INFO

Lan Kode bat egiteko proposamena erregistratu du LABek Nafarroa eta Gasteizko parlamentuetan

LAB sindikatuak espainiar Gobernuaren lan erreformari Kongresuan, lantokietan eta kalean ezezkoa emateari irmoki eutsi dio. Horregatik, Euskal Herrirako Lan Kode baterako proposamena erregistratu du Nafarroa eta Gasteizko parlamentuetan.

Xabier Ugartemendia eta Garbiñe Aranburu LABen Bilboko egoitzan emandako prentsaurrekoan. (LAB)

Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak, eta Xabier Ugartemendiak, Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak, espainiar Gobernuak, CCOO, UGT eta CEOEk adostutako lan erreformarekiko LABek duen ezezko jarrera berretsi dute astelehen honetan Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan. Horretarako, EAE eta Nafarroako gobernuak interpelatu ditu eta Lan Kode propio baterako proposamena erregistratu du Gasteiz eta Nafarroako parlamentuetan.

«Lan Kodeak soldata eta enplegu duinak ziurtatu, kaleratzeak mugatu, diskriminazio ororekin amaitu, lan harremanak demokratizatu eta negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu edota lan guztiak aitortu eta zaintza lanak berrantolatzeko proposamenak jasotzen ditu. Enplegua, zaintza eta ondasuna banatzeko proposamenak, hain zuzen ere», iragarri du Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiak lan erreformaren aurka agertzeko hiru arrazoi nagusi nabarmendu ditu. Batetik, sindikatuaren aburuz, erreforma honek negoziazio kolektiboa zentralizatzeko asmoari eusten dio eta ez du marko propioa bermatzen. «Gure lan harremanak hemen negoziatu eta erabakitzeko eskubidea ez dago bermatua», argudiatu du Aranburuk. Zentralizazioarekin jarraituz, LABek bere helburu nagusietako bat lan erreforma honen neurririk atzerakoeinak Euskal Herrian aplikaezinak izateko borrokatzea dela zehaztu du.

Bigarren desadostasuna kaleratzeen aferarekin bat dator. Izan ere, Aranburuk aurreikusi du erreforma berriarekin kaleratzeek «libreak eta oso merkeak» izaten jarraituko dutela.

Azkenik, Aranburuk baieztatu du Yolanda Diazek aurrera eramandako akordioak ez duela inongo «kontraerreformarik» ekartzen eta bai prekarietateak bai langileen pobretzeak bere horretan jarraituko dutela: «Madrileko Elkarrizketa Sozialaren emaitza CEOEren [Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioa] garaipena izan da: lan erreformarik ez da indargabetu eta aurreko erreformen neurririk atzerakoienak bere horretan mantentzen dira».

LABek, bestalde, sindikalismoak erreforma honen aurka izan duen jarrera goraipatu du. «Guretzat garrantzitsua da desberdintasun guztien gainetik 15 sindikatu gai izan garela ohar bateratu bat ateratzeko erreformaren kontrako jarrera azalduz eta tartean bagaudela euskal herriko gehiengo sindikala», esan du Aranburuk. Oharra Estatuko nazio desberdinetako hainbat sindikatuk sinatu zuten.

LABek gaineratu lan erreformaren aurkako borroka edo «partida» ez dela «Madrilgo markoan bakarrik jokatzen», hau da, Euskal Herrian ere eman behar dela eta uste dutela oraindik badagoela aukera bat espainiar Kongresuan eragiteko.

LABek Hego Euskal Herriko bi parlamentuetan erregistratu dituen bi proposamenei dagokienez, bata arestian aipatutako Lan Kode propioa da eta bestea, aldiz, gizarte segurantzaren inguruko lege propio bat izango litzateke, pentsioekin lotutakoa. Sindikatu bat izanik, LABek ez du lege proiektu bat tramitatzeko eskumenik eta, horregatik, proposamenen bidez asmoa «debate politiko bat» piztea dela jakinarazi du Aranburuk.

Ziklo berri bat

Bestalde, Aranburuk adierazi du LABen konbentzituta daudela «ziklo berri» honetan greba orokorrak nahitaez deitu beharko dituztela. Hala ere, ez du data zehatzik iragarri. Era berean, joan den abenduan Madrilgo erabaki horretan «eragiteko» greba orokorraren aukera «pasatzen» utzi zutela gaitzetsi du eta, ildo beretik, gogorarazi du datorren urtarrilaren 27rako, osteguna, aldarrikapen eguna deitu duela sindikatu abertzaleak.

Bestalde, fase berri honetan Aranburuk azaldu du ELA eta LAB puntu bertsuan daudela eta lan erreformaren aferan «borondate partekatu bat» dagoenez bi sindikatuak «hartueman etengabean» daudela. «Guk harremana apurtu zenean ere baieztapen bat egin genuen esanez egoerak behartuko gintuela mobilizazioetan bat egitera bestelako elkarlan sendoagorik egon ez arren», esplikatu du idazkari nagusiak.