INFO

Ezkerraldean izandako azken eraso matxistak salatzeko manifestazioa deitu dute ostiralean

Argitan elkarte feministak manifestazioa deitu du ostiral honetarako, urtarrilak 14, Barakaldon, Ezkerraldean jasaten ari diren eraso matxisten bolada salatzeko. Urteko lehen bederatzi egunetan emakumeen aurkako hiru indarkeria kasu gertatu dira Barakaldon, eta beste bat Portugaleten

Eraso matxista baten aurkako mobilizazioa Barakaldon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Argitan elkarte feministak manifestazioa deitu du ostiral honetarako Ezkerraldean gertatzen ari diren eraso matxisten aurka protesta egiteko. Mobilizazioa arratsaldeko 19.30ean abiatuko da Barakaldoko Herriko Plazatik «Indarkeria matxistaren aurrean, erantzun kolektiboa, elkartasuna eta autodefentsa feminista!», lelopean.

Izan ere, 2022 urteko lehen 9 egunetan emakumeen aurkako hiru indarkeria kasu izan dira Barakaldon, azkena asteburu honetan. Udaltzaingoak 20 urteko gizon bat atxilotu zuen urtarrilaren 8an, larunbata, eztabaida batean emakume bati sexu-abusuak egiteagatik.

Gertakari berri honetaz gain, urtarrilaren 6an beste gizon bat atxilotu zuten bikotekide ohiari erasotzeagatik, eta urtarrilaren 2an 30 urteko gizon bat atxilotu zuten ostalaritza lokal batean sexu-abusuak egiteaga leporatuta.

Gainera, Portugaleten 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten urtarrilaren 7an, emakume bat bortxatzea egotzita.

«Zoritxarrez, ez da Barakaldon bakarrik gertatzen den zerbait, jasaten dugun indarkeria egiturazkoa da eta emakumeok bizi ditugun desberdintasunen eta diskriminazioen ondorio zuzena da, modu kolektibo eta irmoan erantzun behar dugu», adierazi dute Argitanetik.

Indarkeria matxistaren bolada horren aurrean, aukera bakarra «modu irmoagoan» erantzutea dela adierazi du: «Kaleak gureak dira eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko erabiliko ditugu».

Argitanek Ezkerraldeko pertsona eta elkarte guztiei manifestazioan parte hartzeko dei egin die. «Autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu, eta erakunde publikoei indarkeria matxistaren pandemiarekin amaitzeko politika integral, erreal eta eraginkorrak eskatzen dizkiegu, adierazi du Argitanek