetan, Bilboko mantero elkartearen ordezkari bat –migrazioa, aurrekoa eta egungoa oso present izan baitira– eta Ibrahima Baldari zumaiarrak egin dion kanta. Eta antzokia zutik, txaloka, kantatzen, beste mundu bat posiblea delako, Jon Maiak esan duen bezala.